«Zaharrei eta ezinduei laguntzea politika publikoen erronka bilakatu da, milaka familiari sortzen dizkien gastuak eta buruhausteak direla eta». Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Arazoetarako ministro Jesus Calderaren gogoeta da hori. PSOEko gobernuak atzo onartutako menpekotasun lege-egitasmoaren filosofiaren funtsa da.
Gizartearen zahartzeak eta emakumeak lan merkatura jo izanak «kinka larrian» utzi dute orain arteko eskema, non, hain justu ere, emakumea arduratu ohi den umeak, eriak zein zaharrak zaintzeko lanaz. Datuak argiak dira: 65 urtez gorakoak biztanle guztien %12 baino ez ziren 1991. urtean, baina 2010erako aurreikuspena da Hego Euskal Herriko bost herritarretako bat 65 urtez gorakoa izango dela; erakundeen kalkulua da 2008an 350.000 pertsona inguruk laguntza premia izango dutela lau herrialdeetan.Horiek hala, botere publikoek «osotasunezko ekimena» abian jarri beharra dutela uste du Espainiako Gobernuak, «ongizate estatua sendotuz». Xede nagusia da laguntza beharrean dauden guztiei zerbitzua ematen zaiela bermatzea, «eskubide unibertsal» bihurtuz, heztekoa edo osasunekoa izango balitz bezala.
Calderaren aburuz, gobernu sozialistak legealdi osoan onetsiko duen «legerik garrantzitsuena» da hau. Ministroaren eta ekimena aldarrikatu ohi dutenen hitzetan, «laugarren hanka» izan beharko luke ongizatearen estatuan, osasun eta hezkuntza publikoekin eta pentsioen sistemarekin batera.Ekimena oso une berezian heldu da. Alde batetik, gizarte zerbitzuak murrizteko joera orokorra delako nazioartean. Baina, era berean, PSOEren gizarte politiketan oinarritutako kontraerasoaren erakusgarririk indartsuenetako bat da PPk egiten dion presioaren testuinguruan.
Autonomia erkidegoekin mintzatu gabe
Helburua txalotu ez duenik ez da. Baina nola finantzatuko da Espainiako Barne Produktu Gordinaren %1 inguruko kostua duen zerbait (8.500 milioi euro urteko)? Espainiako Gobernuak proposatu duen ereduari jarraiki, laguntza behar duenak zati bat pagatuko luke dituen errenten arabera Ðerrenta handientzako laguntzarik ez legokeÐ. Inor gutxik kritikatu du hori orain arte.
Dena den, sistemaren koska da autonomia erkidegoek kostuaren erdia ordainduko luketela. Beraiek dira, praktikan, gizarte politiken erantzuleak eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, diputazioak dira kudeatzaileak. Arazoa da, ordea, Calderak sindikatuekin eta patronalarekin besterik ez duela egitasmoa negoziatu aldez aurretiko fasean.«Legeak administrazio zein talde politiko guztien babesa izatea nahi dugu», azpimarratu zuen ministroak, aipatu eragileekin akordioa sinatu ondoren. «Erkidegoekin hitzartzea nahiko nuke, baina ez da ezinbestekoa», zehaztu zuen atzo Ministroen Batzordearen ondorengo prentsaurrekoan.
Prozedura horrek kritikak eragin ditu. Madrilgo sailburu Beatriz Elorriaga (PP) harrituta agertu da Calderak «erabateko adostasuna» eskatu duela ikusirik; izan ere, haren arabera «erkidegoei proposamena erakutsi ere ez diete egin».Erkidegoak «gutxiestea» egotzi diote ministro sozialistari PPko agintariek.
