Lau sexu delitugatik salatu du fiskaltzak Bizkaiko eskauten abade izandakoa

Ikerketa amaituta, Gernika-Lumoko instrukzio epailearen esku utzi du auzia. Abusuen berri jakin zuenetik, Elizak kargutik kanpo du apaiza

Mario Izeta gotzaina eta Claudio Maria Celli kardinala, Bilbon, 2015ean. L. T. / EFE.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Joan den abenduan Bilboko Elizbarrutiak abade bat salatu zuen Bizkaiko Fiskaltzan, andre batzuei sexu abusuak egitea egotzita. Ordutik ikertzen ibili da fiskaltza, testigantzak jasotzen. Amaitu du ikerketa: joan den astean, urtarrilaren 30ean, abadearen kontrako salaketa ipini zuen Gernika-Lumoko epaitegian (Bizkaia), Bizkaiko Elizak salatutako gertakariak «delitu» izan daitezkeela iritzita. Orain, Gernikako instrukzio epaileak ikertuko du auzia. Fiskaltzak lau abusu delitu egotzi dizkio abadeari.

Iazko abenduaren 10ean eman zuten ezagutzera Bilboko Elizbarrutiak eta Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduak abadearen kontrako salaketen berri. Abusuak 2015ean, 2016an eta 2017an gertatu ziren. Urte horietan Bizkaiko eskaut mugimenduaren konsiliarioa zen abadea; hau da, gazteekin aisialdia eta hezkuntza lantzen dituen erakunde katolikoaren arduradun erlijiosoa zen. 2017ko udazkenean karguz aldatu zuten: Bilboko Elizbarrutiko Uribeko bikariotzako burua izan da gotzaintzak salaketen berri izan duen arte, eta, horregatik, baita Gotzain Kontseiluko kide ere. Mario Izeta gotzainak kargugabetu egin du. Bilboko Elizbarrutiko komunikazio arduradunek BERRIAri jakinarazi diote gaur egun ere kargurik gabe eta ekintza guztietatik aparte dagoela. Gainera, azaldu dute Bizkaiko Elizbarrutiak hedabideen bitartez jakin duela Bizkaiko Fiskaltzak joan den astean ipinitako salaketaren berri.

Iazko azaroaren 1ean jakin zuen abusuen berri Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduak. «Abade batek aisialdiko heziketen testuinguruan izandako ustezko portaera sexual desegoki batzuen» berri izan zuen, euren hitzetan. Azaroaren 26an gotzaina ipini zuten jakinaren gainean. Biharamunean abiatu zuen ikerketa elizbarrutiak, Joseba Segura bikario nagusiaren eskutik.

Erromara ere jo zuten. Fedearen Doktrinarako Kongregazioaren esku dago auzia. Oraindik ez dute hango berririk jaso Bilbon. Hil honetan Eliza barruko sexu erasoen inguruko bilkura egingo dute Vatikanoan, Frantzisko aita santuak deituta. Mundu osoko gotzainen biltzarretako buruak joango dira, abusuen aurkako protokoloez berba egitera.

«Eskolak bazekien, eta estali egin zuen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.