Gaur egungo airea azken laurehun urteetako lehorrena da. Hori ere, klimaren beste hainbat aldagai bezala, gizakiaren eraginez gertatu da. Zuhaitzen eraztunek kontatzen dute. Inguruan gertatzen diren baldintza klimatikoen notarioen modukoak dira zuhaitzak, eta urtez urte eta eraztunez eraztun artxibatzen dute. Zenbat eta baldintza hobeak, orduan eta gehiago hazten da zuhaitza, eta zabalagoa da eraztuna. Eraztunak irakurrita eta ikertuta, eta simulazioak eginda, ikertzaileek ondorio hau atera dute: «Erakutsi dugu Europako hainbat eskualdetan aurrez inoiz ez bezala lehortu dela atmosfera. Lehortze hori gizakiaren eraginez gertatu da %98ko probabilitatearekin».
Gaur argitaratu dute ikerketa, Nature Geoscience aldizkarian. 67 ikertzailek parte hartu dute, WSL Suitzako Basoen, Elurraren eta Paisaiaren Institutu Federalak zuzenduta. Dendroklimatologoak dira: klima aztertzen dute, zuhaitzen eraztunen hazkundearen ezaugarriak aztertuta.
Lurrunaren presioaren defizita da aintzat hartu dituzten faktoreetako bat: hau da, atmosferak eduki dezakeen hezetasunaren eta benetan daukanaren arteko aldea. Airearen lehortasuna neurtzeko erabiltzen da; «airearen ur egarria» da, beste modu batera esanda. Defizit horrek zuzenean eragiten die ebapotranspirazioari —lurreko hezetasuna lurruntzea eta landareen izerditzea—, ekosistemen funtzionamenduari eta landarediaren karbono xurgatzeari. Funtsezko aldagaia da, eta eragin zuzena du etorkizuneko gizakien osasunean, suteetan, ekosistemetan eta uztetan; baina, ikertzaileen esanetan, ez dira ondo ezagutzen haren aldakortasuna eta joerak, ez baldintza naturaletan, ez gizakiaren eraginpean.
Izan ere, airea egarri denean, ur gehiago xurgatzen du lurretik eta landareetatik, landareen hazkundea moteltzen du, eta zuhaitzen heriotza ere eragin dezake. Lurra eta landareak zenbat eta lehorrago, orduan eta handiagoa da sute arriskua. Airea zenbat eta lehorragoa, orduan eta ur gehiago behar dute uztek.
Fenomeno konplexua
Fenomeno konplexua da. Ozeanoen, lurraren eta atmosferaren arteko ur trukean oinarrituta dago; trukean eta trukearen abiaduran. Azken hamarkadetan, mundu osoan, handitu egin da lurrunaren presioaren defizita, «eta horrek azkartu egin ditu lurraren lehortzea, landareen estres hidrikoa, landarediaren hilkortasuna eta baso suteak».
Zalantzaz betetako ikerketa eremua da. Lurrunaren presioaren defizitaren laurehun urteko datuak, meteorologia ikuskatzeak eta simulazioak erabili dituzte haren aldakortasun naturala eta gizakiak eragindakoa bereizi ahal izateko. Helburuak: etorkizuneko egoera klimatikoetan ziurgabetasuna apaltzea, eta hobeto kalkulatu ahal izatea lurrunaren presioaren defizita handia izanez gero nolako arriskua izan dezakeen horrek ekosistementzat, ekonomientzat eta gizarteentzat.
Ondorio garbi bat atera dute: gizakiaren eraginez —eta gizakiak eragindako klima aldaketaren eraginez—, lurrunaren presioaren defizita inoiz ez bezala handitu da. Airea lehorragoa da aurreko laurehun urteetan baino. Simulazioek erakutsi diete gizakiaren eraginagatik bakarrik lehortu ahal izan dela hainbeste airea azken 30 urteetan, Europako eskualde guztietan. Airearen lehortzea areagotu egin da azken hamarkadetan. Gehiago lehortu da Alpeen eta Pirinioen hegoaldeko eremu menditsuetan; gutxixeago mendebaldeko lurralde baxu epeletan eta Europa erdialdeko ekialdean; eta joera apalagoa da Eskandinaviaren hegoaldean.
Zuhaitzen eraztunak baliatu dituzte laurehun urteko airearen lehortasuna neurtzeko. Europako 45 lekutako zuhaitzak, Eskandinaviatik hasi eta Mediterraneoraino. Klima, eremu eta altuera ezberdinetako eskualdeak dira. «Sare horrek ez du parekorik eremua, leku kopurua eta oxigeno kopuruaren kronologiak aintzat hartuta». Hala ere, egia da aztertutako zuhaitz gehienak Europa erdialdekoak direla. Euskal Herrikorik ez dago. Euskal Herritik gertuen daudenak Angulemako pinuak (Okzitania) eta Pinar de Lilloko haritzak (Leon, Espainia) dira. Zuhaitzen eraztunetako zelulosaren oxigeno atomoak neurtu dute. «Eraztunen sortze urteko udako baldintza klimatikoak —ekainetik abuztura— funtsezko faktorea dira oxigeno kantitatearen aldakortasunean».