Hiru urte beteko dira etzi eutanasiaz baliatzeko bidea ematen duen legea Hego Euskal Herrian indarrean sartu zenetik. 110 pertsona hil dira zerbitzu horren bidez, eta eskeak ugariagoak izan dira. Nicolasa Guadalupe de la Paz Legaristi, Joseba Danel Goñi eta Conchi Mendiluze zerbitzu horren bidez hil ziren, eta haien senideek prozesuaren berri eman dute. E.-k, berriz, eutanasia eskaria egin du, eta egiten ari den bidea kontatu du.
Nicolasa Guadalupe de la Paz Legaristiren alabak: «Argi genuen babestu egingo genuela»
Nicolasa Guadalupe de la Paz Legaristi 1943an jaio zen, Jaenen (Andaluzia, Espainia). Araban hil zen, 2022ko maiatzaren 28an, eutanasia eginda, zahar etxe batean. Administrazioak eskatu du ez emateko zehaztapen gehiago tokiari buruz. Kasua bideratu zuen medikuaren daturik ematen ere ez du utzi, baina hark aldarrikatu du beharrezkoa dela eutanasiaz hitz egitea, eta informazioa eman du lerrook osatzeko. Era berean, administrazioaren isiltasun murruek zer esan nahi duten ulertu ezinik, amaren heriotza nolakoa izan zen kontatzeko elkartu da familia. Hiru alaba dira: Maria Elena zaharrena, Maria Dolores bigarrena, Monica gazteena. «Harro» elkartu dira ama aurkezteko. «Guada deitzen zuten denek. Nortasun handiko andrea zen».
Paziente pluripatologikoa zen Legaristi zahar etxera heldu zenerako. «Ospitaleratzeak, ospitaleratzeak eta ospitaleratzeak izan zituen». Diabetesa zuen, bronkitisak eragindako konplikazio larriak zituen, eta bihotzeko arazoak. Gurpil aulkian ibili behar zuen. Ezaguna zuen gero haren eutanasia kasua eraman zuen medikuak aurrez, baina ez zen berez bere medikua egoitzan. Hura artatzera joan zen goiz batean jabetu zen haren larritasunaz. Ito beharrean aurkitu zuen. «Bronkitisa dutenek, oro har, gauetan pasatzen dute okerren. Egun hartan, hara joan, eta zera esan zidan: ‘Etorri ez bazina, leihotik botako nuen neure burua. Ezin dut gehiago’».
Eutanasiaren aukera hor zegoela esateko abiaburua izan zen hura medikuarentzat. Aurki pazientea bera joan zitzaion galdezka: «Zuk esan didazun hori hobeto esplikatzea nahi dut». Ez zela erraza izan azaldu du: «Katolikoa naiz». Baina behin pazienteak berak gaia aztertu eta eskabidea abiaraztea erabaki zuenean, egin zuten bide luzean ez zuen zalantzarik izan: «Halako sufrimendua ikusten nion. Eta halako argitasunarekin esaten zuen hark». Gerontologian aditua da medikua, bide luzea egina du zaharren artan, eta nabarmendu du pazienteen «autonomia» errespetatzen saiatu dela beti. Alde horretatik ere, hautu bakar bat ikusi zuen: eskabidean laguntzea. Lehen aldiz eraman du aurrera tankerako prozedura bat, eta legea bera «berme» sentitu du.
Amaren asmoa barneratzea ez zen erraza izan. «Ulertu ere ez nuen egin hasieran. ‘Baina zuk zer uste duzu, hori eskatu eta egin egingo dizutela?’», onartu du esan ziola alaba zaharrenak. Sendagilearen kontrako erreakzioa ere izan zuen aurrena. «Pentsatu nuen: ederra egin du. Zergatik aipatu dio ezer?». Urduri entzun zituen alaba gazteenak ere amaren hitzak. «Ez genekien amak eutanasia eska zezakeenik ere: argi eta garbi esango dut». Baina egin zuten bidea. «Onartzea kostatu egin zitzaigun, baina argi genuen ama babestu egingo genuela».
Lau hilabete
Berez, bost bat asteren bueltan bideratzeko dago pentsatuta prozedura. Kasu hau, propio, asko luzatu zen: lau hilabete. Zioetako bat izan zen kasua aztertu zuen mediku aholkulariak ez zuela berretsi zahar etxeko medikuaren aldeko ikuskera. EAEko berme batzordeak esku hartu behar izan zuen. Bisita bat aski izan zuten baiezkorako. Jakin orduko, hiltzeko eguna jarri zuen Legaristik: «Bihar». Agurrak hunkitu egin zuen medikua: «Ohearen bueltan, familia osoa izan zuen».
