Laura Perezen kanporatzea berretsi du Podemosek

Parlamentari akta entregatzeko eskatu dio Estatuko Berme Batzordeak. «Aldaketa Madrildik baldintzatzeko saio bat» dela salatu du Perezek

Laura Perez. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Behin-behinekoa zena behin betiko bihurtu du Podemosek: alderditik kanporatu dute Laura Perez, iazko maiatzera arte Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusia izandakoa. Perezek berak eman du albistearen berri: Podemoseko Estatuko Berme Batzordearen erantzuna jaso du, eta, alderditik kanporatzeko erabakia berresteaz gainera, «parlamentari akta entregatzeko» eskatu dio. Hedabideei igorritako oharrean, Perezek «tristeziarik sakonena» azaldu du: «Bihotza eta arima utzi ditugu proiektu honen alde, eta gaur bidegabe kaleratu eta laidoztatu gaituzte».

Bere burua defenditzeko eskubidea urratu diotela ere salatu du Perezek: «Prozesu osoan nire errugabetasuna frogatzera behartu naute, eta nire hasierako argudioak ez dira aintzat hartu». Bere hitza zalantzan jartzea egotzi dio Nafarroako Ahal Dugu-ko zuzendaritzari, eta egoeraren erantzule gisa seinalatu ditu hango kideak. Halaber, Nafarroako zuzendaritzak esandakoak «besterik gabe ontzat jotzea» kritikatu dio berme batzordeari.

Bere aurkako «jazarpen politikoa, laido publikoa eta tratu txarrak» salatu ditu, era berean. Kanporatzea etikaren izenean egin dutela esan arren, Perezen aburuz, kontrakoa gertatu da: «Praktika patriarkal eta hierarkiazko horiek auzitan jartzea ezinbestekoa da, eta urrats bat aurrera egiten dugun emakumeekin bereziki anker jokatu dute».

Kanporatzearen motiboei dagokienez, «Madrildik Nafarroako aldaketa baldintzatzeko asmo argia» antzeman du Perezek, eta bi faktore nagusi nabarmendu ditu, zuzendaritzaren eta parlamentariaren arteko arrakalan: «1978ko erregimeneko alderdiekin balizko aliantzak egitearen kontra nago, bai eta hasierako printzipioei bizkarra eman dien Podemos otzan baten kontra ere. Horrek ezinegona piztu du».

Dena den, Perezek azpimarratu du parlamentari izaten jarraituko duela, eta 2019tik aurrera «aldaketa sendotzeko» borondatea agertu du. «Siglen eta marka hutsalen gainetik, eduki programatikoa eta herriaren agindua errespetatzeko beharra defenditzen jarraituko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.