Joan den urteko abenduaren 14an manifestazioa egin zuten hainbat herritarrek Donostiako Parte Zaharrean, Auzoak Defendatu, errepresiorik ez lelopean. Protestaren ondotik istiluak gertatu ziren, eta, Parte Zaharra Aske plataformak jakinarazi duenez, hamasei lagun atxilotu, bertze «asko» kolpatu eta dozenaka identifikatu zituen Poliziak «egun horietan». Plataformak jakinarazi duenez, abenduaren 14ko protestan atxiloturiko gazteetako bat laster epaituko dute, eta eskaera gogorra egin diote: lau urteko espetxe zigorra, desordena publikoak eragitea eta aginteari eraso egitea egotzita.
Taldeak ohartarazi duenez, epaitua izanen den gaztea «ez zen inolako liskarretan parte hartzen ari», eta istiluak gertatzen ari ziren gunetik, hau da, Narrika kaletik kanpo zegoen: Bulebarrean. «Gertatzen ari zenari begira zegoela, Ertzaintzak inolako azalpen eta justifikaziorik gabe atxilotu zuen, modu guztiz arbitrarioan».
(5/6) ATXILOKETAREN UNEA:
— Parte Zaharra ASKE (@pz_aske) December 29, 2021
Ertzainak inolako azalpen edo justifikaziorik gabe atxilotu egin zuen modu guztiz arbitrarioan.
Datozen hilabeteetan, desorden publikoak eta atentado a la autoridad egoitzita, 4 URTEKO ESPETXE ZIGOR ESKAERAREKIN EPAITUKO DUTE!#Absoluzioa
( pic.twitter.com/J2LtlSxlmx
Taldeak salatu du «muntaia polizial» horren bidez «euskal gazteria beldurtu» nahi dutela: «Baina guk argi eta ozen diogu ez diogula errepresioari aurre egiteari eta elkartasuna antolatzeari utziko». Protestara deitu dute heldu den astelehenerako, urtarrilaren 3rako: 19:00etan bilduko dira, Plaza Berrian.