E.:«Hemen ezin badut egin, Suitzara joango naiz»
Ez du bera ezagutzeko bidea eman dezakeen daturik eman nahi. Andrazkoa da, 67 urte ditu, eta Euskal Herrian bizi da: eutanasia egiteko bidea ematen duen legea indarrean dagoen eremuan, Hegoaldean. Izendatzeko, E. hizkia. Minbiziarekin gazterik hasi zen, bularrean sortu zitzaion 38 urte zituela, eta hedatzen segitu du. Muga argi izan du beti aurrera jarraitzeko: «Niretzat oso garrantzitsua da pertsona autonomoa izatea, eta inori zamarik ez jartzea. Uste dut zigor bat dela, besteek asko maite bazaituzte ere». Maite dute, eta maite du: pertsona aski kutunak aipatu ditu.
Eutanasiaren aukera aspaldi aipatu zuen aldez aurreko borondateen agirian; oraindik legezko ez zen garaian ja idatzi zuen hitza. Gaitzarekin ere, bizitza «aktiboa» izan du: «Oraintxe bost hilabete arte lanean ari nintzen». Baina orain dela gutxi minbizia burmuinera ere zabaldu da, ebakuntza bat egin diote garunetik tumore bat kentzeko, eta «sekuelak» utzi dizkio: «kognitiboki» ez da lehengoa. Muga hurbil sentitu du.
Burmuineko ebakuntzaren aurretik E.-k argi utzi zuen, «hainbat bidetatik», handik gaizki ateratzen bazen dena amaitzea nahi zuela. Ez zen premiarik egon, baina buruko burmuineko metastasiak ez dira desagertu, «sekuelak» ere hor dira, eta, gaitza «sendaezina» denez, eutanasiaren aukera mahai gainean jarri du berriki. Ontzat eman zion lehen eskea familia medikuak. Gero, «galga» jarri zuen. Erabilgarri dituen bide terapeutikoak direla esan zion: ezin zuen kasuarekin jarraitu.
Aintzat hartu zuen medikuaren hitza, eta irratikirurgia bidez tratatu dute. Kimioterapiarik ez du nahi, albo ondorioen beldur. «Autonomoa izan nahi dut», berritu du mezua. Orain ondo dago, eta ez du eskearekin segitzeko presarik. Baina egoera okertuta eskabidea berriz abiarazterik ez badu, badoa: «Hemen ezin badut egin, Suitzara joango naiz». Hara begira dago.
Joseba Danel Goñiren familia: «Aita, asko borrokatu zara, eta hau izango da azkena»
«‘Horrela bizitzeko, nik eutanasia’, esaten zidan senarrak». Joseba Danel Goñi iazko abuztuaren 29an hil zen, 93 urte zituela, eutanasiaren bidez. Ondoezik zegoen: bihotza oso ahul zuen, eta erdi lo pasatzen zituen eguneko ordu gehienak. Haren gaitzak ez zuen sendabiderik. «Alde batetik, hutsune hori nabaritzen dut, baina, beste aldetik, bera sufritzen ari zen, eta ni ere bai. Ez geunden ondo: denak ari ginen sufritzen», esan du Juani Irazustak, Goñiren alargunak, familiaren etxean, Donostian. Harekin kontatu du bizipen hori haren seme nagusiak, Dani Goñik: «Medikuarenera joateko baino ez zen etxetik ateratzen. Hark ez zuen horrela bizi nahi: argi zuen. Zera esan nion: ‘Aita, asko borrokatu zara bizitzan, eta hau izango da zure azken borroka’».
2022ko urrian osasuna okertuz joan zitzaion Joseba Danel Goñiri. «Eskaner bat egin zioten, eta ikusi zuten mikrobihotzekoak izan zituela. Bihotzak oso gutxi ematen zion. Otsail bukaeran oso gaizki zegoen: ezin zuen jan, hil egingo zela ematen zuen. Hobetu zen nolabait, baina ondoezik segitu zuen, oso ahul. Bizitzeko autonomia oso murriztuta zeukan, eta ordu luzez erdi lo egoten zen, neke handiaren ondorioz. 'Tortura bat', haren hitzetan», esan du semeak.
