Laurent Intxauspe Donibane Garaziko auzapeza EAJko kide egin da. Hala jakinarazi du Peio Etxeleku EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakariak X sarean zabaldutako mezu batean. Etxelekuk berak nabarmendu duenez, hemendik aitzina Euskal Herriko hiru hiriburutako auzapez izanen dira jeltzaleak, Bilbokoari eta Donostiakoari batuko baitzaie Donibane Garazikoa.
Alderdikide, alderdizale estimatuak… ba ote dakizue 3 hiriburu nagusi kudeatzen dituela EAJ-k? Bilbo, Donostia eta... Donibane Garazi 💪
— Peio Etxeleku (@PeioEtxeleku) May 22, 2024
Aupa Laurent Inchauspé.@juanmariaburto@EnekoGoia@inchauspelauren@eajpnv@eaj_pnbhttps://t.co/0WWgINhfC7
Zentro-eskuineko etiketa eraman du orain arte Intxauspek, eta Frantziako lehen ministro izaniko Edouard Philippen alderdiko kide izan da orain arte. 2017an Frantziako Asanblearako bozetan aurkeztu zen, Marc Oxibar Errepublikanoetako hautagaiaren ordezko gisa, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Biarnoko zati bat biltzen dituen laugarren hautesbarrutian. 2020ko hauteskundeetan hautatu zuten Donibane Garaziko auzapez, zerrenda zabal baten buru aurkeztu ondoren, eta Euskal Hirigune Elkargoko hautetsi ere bada. Joan den azarotik, Etxelekuk bultzatutako Elkarrekin Herriarentzat talde politikoan parte hartzen du.
EAJ pixkanaka garatzen ari da Ipar Euskal Herrian. Etxelekuren bultzadaz, bikoiztu egin dute kide kopurua azken urteetan: 120 afiliatu dituzte, eta hogei hautetsi inguru. Tokian-tokian biltzarrak sortzen ari dira azkenaldian.