Lau urteko kartzela zigorra berretsi diote gizon bati, «konorterik gabe» zegoen ikaskide bat bortxatzeagatik

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak emandako epaia berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Epaiaren arabera, gizona ohartu zen neska gazteak ez zuela erabakiak hartzeko gaitasunik, eta «egoeraz aprobetxatu zen».

Bortxaketa kasu bat salatzeko agerraldia Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bortxaketa kasu bat salatzeko agerraldia Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
nerea intxausti
2025eko otsailaren 18a
17:25
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak lau urteko kartzela zigorra berretsi dio 30 urteko gizon bati, «konorterik gabe» zegoen ikaskide bat bortxatzeagatik. Bilboko etxe batean gertatu zen erasoa. Epaiaren arabera, «gizonak aprobetxatu zuen neska gazteak ez zekiela zer gertatzen zen bere inguruan». 

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak emandako epaia berretsi du Auzitegi Nagusiak: sexu-abusu delituagatik zigortu dute. Lau urteko kartzela zigorra bete ondoren, zigortuak ezingo du adingabeekin zerikusia duen lanik egin bederatzi urtez, eta zaintzapean aske izango da bost urtez. 8.000 euro ere eman beharko dizkio biktimari, eragindako kalte moralengatik. EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak iritzi dio emakumearen kontaketa «argia eta koherentea» dela, eta «antzekoa izan dela beti»; gizonarenak, berriz, «ez du berrespen argirik, ez trinkotasunik». 

«Egoeraz aprobetxatu zen»

Biktimak eta erasotzaileak EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ikasten zuten elkarrekin, eta festara atera asmo zuten 2021eko urriaren 23an. Diskoteka batean zeudela, biktima «zorabiatuta» sentitu zen, eta erasotzaileak bere burua eskaini zuen etxera laguntzeko. Hasieran, biktimak ziurtatu zuen gizonak substantziaren bat bota ziola edarian, baina ezin izan da halakorik frogatu; dena dela, epaileak ziurtatu zuen alkoholaren eraginak ez ziola emakumeari bere kabuz erabakirik hartzen uzten. Etxera heldu eta berehala, emakumea ohe gainean lo geratu zen, berokia eta arropa jantzita. 

Jarraian, gizonak bi aldiz bortxatu zuen emakumea. Erasotzaileak epaiketan esan zuen biek nahi izan zituztela sexu harremana eduki; aldiz, emakumeak ez zuen ezer oroitzen, eta, beraz, «ez zegoen baimenik emateko moduan». Epaian zehazten denez, gizona ohartu zen neska gazteak ez zuela erabakiak hartzeko gaitasunik, eta «egoeraz aprobetxatu zen». Lekukoek ukatu egin zuten gau hartan batera egon zirela, eta, etxera eraman zituen taxi gidariaren arabera, ez zuten bidaia osoan hitz egin, emakumea «logurak jota, mozkor edo beste substantziaren baten eraginpean» zegoelako. 

Biktimak, hurrengo goizean, mina sentitu zuen sabelaldean, eta Whatsapp bidez mezu bat bidali zion erasotzaileari galdetzeko zer gertatu zen aurreko gauean, ez zela ezertaz gogoratzen; are, galdetu zion ea bera kontziente zegoen. Gizonak erantzun zion «ea zaintzen zen» —pilula antikontzeptiboei erreferentzia eginez—. Orduan jabetu zen emakumea jazo zenaz, eta salaketa jarri zuen «sexu abusu» batengatik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.