Aldez aurreko borondateen agiria egina zuen aspalditik, eta, Hego Euskal Herrian eutanasiaren legea legeztatu zutenean, berritu egin zuen, borondate hori adierazteko. Gaixotu zen garaian ekarri zuen hizpidera gaia, Goñik kontatu duenez: «Iazko maiatzean medikuari zera esan zion: ‘Mesedez, nik eutanasia behar dut. Nik ez dut horrela bizi nahi. Hau ez da bizitza».
Prozedura
Ekainean sinatu zuen eskaera formala familia medikuaren aurrean, eta hark baiezkoa eman zion. Borondatea berretsi ostean, Donostiako ospitaleko Barne Medikuntzako mediku batekin bildu zen. Hark baiezkoa eman zuen, eta abuztuaren 12an izan zuten berme batzordearen erabakiaren berri: baiezkoa.
«Sukaldean zegoen jakin zuenean, eta ‘Biba! Lortu dugu. Hau ospatu egin behar dugu!’, esan zuen», oroitu du Irazustak. Senideekin batera adostu zuen data: abuztuaren 29a. «Haren borondatea bete zen», nabarmendu du alargunak.
Hil baino egun batzuk lehenago, senideekin ospatu ahal izan zituen Irazustarekin ezkonduta bete zituen 68 urteak. Eta Kantujirakoekin abestu zuen azken aldiz. Pantxoa eta Peioren Azken dantza eskaini zioten —«oso hunkigarria izan zen»—, eta Benito Lertxundiren Itsasoari begira «oso kontziente» abestu zuen.
Etxean hiltzea erabaki zuen. Sendagilea eta senideak alboan izan zituen. «Duintasunez bizi izan da, eta duintasunez hil da. Bizi gogoa izan du beti, bukaerara arte», nabarmendu du semeak. Anestesia eta indizioa jarri aurretik, kantuan agurtu zuten elkar Goñik eta haren senideek. Mikel Laboaren Txoria txori abestu zuten. «Bera hasi zen kantuan», hasi da Irazusta, eta semeak segitu du: «... eta inor baino fuerteago. Horrela hil zen». Azken arnasa itsasoari begira eman zuen.
Edurne Larraza, Conchi Mendiluzeren alaba: «Guretzat gogorra izan zen, baina ama lasai zegoen»
«Aitak parkinsona dauka, eta gure etxean gurekin joan den gauza bat izan da», kontatu du Edurne Larrazak. «Gaixotasun horren eraginez-eta gurasoek asko pentsatu dute etorkizunari buruz. Gaixotasuna okertzen denean, zer? Aldez aurreko borondateen agiria egiteko aukera suertatu zenean, segituan egin zuten. Asko hitz egin zuten aurretik horren inguruan, seguru asko pentsatuz aitari tokatuko zitzaiola». Baina, zoritxarrez, amari tokatu zitzaion, Conchi Mendiluze Arregiri. 71 urte bete zituen egunean hil zen, 2022ko ekainaren 16an, eutanasiaren bidez.
Paralisi supranuklear progresiboa atzeman zioten, gaixotasun degeneratibo bat: «Oso azkar degeneratu zuen». Larrazak kontatu duenez, sendagileak esan zion momenturen batean ezingo zuela bere kabuz jan ere egin, eta erabakita utzi behar zuela zunda jartzea nahiko ote zuen edo ez. «Erantzuna hau izan zen: ‘Ez. Ez dut ezer nahi’. Handik atera ginenean, zera esan zidan: ‘Nik ez dut laguntzarik nahi horrela bizitzen jarraitzeko. Nik hiltzen laguntzea nahi dut’».
«Eutanasiaren prozesua oso ondo joan zen, baina prozesua martxan jartzea kosta egin zitzaigun», aitortu du Larrazak. Azaldu du garai hartan mediku falta «ikaragarria» zegoela Altsasun (Nafarroa), eta Mendiluzek ez zuela familia medikurik. Altsasuko erizain batekin egin zuen Mendiluzek idatzizko eskaria, eta horrela jarri zuten prozesua martxan. Pauso guztiak emanda, berme batzordeak ere baiezkoa eman zion Mendiluzeri. «Guretzat gogorra izan zen, baina, egia esan, bera hain lasai ikusita... Besterik ez zigun errepikatzen: ‘Ni lasai nago’», kontatu du alabak.
Agurtu zituen ingurukoak, eta etxean hil zen, bere urtebetetze egunean. «Beilatokikoek eraman zutenean, tximeleta bat ikusi nuen furgonetaren atzetik. ‘Hara, hor doa ama’, esan nuen. Tximeleta bat ikusten dudan guztietan amarekin gogoratzen naiz».
Ikusi gehiago
Ikusi gehiago