Nafarroako Ahal Dugu-ko berme batzordeak ez ditu aintzat hartu Laura Perezen alegazioak, eta alderditik kanporatu du. Hamalau orrialdeko ebazpenean, berme batzordeak ondorioztatu du parlamentari lana ez duela behar bezala bete eta alderdiaren irizpideetatik at bere kasa ibili dela. Berehala alderdia uztera dei egin diote. Erabaki horrekin badirudi gero eta urrunago dagoela alderdi barruan sortu den arrakala konpontzea. Parlamentuko taldeko eledun eta sektore kritikoko kide Carlos Causok aurreratu du ez dutela Perez legebiltzar taldetik kanporatuko. «Beste taldeetan independenteak ere badaude;ondorioz, ez legoke arazorik».
Arratsaldean, Dani Lopez Antolamendu idazkariak, zuzendaritzako beste hiru kiderekin batera (Ricardo Feliu, Eva Calleja eta Patricia Ruiz) argi utzi zuen Laura Perez jada erakundetik kanpo dagoela, eta ez dezakeela haren izenean hitz egin. «Ahal Dugu-koa dela esaten badu, gezurretan ari da». Perezen egoera atzeraezina bada ere, Carlos Couso, Ruben Velasco eta Fanny Carrilloren egoera bideratu daitekeela uste du Dani Lopezek. Dena den, euren buruaren gain utzi nahi izan du horren ardura. «Haiek erabaki beharko dute Ahal Dugu diren edo ez, baina, Ahal Dugu badira, orduan alderdiaren arau demokratikoak eta zilegizko organoak onartu beharko dituzte». Alderdiari borondate ona adierazi eta parlamentari akta uzteko eskatu die hirurei.
Gertaeren azalpena
Azalpenak eman aurretik, Lopezek barkamena eskatu zien boto emaileei zein militanteei azken asteetako «egoera desatseginak» alderdiarekiko konfiantza pitza dezakeelako. Dena den, Lopezek nabarmendu nahi izan zuen Nafarroako Ahal Dugu-ko zuzendaritzak irregulartasun batzuk atzeman zituela. «Egoera aztertu eta ikertu ostean, jabetu ginen alderdiaren kode etikoa larriki urratzen zela, eta hori salatzeko betebeharra genuen». Haren ustez, ezin zioten erantzukizun horri ihes egin. Haren esanetan, desadostasunek ez dute motibatu salaketa, akusazioa larria baitzen. «Ez da egoera atsegina, inork ez zuen halakorik egin nahi, baina egin behar genuen», aipatu du.
Berme batzordeari egokitu zaio espedientearen inguruan erabakitzea, eta, hainbat astetako ikerketaren ostean, azkenik ondorioztatu du Laura Perezek urratu egin dituela Ahal Dugu-ren kode etikoa, estatutuak, araudi orokorra eta legebiltzarreko araudia.
«Gure kode etikoak gainerako alderdietatik bereizten gaitu, hori da garrantzitsuena», azpimarratu du. Berriki jakin da Iñigo Alli UPNko diputatua hainbat saiotan Espainiako Kongresura ez dela agertu eta, hala ere, diru saria jaso duela. Javier Esparzak errieta egin dio jendaurrean, baina ez du beste ondorio politikorik izan. Lopezek gertaera horri egin nahi izan dio aipamena. «Arauak ez onartzea nahiko larria da. Diskurtso argi batekin heldu ginen iritzi publikoarengana, eta gure kode etikoa beste ezeren aurretik jarri genuen. Gu garena gara, eta koherenteak izan behar dugu. Bestela, kritikatu ditugun alderdi horiek bezalakoak izango gara. Oso fin ibili behar dugu. Hori hala ez dela uste duenak oraindik ez daki zer den Ahal Dugu».
Akusazioak larritzat jo arren, Lopezek ez du xehetasunetan sartu nahi izan, eta espedientea zein ebazpena «konfidentzialak» direla arrazoitu du. Dena den, Diario de Noticias egunkariak atzo espedientearen berri eman zuen. Han jasotzen denez, parlamentura ez joatea eta, batez ere, alderdiaren irizpideen kontra bere kasa aritzea leporatzen zaio. Hezkuntzako gai batean pertsonalki eragin ziezaiokeen auzi batean inhibitu egin behar zela gaineratzen du. Bere alegazioetan, Perezek akusazio horiek guztiak irmo ukatzen ditu.
Espedienteak luze jo du, eta, bitartean, Ruben Velasco, Carlos Couso eta Fanny Carrillo Perezen alde azaldu dira. «Espedientearen nondik norakoak beste kontu batzuekin estali dituzte. Alderditik kanpo kokatu dute euren burua eta parlamentu taldeko eledun kargua aldatu dute, alderdiaren bide ofiziala eta mandatuak kontuan hartu gabe», aipatu du Dani Lopezek. Hala ere, oraingoz ez diete espedienterik irekiko. Lopezen ustez, egoeraren interpretazio oker baten emaitza izan daiteke gertatutakoa: «Atzera egiteko aukera dute».
Halere, alderdiak ezin ditzake behartu ez Perez eta ez beste hiru parlamentariak euren aktak itzultzera. Era berean, Lopezek dio Nafarroako Gobernuari sostengua emango diola aurrerantzean ere: «Akordio programatikoa Ahal Dugu-k sinatu zuen, ez zuten parlamentariek sinatu. Ahal Dugu da aldaketaren bermea, eta akordioa errespetatuko du».
Oraingoz, ezer ez
Herenegun bezala, zuhur agertu da Carlos Couso. Komunikabideei aurreratu die ebazpenak ez duela harritu. «Aurreratu genuen zer gertatzera zihoan, aldez aurretik jada Perez zigortzen zuen espediente bat baitzegoen». Cousok azpimarratu du batzar batera deituko dutela eta han erabakiko dutela zer egin. Podemosen barrukoa Espainian gertatzen ari denarekin alderatu du Nafarroako egoera: «Ematen du Podemos hiltzen ari dela».
Laura Perez kanporatu dute
Ahal Dugu-ko berme batzordearen arabera, alderdiaren kode etikoa, estatutuak eta barne araudiak «larriki» urratu ditu parlamentariak. Carlos Cousok erantzun du ez dutela taldetik botatzeko asmorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu