Guardia Zibilak lau lagun atxilotu ditu Otxandion (Bizkaia), «terrorismoari gorazarre» egitea leporatuta, joan den uztailaren 25ean Otxandion Luzia Urigoitia ETAko kideari egindako omenaldiaren antolakuntzan parte hartu zutelakoan. Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diaz Euskal Herria bisitatzen ari zen egunean gertatu dira atxiloketak. Herriko gaztetxea miatu egin dute, omenaldian erabilitako materiala atzeman nahian.
05:50ean hasi da polizia operazioa, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok aginduta. Lau lagun atxilotu dituzte: Miren Soloeta, Asier Duran Nieto, Aitor Uribe eta Amaiur Lopez de Lacalle. Lopez de Lacallek habeas corpus-a eskatu du —epailearengana berehala jotzeko atxilotuek duten eskubidea— eta Txagorritxuko erietxera (Gasteiz) eraman dute.
Gainerako atxilotuak herriko gaztetxera eraman dituzte, eta,han, Guardia Zibilak egin duen miaketan egon dira. 10:20an hasi dira gaztetxea miatzen. Otxandioko alkate Urtzi Armendariz ere egon da han, eraikina udalarena delako. BERRIAri azaldu dionez, han hiru atxilotuekin berba egiteko aukera izan du Armendarizek, eta «trankil» zeudela esan du, «ahal zen neurrian behintzat».
Guardia zibilek Armendarizi adierazi diote euren asmoa zela atxilotuak Madrilera eramatea gaua Tres Cantoseko (Madril, Espainia) polizia etxean igarotzeko, eta gaur bertan eramango zituztela Velasco epailearengana, haren aurrean deklarazioa egin dezaten.
Gaztetxearen miaketari dagokionez, horren xedea zen «terrorismoaren goraipatzearen» froga edo aztarnak atzematea, baina, Armendarizek esan duenez, presoen argazki batzuk baino ez dituzte eraman handik.
Biktimen zerrendan
Luzia Urigoitia otxandiarrari uztailaren 25ean sorterrian egindako omenaldia dago Lekanda izenaz bataiatu duten polizia operazioaren iturburuan. Urigoitia bizitzeko eskubidearen urraketaren biktima gisa agertzen da Eusko Jaurlaritzak berriki plazaratutako Udal Erretratuen mapan, Pasaian (Gipuzkoa), «egiaztatze eta ikerketa handiagoa behar duten kasuen» atalean.
Jaurlaritzak udalei emandako dokumentazioan agertzen da Urigoitia «bi unetan botatako su-armen tiroen ondorioz» hil zela, Guardia Zibila izan zela egilea, eta autopsiaren pasarte batzuk eta orduko zenbait egunkarik plazaratutako informazioak ere badakartza. Horietan, nabarmentzen da tiroak bi izan zirela, horietako bat garondoan eta bertatik bertara emandakoa, armaren kanoiak«azala ia ukituz», eta auziaren ikerketan gertaturiko irregulartasunak ere jasotzen dira.
Alkateak adierazitakoaren arabera, herritarrak «babesgabe» sentitzen dira horrelako operazioen aurrean: «Alde batetik, eskatzen zaigu biktimei omenaldiak egitea, eta, beste alde batetik,biktima horiei omenaldia egiteagatik atxilotu eta Madrilera bidaltzen gaituzte», adierazi du Armendarizek.
Otxandioko Udalak osoko bilkura egin du, eta hango indar politikoek —EH Bildu eta EAJk dute ordezkaritza udalean— aho batez onartu dute atxiloketen inguruko agiri bat plazaratzea.
Agirian «elkartasun beroena» helarazten diete atxilotuei zein gertuko eta senideei, eta «herriaren nahia» agertzen dute «ahal den lasterren berriz etxean, libre eta euren eskubide guztien jabe» egon daitezen.
Era berean, «indarkeria politikoaren biktima izandako edozein herritarrek jendaurrean omendua eta aitortua izateko duen eskubidea» eskatzen du Otxandioko Udalak. Gogora ekarri dute Otxandion ere indarkeria politikoak bi herritarren heriotza eragin zuela, eta pentsatzen dute haien memoria bizirik gordez «etorkizuneko elkarbizitza aske eta baketsu baterako beharrezko oinarriak» jartzen ari direla .
Lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiari dei zuzena ere egin die Otxandioko Udalak, «udal honetako ordezkariak babes ditzan biktimen aitortza eta omenaldia egiteko orduan». Era berean, Luzia Urigoitiaren hilketaren kasua «behar bezala ikertzeko» eskaria egin dute.
Udal bilera baino ordu erdi lehenago, 400 herritar inguruk elkarretaratzea egin dute Otxandion, zenbait elkartek deituta, polizia operazioa gaitzetsi eta atxilotuei elkartasuna adierazteko.
«Modu zahar eta bortitzak»
Atxiloketen berri izan eta berehala, presako agerraldia antolatu du Sortuk, eta han, Pernando Barrenak eta Maribi Ugarteburuk gaitzetsi dute Guardia Zibilaren operazioa, «beste garai bateko polizia operazio ilunak» gogora ekartzen dituelako. «Espainiako Estatuak modu zahar eta bortitzetan jarraitzen du, itsu, errepresio zentzugabea erabiltzen», esan dute. Sorturen ustez, horrelakoen aurrean independentzia, «aukera» baino gehiago, «beharrizan» bilakatzen da.
Urigoitia Eusko Jaurlaritzaren Udal Erretratuen mapan biktima gisa agertzen dela ekarri dute gogora Ugarteburuk eta Barrenak, eta haren hilketaren inguruko zantzuen arabera hura «epaiketarik gabeko exekuzioa» izan zela ondoriozta daitekeela: «Orain, aldiz, hil zuten berberak datoz bere memoria gorde nahi dutenak atxilotzera. Eta guk esaten dugu elkartasuna eta memoria ez direla delitu gizarte demokratiko batean, eskubide eta betebehar ere badirela», erantsi dute.
Bakea eta Bizikidetza. Biktimak
Lau lagun atxilotu dituzte Otxandion, «terrorismoaren gorestea» egotzita
Luzia Urigoitia herrikide eta ETAko militanteari omenaldia antolatzea leporatzen diete.Urigoitiari biktima izaera aitortu dio Eusko Jaurlaritzak bere Udal Erretratuen mapan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu