Laudion, dena prest

Laudio ikastolak 40. urtemuga ospatuko du gaur, Araba Euskaraz-en 31. ekitaldian

Azken egunetan dena atondu dute gaurko egunerako. JON HERNAEZ / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Laudion dena daukate prest gaur Araba Euskaraz eguna ospatzera Aiara eskualdeko herrira joango direnei harrera egiteko. Goizeko hamarretan zabalduko dute lau kilometro inguruko ibilbidea, eta egun osoan ekitaldiz josita egongo da Arabako ikastolen aldeko jai handia.

Ospakizun berezia izango da aurtengoa. Batetik, laugarren urtez antolatuko duelako Laudio ikastolak Araba Euskaraz—1983an, 1993an eta 2000an ere herri horretan egin zen—. Eta, bestetik, ikastolak 40 urte beteko dituelako datorren ikasturtean. Hain zuzen ere, antolatzaileek testuinguru horretan kokatu dute aurtengo Araba Euskaraz, eta duela lau hamarkada, 1971n, ikastolaren proiektua abian jarri zutenak omendu nahi izan dituzte aurtengo festan. Baina baita ikastola sortu aurretik lan handia egin zutenak ere. Errazti familia, esaterako. Errazti familiak 60ko hamarkadan sortu zuen lehenengo ikastola Galmaka auzoan. Ez zuten esan euskaraz ematen zituztela eskolak, eta legearen barruan aritu ziren, euskara hizkuntza nagusia izan arren. Gaurko hasiera ekitaldian Errazti sendia omenduko dute, baita Iñaki Mendiguren ikastolako zuzendaria izan zena ere. Mendiguren iaz hil zen.

Araba Euskaraz-ek Bagare leloa izango du aurten, ikastolak 40 urte hauetan egin duen bidearen erakusle delakoan. Eta Gontzal Mendibilen kantu ezaguna berreskuratu dute festako kantu ofizial gisa. Gainera, kantu ezagunaren hamahiru bertsio grabatu dituzte beste horrenbeste talde eta bakarlarik, baita Mendibilek berak ere.

Festa lau gunetan banatua egongo da: erdigunea, parkea, Ugarte eta Ellakuri. Eta horietan ekitaldi ugari izango dira: bertsolariak, musika (Txapelpunk, The Sparteens, Izargi, Nahixan...), umeentzako ikuskizunak...

Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dute. Gasteiztik doazenentzat autobus zerbitzu bereziak jarriko ditu La Unionek, eta Renfek ere tren bereziak jarriko ditu Bilbotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.