Iaz plazaratu zen sententzia batean, Gasteizko auzitegi batek ebatzi zuen Laudioko Udaleko funtzionario bati, 45 urtetik gorakoa zenez, ezin zitzaiola eskatu euskara mailaren ziurtagiririk. Horrez gain, erantsi zuen euskara «munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena» dela. Kritika ozenak eragin zituen epaiak, epaileak erabilitako argudioek ere bai, eta, hala, Laudioko Udalak jakinarazi zuen helegitea jarriko zuela ebazpenaren kontra. Lehengo astean jakin zen, ordea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota duela helegite hori. Horiek horrela, bihar Laudion, Herriko Plazan, protesta bat egingo dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak antolatuta. 18:00etan izango da.
Lehen epaiaren berri izan zutenean ere egin zuten protesta jendetsu bat Laudion, eta berritu egin nahi dute aldarria. Azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazio handi bat egin zuen Bilbon; Oldarraldiaren aurrean. Euskararekin bat, euskaraz bat leloa ozendu zuen han, Laudioko epaia eta tankerako beste hainat arbuiatzeko. Aurreikuspen guztiak gainditu zituen: 70.000 pertsona batu ziren. Manifestazioaren balorazioan, halaber, tankerako ebazpenei erantzuteko protokolo bat aurkeztu zuen. Euskararen aurkako epaiak izaten direnerako propio pentsatuta dago. Tokiko euskalgintzari ere tokia eginez, bakoitzak bere neurrian erantzun ahal izatea da helburua, ahalik eta irizpide bateratuenekin.