LGTBI-fobia

Lau urtean hirukoiztu egin dira Ikusgunen salatu diren gertakari LGTBIfobikoak

Eraso transfoboen eta gorroto diskurtsoen gorakadaz ohartarazi du behatokiak LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan

Ikusgunek gaur goizean egindako agerraldia. RAUL BOGAJO/FOKU
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 16a
12:26
Entzun

LGTBI kolektiboaren aurkako erasoen gorakadaz ohartarazi du Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan. Gaur aurkeztu duten Gasteizen sexu orientazioaren eta genero identitataren aurka izandako gertakaei buruzko V. txostenean, hain zuzen, azaldu dute transfobiak, batez ere, gora egin duela azken urteetan.

Ikusi gehiago:Eraso homofobo bat salatu dute Uribarri Ganboa urtegian

Esan dute «intzidentziak hirukoiztu» egin direla 2017. urtean informazioa biltzen hasi zirenetik, eta datu kezkagarriak eman dituzte: 2018. urtean, Ikusgunek bildu zituen gertakarien %23,08 ziren kasu transfoboak, eta 2019an, %5. 2020. urtean, berriz, eraso horiek gora egin zuten (%40), eta 2021. urtean, salatu dutenez, goia jo dute zenbakiek: salatutako kasuen %48, 15 izan dira mota horretako erasoak. Behatokiak argi dauka gorakada horren arrazoia: «Ikusten dugu trans pertsonenganako indarkeriak gora egiten jarraitzen duela, hein handi batean Diputatuen Kongresuan trans legea izapidetzearen esparruan sortutako gorroto giroagatik».

Zehaztu dute testuinguru politikoak «trans pertsonenganako areriotasun giroa» eragin duela, «gay, bisexual edo lesbianen kolektiboak baino indarkeria gehiago» jasan duelako. Hala ere, adierazi dute kolektibo horien kontrako indarkeriari buruzko datu zehatzik ez izateak ez duela esan nahi horien kontrako indarkeriarik ez dagoenik.

Gorroto diskurtsoa

Gorroto diskurtsoaren gorakadagatik ere larrituta agertu da behatokia: «Hain da larria, ezen, behatzen ari ginen bitartean, eraso fisikoak egiten baitzituzten. Esan dezakegu, indarkerien mailetan oinarrituta, LGTBIfobia hitzetatik ekintzetara pasatzen ari dela». Esan dutenez, LGTBI pertsonekiko gorrotoa legitimatu ondoren, pertsona horiei gaitzespena adierazteaz gain, «ezabatzea» ere lortu nahi da.

Txostenak espazio publikoan gertatzen diren erasoak nabarmendu ditu. Bertan azaltzen denez, espazio horietan gertatzen dira «gorabehera» gehien, eta askoz ere eraso gutxiago dira lan esparruan, eskola esparruan edo etxean bertan gertatzen direnak. Era berean, txostenak dio udan eta udaberrian gertatzen direla eraso gehienak, espazio publikoa gehien erabiltzen den garaiak direlako.

Arabako egoera

Arabako eremuei dagokienez Gasteiz da gertakari gehien salatu diren udalerria. Aiaraldeko kopuruak berdintsuak dira oraindik, eta Gorbeialdeko intzidentzien hazkundeagatik «kezkatuta» agertu da behatokia. Bertan, «pintaketak eta gayen aurkako jazarpena» egon dela salatu dute.

Hala ere, nabarmendu dute LGTBIfobiaren aurkako borrokan ere pauso garrantzitsuak ematen ari direla, batez ere Arabako hiriburuan: «Gasteiz da estatuko hirien artean gorrotodelituen zerrendako burua, eta, LGTBI+fobiari dagokionez, indarkeria horri aurre egiteko tresna gehien dituzten hirietako bat ere bada. LGTBI+ edo Ikusgune mugimendua ez ezik, trans mugimendu feminista inklusiboa eta herritarren konpromiso soziala ere badaude. Horrela, Gasteiz erreferente bihurtzen ari da LGTBI+fobiaren aurkako borrokan».

«LGTBI+fobiaren show-a»

Komunikabideek gaiari ematen dioten tratamendua ere gaitzetsi du behatokiak. Salatu du lehen ez zeukala interesik gaiak, eta orain «LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoei buruzko ikuskizun bat» dela. Batez ere, gisa horretako tratamenduak kolektiboaren barruan beldurra hedatzea dakarrela adierazi du behatokiak: «Beldurraren hedapen horretan sakontzen duten informazioak, harremanak izateko, sexu harremanak izateko eta abarretarako ditugun moduak estigmatizatu nahi dituztenak, LGTBI pertsonen ahalduntzea oztopatzen duten informazioak dira, beren askatasunak gauzatzeko beldurra eta morboa elikatzea bilatzen dutenak».

Antzekoak izan dira EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak egin dituen adierazpenak ere: «Komunikabide batzuek morboa sortzeko duten neurrigabeko behar horrek geure bizitzak, geure harremanak, geure gozamena eta geure askatasuna jopuntuan jarri ditu». Bilbon azken asteetako gertakarien harira, esan dute oraindik ez dagoela argi hilketak «eraso homofoboak diren ala ez»; baina, hori bai, garbi azaldu dute «estruktura homofobo baten baitako erasoak» izan direla, eta egitura horrek berak «ahalbidetu» dituela. Hala nola, nabarmendu dute kolektiboko kide batzuek behartuta ikusten dutela beraien burua sexu praktika batzuk «ezkutuan» egiteko. LGTBfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira atera duten ohar baten bidez zabaldu dute mezua, eta gehitu dute LGTBI pertsonek bide bakarra daukatela: «saretzea, artikulatzea, zaintzea, antolatzea; borrokatzearen bidea».

Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkarteak ere azken urtean ugaritu diren «gorroto gertakari eta delitu kopurua» salatu du, eta Samuel Ruiz gazte homosexualaren hilketa ere gogora ekarri dute. «Halako gertakariak ekiditeko erasotzaileak zein gizartea berresteko prebentzio politika eraginkorrak sortu behar dira», adierazi dute. Bide horretatik, galdegin dute erasotzaileekin «modu pertsonalizatuan» lan egiteko planak sortzea, baita «gizarte osoa» hezteko bide orri bat marraztea ere. Era berean, gizarteari eskertu diote azken erasoak direla-eta babesa eskaintzea, baina gizarteari zein instituzioei eskatu die mobilizatzen jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.