Lau urte eta bederatzi hilabeteko zigor eskaria legez kanpoko auto lasterketa batean lau pertsona harrapatzeagatik

Akusatua legez kanpoko lasterketa batean parte hartzen ari zen. Bide segurtasunaren aurkako delitua egotzi diote.

Autoa, foruzainek atxikita. FORUZAINGOA
Autoa, foruzainek atxikita. FORUZAINGOA
inaki rubio
2024ko irailaren 17a
12:06
Entzun

Espainiako Fiskaltzak lau urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du legez kanpoko auto lasterketa batean lau pertsona harrapatu zituen gizonarendako. Uharteko (Nafarroa) Areta industrialdean jazo zen ezbeharra, gauez, 2022ko azaroaren 11n, eta gizona edanda zihoala baieztatu zuten bertaratutako Foruzainek; are, baimendutako alkohol tasa halako hiru zuen gidariak. Fiskaltzak bide segurtasunaren aurkako delitua egotzi dio.

Legez kanpoko auto lasterketak ohikoak izaten dira industrialde horretan, eta jende andana joaten da ikustera. Auzipetua halako batean parte hartzen ari zen, BMW markako auto batean. Akusatuak autoaren hainbat segurtasun elementu aldatu zituen, eta, hala, ibilgailuaren ohiko funtzionamendua auto lasterketetan aritzeko moldatu. Berrikuntza horiek, baina, IAT ibilgailuen azterketa teknikoa pasatu ostean egin zituen; beraz, ez zituen inork berrikusi, ezta homologatu ere. Hortaz, autoa ez zegoen bide publikoan zirkulatzeko moduan.

Haatik, gidariak orduko 98 kilometroko abiadura hartu zuen orduko 40 kilometroko muga zuen bide batean, eta, kurba itxi batera iristean autoak irrist egin, bidetik atera, eta lau pertsona harrapatu zituen. Inguruan zen jendeak berehala deitu zuen larrialdietara; are, gidariari autoaren giltzak kendu, eta Polizia ailegatu arte atxiki zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.