2016ko azaroaren 14a. Lau urte igaro dira Altsasuren (Nafarroa) etorkizuna hankaz gora jarri zen egun horretatik. Guardia Zibilak Altsasuko auziko zortzi gazteetako zazpi atxilotu zituen egun horretan, hilabete lehenago Koxka tabernan izandako istiluen harira, terrorismo delitua egotzita. Lau urteren ondoren, gazteetako sei hirugarren graduan daude, Altsasun; beste biek, bigarren graduan jarraitzen dute, Zaballako espetxean (Araba). Iragarri dutenez, laster Giza Eskubideen Europako Auzitegian aurkeztuko dute epaiaren aurkako helegitea. Gaur, lau urte hauetan pairatu duten «injustizia» salatzeko eta gogora ekartzeko ekitaldia egin dute. Eskultura mugikor bat jarri dute Foruen plazan, eta herriz herri mugituz joango dira.
2016ko azaroaren 14ko goizean, Guardia Zibilak Oihan Arnanz, Jokin Unamuno, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Ainara Urkijo atxilotu zituen; Adur Ramirez de Alda egun batzuk beranduago atxilotu zuten, bere burua Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu ondoren. «Gehiegizko polizia operazio bat izan zen, iraganeko operazioen oinarria zuena, Altsasu kriminalizatzeko asmoa zuena, eta, batez ere, gazteria kriminalizatzekoa. Zoritxarrez, zentzugabekeria luze baten hasiera baino ez zen izan», adierazi du Antxon Ramirez de Aldak, Adur Ramirez de Aldaren aitak, ekitaldian.
Atxiloketen eta espetxeratzeen ondoren, Ramirez de Aldak, Unamunok eta Arnanzek hiru urte eta erdi igaro zituzten espetxean. Aurtengo uztailean hirugarren gradua eskuratu zuten, baina 2024ko maiatzera arte ez zaie amaituko zigorra. Urrizola eta Abad lehenagotik, iazko abendutik dira hirugarren graduan; Urrizolaren zigorra 2022ko uztailean amaituko da, eta Abadena, berriz, 2021eko urrian.
Cobi eta Goikoetxeari, berriz, hirugarren gradua ukatu berri diete, Ramirez de Aldak jakinarazi duenez: «Zaballako espetxe batzordeak gradu aldaketa eskatu du haientzat, hezitzaileek, psikologoek eta gizarte langileek egindako balorazio baikorretan oinarrituta, baina Madriletik ezezkoa eman dute». Haien senideek erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu dute.
Itxaropentsu
Altsasuko gazteek eta haien gurasoek Espainiako justizia sisteman egin zitzaketen urrats guztiak agortu dituzte dagoeneko. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2018an ezarri zituen lehen zigorrak, eta 2019an, Auzitegi Gorenak zigorrak murriztu egin zituen. Defentsak, bi auzitegi horietan helegiteak jarri ondoren, Auzitegi Konstituzionalean ezarri zuen, baina hark ere atzera bota zuen. Ondorioz, aukerak agortuta, Estrasburgora joko dute: Giza Eskubideen Europako Auzitegian aurkeztuko dute helegitea, «aurki».
Erabakia hartzea «zaila» izan dela aitortu dute, «itxaropena» izan arren, prozesua «konplexua» izango dela uste baitute. «Baikorrak gara, baina badakigu bidea ez dela erraza izango. Guk, hala ere, orain artekoa eskatuko dugu: bermeak dituen justizia eta giza eskubideekiko errespetua».