Laugarren urtez, oposiziorik ez dute egingo Nafarroako hezkuntzan

Erredakzioa
Iruñea
2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Hasi berri den ikasturtean ere ez dute oposiziorik egingo Nafarroako hezkuntza publikoan. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak jakinarazi du «ezinezkoa» izango dela deialdia egitea. Atea zabalik utzi du, nolanahi ere: «Hurbil egon daiteke oposizioen ostertza». Hortaz, prestatzen jarraitzeko eskatu die irakasleei, nahiz eta joan deneko lau urtean gobernuak ez duen batere deialdirik egin. «Prestatuta egon behar dute. Irakasleekin nagoen bakoitzean, hori aholkatzen diet».

Behin-behinekotasuna areagotuko du aurten ere oposiziorik ez egiteak. EILAS sindikatuak egin du salaketa. Ohartarazi du hezkuntza proiektu batzuk «arriskuan» jartzen dituela eskoletako behin-behinekotasunak. Gogorarazi du, gainera, finko ez dauden irakasleen baldintzak gero eta okerragoak direla: uztailean eta abuztuan kontratuak mozten dizkiete, ordukako lanaldiak gehiago dira... Egonkortasuna handitzeko premia nabarmena dela uste du EILASek.

Iribasek elkarrizketa eman dio Diario de Navarra egunkariari, eta ingeles programak ere hizpide hartu ditu. Kontseilariaren ustez, «geldiezina» da PAI Ingelesez Ikasteko Programaren zabalkundea. Euskararen aurka ingelesa jartzen aritzea leporatu diote hainbat taldek Nafarroako Gobernuari, baina Iribasek ukatu egin du hori: «Ez dut ulertzen ingelesak euskarari kaltea ekarriko dion izu hori». Dimisioak izan ditu PAI programan Iribasek; arduradun zenbaitek utzi egin dute departamentuko kargua. Arazorik ez da izan, kontseilariaren arabera: «Erreleboa soilik izan da».

Kaleratze «ideologikoak»

EILASek, bestalde, salatu du Kristau Eskolako ikastetxeetan kaleratzeak egiten ari direla. Ekonomikoak ez, «arrazoi ideologikoak» daude kaleratze horien oinarrian, sindikatuaren arabera. Kritika egin dio Kristau Eskolari: «Soldata atzerapenak ordaintzeko dirurik ez dutela diote, eta dirua horrelako kaleratzeen kalte-ordainetan gastatzen ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.