PPk ohartarazi du ez duela onartuko legea gobernu sozialistarentzako ondorio praktikorik gabeko irudi kanpaina hutsa izatea, eta, gainera, sistema epe erdira nahiz luzera sostengatzea ezinbesteko baldintza dela. Antzeko zerbait esan zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek hilaren 12an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arreta Sozio-sanitarioko Plan Estrategikoa aurkeztu zuenean. «Ausartak izan beharko dugu zerbitzuen helburuei dagokienez, baina oso zuhurrak, berriz, hartzen diren konpromiso ekonomikoen inguruan». Ibarretxeren irudiko, «soilik etorkizunean eusteko moduan direnak» hobetsi beharko lirateke.Ibarretxek egindako oharraz gain, Eusko Jaurlaritzak oraingoz ez du ezer adierazi nahi izanEspainiako Gobernuaren lege proiektuaz. «Oraindik ere goiz da iritzia emateko», erantzun diote Berriari Osasun Saileko informazio iturriek, argibiderik eza arrazoituta.Hego Euskal Herriko Administrazioak, dena den, laguntzaren premia dutenen aldeko sarearekin lanean dira. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu Joseba Azkarragak, adibidez, zaintzailea kontratatzen dutenentzako laguntzak iragarri zituen azaroan Eusko Legebiltzarrean, datorren urterako aurrekontua aurkeztean. Lakuak bere gain hartuko luke beharginen Gizarte Segurantza. Azkarragaren ustez, bikoa izango litzateke ondorioa, zaintza behar duenari laguntzeaz gain, lan horietan dihardutenen egoera (emakume atzerritarrak batez ere) egonkortzeko balioko duelako.Bestetik, oro har, Plan Sozio-sanitarioa tresna garrantzitsua izango da. Osasun sailburu Gabriel Inclanek plangintza gizarteratu zuen ekitaldian esan zuen «menpekotasunaren asegurua» indarrean ezartzeko aukera aztergai daukatela. Arreta sozio-sanitarioa finantzatzeko bidea izango litzatekeela esan zuen, baina ez zuen sakondu nahi izan, datozen urteetako eztabaidak nondik norakoak zehaztuko dituelakoan.Eusko Jaurlaritzak badaki datozen urteetan sendotu beharreko politikak direla hauek. Aurtengo maiatzean Arartekoaren errieta entzun behar izan zuen, zaharrentzako zerbitzuen eskaintzaz egindako txostenean. «Ematen ari den laguntza hobetzeko modukoa da», esan zuen Iñigo Lamarcak. 2001. urtean EAE Plan Gerontologikoak ezarritako helburuetatik «oso urrun»zela salatu zuen: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zaharren %7,7k besterik ez zuten zerbitzuren bat jasotzen, hots, Frantziako tasaren erdia, eta lau aldiz gutxiago Danimarkako indizearekin alderatuta. Zeresanik ez, diru-zorroan da konponbidea. «Gastu publikoa handitu beharra» dagoela ondorioztatu zuen Lamarcak. «Diru baliabide gehiago beharko dira», aitortu zuen Ibarretxek Plan Sozio-sanitarioaren berri ematean.Nafarroan, berriz, Gizarte Ongizaterako Foru Institutuko buru Jose Luis Allik Administrazio zentralaren erregulazioa «beharrezkotzat» hartu zuen aurtengo hasieran, laguntzaren premia dutenen egoera «lehen mailako arazo» bihurtu dela argudiatuta. Orduan eskatu zituen ezaugarriak Calderak atzo aurkeztutakoak dira, oro har.
ELA sindikatuaren kritika
Bestalde, ELAko kide Alazne Alonsok zorrotz kritikatu du lege proiektua. Eskubide unibertsala abian jarriko dela «gezurra» dela uste du: «Gobernu espainolak ez du inongo eskubiderik zehaztu». Sindikatuaren ustez, argi geratu den bakarra da herritarrak zerbait pagatu beharko duela, eta, horrek, beraz, eskubidearen unibertsaltasuna auzitan jarriko luke. Gainera, autonomia erkidegoen eskumenak urratuko dituela gaineratu du.
Menpekotasun lege-egitasmoa
FINANTZAKETA
Erakundeak: Administrazio zentralak %50 pagatuko du eta beste horrenbeste erkidegoek.
Herritarrak: Bakoitzak dituen errenten arabera ordainduko du.
MENPEKOTASUNAK
Arina: Pertsonak laguntza premia du gutxienez egunean behin eguneroko oinarrizko gauza batzuk egiteko.
Larria: Laguntza premia dauka egunean bi edo hiru aldiz, baina ez du behar modu jarraitu batean.
Handia: Laguntza premia dauka egunean zenbait aldiz, eta laguntzailea behar izaten du denbora gehienean.
ZERBITZUAK
Autonomia sustatzeko: Teleasistentzia, laguntza teknikoak edo etxean egotera egokitzekoak.
Zaintzeko: Etxeko laguntza zerbitzua, eguneko nahiz gaueko zentroak edo egoitzak.
SAREAK
Publikoa: Sare publikoak edo itunpekoak lehentasuna izango dute zerbitzuak ematerakoan.
Pribatua: Publikoan ematerik ez balego, administrazioek diru laguntza emango dute zerbitzu pribatuetara jotzeko.
Familian: Laguntza familiarengandik jaso ahal izango da; diru laguntza jasoko da menpekotasun maila eta pertsona bakoitzaren errentaren arabera.
APLIKAZIOA
Gutxinaka: 2007an indarrean ezartzen hasiko da kasurik larrienekin, baina 2015. urtera arte ez da erabat aplikatuko, denbora emateko sortu beharreko azpiegitura berriei.
Caldera: «Ekimen pribatua garatuko da gehien»
Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Arazoetarako ministro Jesus Calderak aitortu du zein den gobernu sozialistaren irudipena: «Ekimen pribatua garatuko da gehien». Izan ere, eskaintzaren abiapuntua da, adibidez, sare publikoko egoitzen sarea nahiko urria dela (EAEko Arartekoaren datuei jarraiki, egoitza pribatuen igoera %216koa izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1991etik 2001era bitartean). Hala, ELA sindikatuak erreparatutako kontuetako bat da bidea irekitzen zaiola ekimen pribatuari. «Lege proiektuak zerbitzu pribatuak garatzearen aldeko apustua egin du», ohartarazi du ELAko arduradun Alazne Alonsok.