Euskararen kontrako «oldarraldi judizialak» soka luzea du, sententzia ugari daude tartean, askotarikoak, eta deigarrienetako bat iaz plazaratu zen, hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik lanpostua galdu zuen funtzionario baten kasuari lotuta. Gasteizko auzitegi batek ebatzi zuen langile hori 45 urtetik gorakoa zenez ezin zitzaiola eskatu euskara mailaren ziurtagiririk. Horrez gain, erantsi zuen euskara «munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena» dela. Kritika ozenak eragin zituen epaiak, epaileak erabilitako argudioek ere bai, eta, hala, Laudioko Udalak jakinarazi zuen helegitea jarriko zuela ebazpenaren kontra. Hain zuzen, heldu da horren gaineko sententzia ere: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du helegitea, eta argudiatu 45 urtetik gorako langile guztiak daudela salbuetsita euskara maila egiaztatzetik.
Auzibidea abiatu zuen funtzionario hori ez zen titularra, bitartekoa baizik. 2014tik ari zen lanean, hirugarren hizkuntza eskakizuna ezarria zuen lanpostu batean. 2020ra bitartean, ordea, lehen hizkuntza eskakizuna besterik ez zuen egiaztatu. Langilearen alde egin zuen lehen epaiaren arabera, legez hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko betebeharrik ez dute 45 urtetik gorako funtzionario titularrek, eta irizpide hori bera balekoa da bitartekoentzat ere; EB Europako Batasuneko zuzentarau batean oinarrituta, epaileak argudiatu zuen bazirela horren aldeko argudio juridikoak.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusia bat dator orain. «Baldintza bakarra bete behar da: 45 urtetik gorakoa izatea. Edadeaz bestelako baldintzarik ez da jarri behar. Aski da 45 urtetik gora izatea». Legean «propio» jartzen badu ere funtzionario «titularrak» izango direla euskara maila egiaztatzeko betebeharra konplitu gabe geratu ahal izango direnak, interpretazio hori murritzegia da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera. Horregatik argudiatu du hori ez dela nahikoa motibo bitarteko langileak «salbuespenetik» kanpo uzteko. Arrazoitu du legeak funtzionario titularren «eskubide berberak» aitortzen dizkiela, eta haiek egiten dituzten eskabideei ezin zaizkiela eman titularrei emango litzaizkiekeen erantzunez bestelakoak.
Haserrea
Euskararen normalizazioa sustatu nahi duten neurrien kontrako ebazpenek, oro har, sumin handia piztu dute euskalgintzan. Laudioko Udalaren kontrako epaiak asaldura berezia sortu zuen, argudioen taxuarengatik. Epaileak euskararen egituraren «konplexutasuna» hartu zuen arrazoibidetzat azaltzeko langileak zergatik ez zuen ikasi euskara, eta euskararen ezaugarri zenbait nabarmendu zituen hizkuntza «zaila» dela esplikatzeko: «Hitzen esanahia aldatzen da ehunka atzizki, aurrizki eta artizki gehitzen direnean».
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratze bat egin zuten epaiaren berri izatean, desadostasuna azaltzeko: «Euskaldunok administrazioarekin aritzeko eskubidea ez dugu bermatua, eta hori lortu behar dugu. Administrazioa euskaldundu behar dugu», adierazi zuten. «Ez dugu arrotz izan nahi gure herrian. Ez diogu uko egin nahi gure izateari. Ez ditugu gure eskubideak hutsean laga nahi».
Epaien kontrako protesta gehiago ere egin dira, batean eta bestean. Eta oldarraldi judizialaren kontrako mezu guztiek bat egin zuten azaroaren 4an, Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazio jendetsua egin baitzuen, Oldarraldiaren aurrean. Euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Aurreikuspen guztiak gainditu zituen: 70.000 pertsona batu ziren. Kontseiluak «akordio soziopolitiko berri bat» eskatu zuen euskararentzat.
Manifestazioaren ostean, euskararen garapenaren aurkako epaiak ebazten direnerako protokolo bat aurkeztu zuen Kontseiluak. Hizkuntza eskubideen aurkako erasoen harira «antolatzeko eta saretzeko» asmoz sortu zuten tresna hori.