Laudioko bizilagun bat hil da mediku faltagatik arta berandu jaso ondoren

Udalerriko alkateak salatu du egoera «onartezina» dela. Urtarrilean, beste herritar bat hil zen Laudioko etengabeko arreta gunera bihotzekoak jota joan, eta medikurik ez zegoelako anbulantzia baten zain egon ostean.

SOS Aiaraldeak deituta, Osakidetzaren larrialdi zerbitzuetako mediku falta salatzeko elkarretaratzea, gaur, Laudion.
SOS Aiaraldeak deituta, Osakidetzaren larrialdi zerbitzuetako mediku falta salatzeko elkarretaratzea, gaur, Laudion. MARISO RAMIREZ / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko abuztuaren 24a
17:50
Entzun

Laudioko Udalak ohar batean salatu duenez, herriko bizilagun bat hil da «ZIU [zainketa intentsiboetako unitate] mugikorreko mediku faltaren ondorioz». Ainize Gastaka alkateak salatu du egoera «onartezina» dela, eta elkartasuna adierazi die hildakoaren senideei. «Beste behin, pertsonen bizitza arriskuan jartzen duten politiken ondorioei egin behar diegu aurre Laudion».

Hainbat iturrik azaldu dutenez, Laudioko herritarrari bihotzekoak eman zion ostegunetik ostiralerako goizaldean, etxean zela, baina ezin izan zuten artatu ZIU unitate ibiltari batekin, eskualdekoak ez zuelako medikurik. Hori dela eta, beste unitate bat bidali zuten Bilbotik Laudiora, eta horrek arta ematea atzeratu zuen. Azkenean, gauean zendu zen. Ostegunetik ostiralerako gau berean, beste herritar batek larrialdi zerbitzuak behar izan zituen Laudion. Herriko etengabeko arreta gunera (EAG) joan zen bihotzeko batek jota, eta hura ere Bilbotik bidalitako ZIU unitate ibiltari batek artatu behar izan zuen, Laudiokoak ez zeukalako medikurik.

Ez da lehen aldia Laudion antzeko zerbait gertatu dena. Urtarrilean, beste herritar bat hil zen, bihotzekoak jota herriko EAGra joan, hura artatzeko medikurik ez eta larrialdietarako anbulantzia bat bertara bidali eta gero. SOS Aiaraldeak deituta elkarretaratze bat egin dute Laudion, larrialdi zerbitzuetako mediku falta salatzeko.

Osakidetzako larrialdi zerbitzuetako sindikatuek azken hilabeteetan hainbatetan salatu dute zerbitzuak ez dituela behar dituen baliabideak, eta udan are okerragoa dela egoera, medikuen txanda asko gelditu baitira bete gabe. ESK sindikatuak salatu du abuztuaren 14tik 19ra langilerik gabe egon zirela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutako larrialdi zerbitzuak eta zenbait anbulantzia. ESK sindikatuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ardura dela, eta konponbidea eskatu dio Alberto Martinez sailburuari. Sindikatuak erran du egoera «egiturazkoa» dela, ez dela aurtengo udako kontua.

Aurretik, Osakidetzako larrialdi zerbitzuetako langileen batzordeak salatu zuen uztailean 88 postu bete gabe geratu zirela; zehazki, larrialdietarako koordinazio zentroetako eta anbulantzia medikalizatuetako postuetan. Ohartarazi zuten larrialdi zerbitzuetan «ohiko» bilakatu dela mediku falta, «kudeaketa taldearen antolamendu falta» eta «lan baldintza duinen gabezia» direla medio. Era berean, salatu zuten beharginak falta izateak «estres handia» eragiten diela lanean ari direnei, eta txandak luzatu egin behar izaten direla, «horrek dakarren arriskuarekin». Sindikatuek azaldu zutenez, mediku faltaren ondorioz, «medikurik gabe artatzen dute gaixoa, nahiz eta medikua duen talde batek artatu beharko lukeen; edo, bestela, gehiago itxaron behar izaten du, arta atzeratzeak askotan gaixoaren egoeran eragina duela jakinik ere».

EAGetako profesionalek ere baliabide falta salatu izan dute aurretik. Esaterako, Gipuzkoako Erizaintza Elkargoak Jalgi aldizkarian iaz azaldu zuen, askotan, ospitaleetara eta anbulatorioetara bidali behar izaten dituztela pazienteak, mediku faltagatik, nahiz eta EAGen helburua kontrakoa den: ospitaleei eta larrialdi zerbitzuei lan karga arintzea.

Eusko Jaurlaritzaren erantzuna

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Efe albiste agentziari adierazi dionez, Laudiotik ospitalera eraman eta atzo hil zen herritarrak bihotzeko kalte «oso larria» zuen, eta Osakidetzak eskura zituen baliabide guztiak erabili zituen «une bakoitzean eskura zuen informazioarekin».

Sailaren esanetan, gaixoa suspertzea lortu zuten osasun zerbitzuek, bere etxean zela, eta aldi berean anbulantzia bati deitu zioten. Bilbotik «hamabost minututan» iritsi zen. «Pazienteak ezarrita dagoen tratamendu espezializatua jaso zuen, bihotzeko kateterismoa barne, baina zoritxarrez bihotzeko kaltea oso larria zen eta heriotza eragin zion».

Osasun sailak gaineratu du helburutzat duela beti larrialdi zerbitzuetan erantzunak azkartzea eta artaren kalitatea hobetzea.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.