Lau neskak salatu dute futbol entrenatzaileak sexu abusuak egin dizkiela, Barakaldon

Ertzaintzak jakinarazi du gizona ikertzen ari direla, sexu askatasunaren aurkako delituak leporatuta. Pauldarrak taldeak ere apartatu egin du entrenatzailea, eta irmo gaitzetsi gertatutakoa. Erasoak egin dizkieten neskek 14 eta 16 urte bitarte dituzte.

Paules ikastetxearekin lotuta dago Pauldarrak futbol taldea. BERRIA
Paules ikastetxearekin lotuta dago Pauldarrak futbol taldea. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Olatz Silva Rodrigo
2024ko maiatzaren 10a
17:00
Entzun

Lau neska adingabek salatu dute Barakaldoko (Bizkaia) Pauldarrak futbol taldeko beren bigarren entrenatzaileak sexu abusuak egin dizkiela. Ertzaintzak BERRIAri berretsi dio lau salaketa jaso dituztela Sestaoko (Bizkaia) ertzain etxean, eta gizona ikertzen ari direla, sexu askatasunaren aurkako delituak leporatuta. Iñaki Alonso taldeko haurren babeserako arduradunak azaldu duenez, erasoa jasan dutenak —14 eta 16 urte bitartean dituzte— aurreko ostegunean bildu ziren berarekin, eta sexu abusuen berri eman zioten.

Alonsoren arabera, ostiralean aldendu zuten entrenatzailea taldetik. Zehaztu duenez, ustezko erasotzaileak hamar urte baino gehiago zeramatzan Pauldarrak taldean entrenatzaile lanetan. Lau salaketak biktimen gurasoek jarri dituzte, haiek adingabeak direlako. Informazio agentzien arabera, erasoa jasandakoek salatu dute entrenatzaileak onespenik gabeko ukituak egiten zizkiela, baita «eduki sexualeko lekuz kanpoko iruzkinak» ere. Epailearen aurrean deklaratu dute, eta atxilotuak ere bai. Ondoren, epaileak aske utzi du, behin-behinean, kautelazko neurririk gabe.

«Garrantzitsuenak neskak dira; lasai eta babestuta egon behar dute», esan du Alonsok. Lau neska horien gurasoek gertaeren berri izan ostean, klubak bilera egin zuen atzo gainerako familia guztiekin. «Bagenekien edozein momentutan agertuko zela komunikabideetan; beraz, informazioa zuzenean eman nahi izan genien guztiei», zehaztu du.

«Egin dugu egin beharrekoa: informazioa jaso eta bideratu egin dugu. Erantzukizun etiko eta legezkoa da».

IÑAKI ALONSOPauldarren haurren babeserako arduraduna

Alonsok ez du uste salaketa gehiagorik egongo denik, «epe motzera, behintzat». Ostegunean bertan entrenatzailearekin harremana izan duten beste taldeekin jarri ziren kontaktuan, «neskaren batek zerbait kontatu nahi bazuen, konfiantzazko espazioak sortzeko». Oraingoz ez du inork ezer esan. «Hortaz, ez dut uste besterik egongo denik, baina ezin dut %100 baieztatu».

Hurrengo urratsak zeintzuk izango diren galdetuta, Alonsok erantzun du «ideiarik ez» duela. Haiek egin dute egin beharrekoa: «Itxaron beharko dugu; egin dugu egin beharrekoa, informazioa jaso eta bideratu egin dugu. Erantzukizun etiko eta legezkoa da. 2021etik, kirol erakunde guztiei dagokie haurren babeserako arduradun bat izendatzea, protokolo bat lantzea eta erantzun egoki bat izatea».

Taldea, gaitzespenaz harago

Ildo beretik mintzatu da Pauldarrak taldea, arratsaldean igorri duen prentsa ohar baten bidez. Gertatutakoa deitoratu dute, baina harago joan nahi izan dute: «Ekintzak formalki gaitzestea eta desmarkatzea, soilki, ez da halako egoerei erantzuteko modu egokiena, gure ustez. Trebatzea, protokoloak edukitzea, ondo betetzen saiatzea eta arduraz jokatzea da bidea haurrei eragin ahal dieten indarkeria egoeretan, bereziki norbere etxean gertatzen denean».

Hala, taldeak berretsi du neskek arduradun bati esandakoen haritik abiatu zutela prozesua, berehala apartatu zutela ustezko erasotzailea, eta lehen unetik izan direla nesken eta senideen alboan. «Uneoro saiatu gara gardentasunez jokatzen eta nesken ongizatea lehenesten; ikerketan laguntzeko prest gaudela adierazi diegu ikertzaileei». Era berean, nabarmendu du kirol arloak segurua izan behar duela: «Haurrek eta nerabeek parte hartzen duten jarduera guztiek egon behar dute sexu indarkeriatik libre».

«Haurrek eta nerabeek parte hartzen duten jarduera guztiek egon behar dute sexu indarkeriatik libre».

PAULDARRAK FUTBOL TALDEA

Pauldarrak futbol taldea ezaguna da kirol munduan; erasoak sufritu dituztenak nesken talde bateko jokalariak dira. Barakaldoko Paules eskolak erabiltzen dituen azpiegitura berak erabili arren, eskolak esan du ez duela zerikusirik futbol taldearekin. Dena dela, elkartasuna adierazi die biktimei eta euren senideei.

Barakaldoko Argitan emakumeentzako aholku etxeak gaitzetsi egin ditu erasoak, eta «babes eta elkartasun guztia» adierazi die lau neskei. Era berean, Barakaldoko Udalak ohar bidez deitoratu ditu erasoak, eta esan beharrezkoa balitz akusazio gisa aurkeztuko dela. Biktimei eta euren senideei babesa eman, eta eskura dituzten baliabideak eskaini dizkie. Klubari ere babesa adierazi dio, «gertakariok klubaren irudiari kalte egin diezaioketelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.