Bizikidetza prozesu bati aurre egiterako orduan hiru galderari erantzun behar zaie: Zer gertatu da iraganean eta zer ondorio ateratzen dugu? Zerk izan behar du lehentasuna orain? Eta, geroari begira, zer egin behar da horrelakorik berriz ez gertatzeko? Jonan Fernandezen arabera, galdera horiei beste bat gaineratu beharko litzaieke: «Nola azalduko genieke gazte belaunaldiei zer gertatu den?».
Horri erantzun asmoz, azken aldian ahoz aho dabilen hitz bat ekarri du gogora: errelatoa. Fernandezen ustez, iraganari buruzko diagnostikoa egitea da zailena, «ez baita adostasun politikorik egongo gertatutakoaren jatorriz edo sorburuaz».
Interpretazio edo diagnostiko desberdinak egin arren, ondorio edo balorazio adostu bat posible dela uste du, halere, Baketik-eko kideak. Ez dela erraza ohartarazi du , baina ibilbideari ekiteko beharrezkoa dela. Horretarako, guztiek partekatuko luketen «mikro errelatoaren» proposamena egin du. Laburtuta, hau litzake: «Gertatu ziren giza eskubideen urraketak gertatu ziren zenbait taldeen eta pertsonen arrazonamenduan giza duintasunaren gainetik beste balio batzuk jarri zirelako —kausa bat, helburu bat, estatu-arrazoia, ikuspegi ideologiko bat, sinesmen eta irizpide jakin batzuk...—».
Kokapena zehaztuta, adiskidetzearen mapan aurrera egiteko lau puntu kardinalak azaldu ditu Fernandezek, ohar txiki bat eginez: «Ez dago formula errazik eta azkarrik. Ardatz bakan batzuk baliatu behar ditugu, eta haietara itzuli behin eta berriz». Baketik-en proposamena bizi esperientzian oinarritzen dela nabarmendu du Fernandezek.
HEGOALDEA Izaera mugatua
Mugatuak garela ohartzea, arrazoi osoa ez dugula jabetzea indarkeriaren aurkako prebentzio-modu bat dela dio Baketik-eko kideak. «Dogmatismoarekin, egia absolutu baten jabe izatearen ustearekin justifikatzen da bitarteko ez- etikoak edo indarkeria erabiltzea». Fernandezen arabera, ikaskuntza nagusi hau atera daiteke printzipio honetatik: «Neure ikuspegiak beti osatugabeak direla onartzea da elkarbizitza». Eta horrek, galdera honetara garamatzala dio: «Zertan ez dut arrazoi osoa?». Gatazken aurrean, galdera horri etengabe erantzun behar zaiola uste du..
EKIALDEA Esker ona
«Mugatuak izan arren aukera infinituak ditugu», dio Fernandezek: «hobetzeko gaitasuna dugu». Esperientzia hori sakon jorratuz gero, hobezina edo saihestezina deritzoguna baino aukera hobeak daudela ikas dezakegu. Esperientzia horren ikaskuntza praktikoa hau litzateke, Fernandezen arabera: «Zailtasunen artean aukerak sustatzen ikastea da elkarbizitza». Ardatz honi dagokion galdera, berriz, hauxe: «Zer alderdi positibo du egoera honek?».
MENDEBALDEA Kontzientzia
Fernandezek nabarmendu duenez, denok dugu kontzientzia, eta horrek aukera etikoak egiteko gaitasuna eskaintzen digu. «Esperientzia prozesu bat da kontzientziari entzutea. Dogmatismo, amorru, oldarkortasun, beldur, egoismo... bulkada hutsa baino zerbait gehiago izan gaitezkeela ohartzea ahalbidetzen digu». Kontzientziari sakon eta modu kritikoan entzunez bulkada horiek guztiak gaindi daitezkeela dio. «Azaleko kontzientziari bakarrik entzuten diogulako jotzen dugu indarkeriara edo bitarteko ez-etikoak erabiltzera», nabarmendu du. Esperientzia horren ikaskuntza honako hau litzateke: «Egiten dudan hautaketa bakoitzean neure erantzukizun etikoa onartzea da elkarbizitza». Eta galdera: «Zer dagokit niri?».
IPARRALDEA Giza duintasuna
«Gizaki guztioi zor zaigu errespetua», dio Fernandezek. «Geure buruaz egiten dugun edozein murrizketa baino gehiago gara. Jartzen diguten edozein etiketa baino gehiago gara». Gizalegezko elkarbizitza izateko gizakiaren balioren kontzientzia erabakigarria dela dio. «Bere kausa nagusiaren gainetik kausa goragoko bat —giza duintasuna— ezagutzen duenak bitarteko ez-etikoak erabiltzea prebenitzen du». Esperientzia honen ikaskuntza hau litzateke: «Gizaki guztioi dagokigun giza duintasuna —urraezina— errespetatzea eta sustatzea da elkarbizitza». Eta ardatz honi dagokion galdera: «Zerk du lehentasuna?».
Lau puntu kardinalak
Bizikidetzarako pedagogia bat proposatzen du Baketik-ek bere ikastaroetan. Bizi esperientziaren ikaspenetan oinarrituta, ibilbide orri bat proposatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu