Euskal presoak Manifestazioak Bilbon eta Baionan. Rosa Rodero. ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna

«Lau urte dira ETAk hiltzeari utzi ziola; pausoak emateko garaia da»

Sarek presoen eskubideen alde antolatutako manifestazioaren pankartaren buruan joango da Rosa Rodero ETAren biktima. Legedia betetzeko eskatu du, eta presoak jaioterrira hurbiltzeko.

J. DANAE / ARGAZKI PRESS.
inaki petxarroman
2016ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
ETAk Joseba Goikoetxea Ertzaintzako sarjentua hil zuen, 1993an. Hala ere, «zubiak eraikitzeko apustua» egina du Rosa Rodero haren alargunak, eta horregatik erabaki du biharko Bilboko manifestazioan parte hartzea: «Bakean bizitzeko beharra daukat».

Sarek antolatutako manifestazioarekin bat egitea erabaki duzu. Zergatik?

Urte asko dira biktima naizena, eta uste dut argi dagoela planteamendua: indarrean dagoen legedia betetzea, eta gogoratzea lau urte daramatzagula bakean, ETAk utzi duela bortxakeria; beraz, uste dut elkarbizitza batera iritsi behar dugula. Nire ustez, horretara iristeko, halako urratsak egin behar ditugu, saiatuz gizarte osoa elkartzen. Uste dut presoek eskubidea dutela euren herritik gertu egoteko.

Zure kasuan, lehen aldia da halako manifestazio bat babestu duzuna. Zergatik orain?

Azken urteotan keinu asko egin ditut presoen eskubideen alde. Baina oraingo egoera da lau urte daramatzagula jadanik ETAk hiltzeari utzi ziola, eta uste dut pausoak emateko garaia dela. Entzun dut biktimen aldeko plataforma batek helegitea jarri duela manifestazioaren aurka. Biktimek urteak daramatzagu planteatzen aurrera egin behar dugula, gorrotoarekin ezin dugula bizi; horrez gainera, eskatzen ari garen bakarra da espetxeetako araudia eta indarrean dagoen legedia betetzea, alegia, presoak euren etxetik gertu egotea. Sakabanaketa bere garaian jarri zen martxan, zegoen egoera zehatz batengatik, baina orduko baldintzak ez daude jadanik indarrean.

Biktima batentzat ez da erraza izango sakabanaketak eragiten duen min eta sufrimendu guztiaz jabetzea.

Nik ikusten dut sufrimendua hor, eta, batez ere, jende askorekin hitz egin ostean. Familia horiek ez dira errudunak. Nork esaten dit niri beharbada nire seme-alaba bat ez zela ETAkoa izango? Edo ondoko bizilagunarena? Senideek, guraso zaharrak askotan, euren seme-alabak ikustera joateko gainditu behar dituzten baldintzak... Eta batek baino gehiagok esango du guk hilerrira joan behar dugula gure senideak bisitatzera. Jakina, badakit, eta ulertzen dut biktima batzuek ez ikustea gauzak nik bezala. Baina nik urte asko daramatzat, eta bakea eta lasaitasuna behar dut. Eta hori egiten ari naiz. Nik banekien nire senarraren aurkako atentatua egin zutenak egunen batean kalera irtengo zirela, eta irten dira. Denbora pasatzen da, eta legea halakoa da. Nik nahi dudana da nire seme-alabek eta bilobek, haietako batzuk bortxakeriarik gabe jaio direnak, herri hau bakean ezagutzea eta lasai hitz egin ahal izatea nahi duten guztiaz. Euskal gizartea prest ikusten dut jauzi hori egiteko.

Zer eskatuko zenieke arduradun politikoei presoen gaia desblokeatzeko?

Nik eskatuko nuke pausoak emateko. Urte batzuetan pauso batzuk eman ziren, baina azken agintaldi honetan ez da ezer egin; areago, atzera egin dute. Gauzak egin behar dira, eta hitz eginez egin behar dira gauza horiek. Ni horren aldekoa naiz.

Nola hartu dute beste biktimek zuk manifestazio honekin bat egin izana? Iritsi zaizu iritziren bat horri buruz?

Nik nire iritziak dauzkat, eta besteenak errespetatzen ditut. Pentsatzen dut jendea egongo dela gaizki iruditu zaiona. Niri kritika txarrak ez zaizkit iritsi, baina prentsa ez dut gehiegi jarraitzen, egia esateko. Badakit jende askori ez zaiola ondo irudituko, baina nik gogo handia daukat lasai bizitzeko, ez pentsatzen egoteko zer gertatuko den edo ez den... Eskatzen dudan bakarra da beste biktimek ere nire jarrera ulertzea, nik haiena ulertzen dudan moduan.

Zubiak eraikitzea da zure apustua. Baikorra zara etorkizunera begira?

Berez naiz baikorra. Ez banintz baikorra izango, ezingo nuke aurrera egin. Nik uste dut lehenago edo beranduago honi irtenbide bat eman behar zaiola. Euskal gizartea ozen eskatzen ari da pausoak emateko, eta hari dagokio azken erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.