Lau koronabirus kasu baieztatu dituzte Euskal Herrian

Nafarroan atzemandako pertsona larri dago. Araban beste pertsona bat dago kutsatuta. Eusko Jaurlaritzak «baretasunerako» deia egin du

Igor Susaeta.
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Beste bi koronabirus kasu atzeman zituzten atzo, Euskal Herrian: bat Araban eta beste bat Nafarroan. Horrenbestez, guztira lau pertsona daude gaitzak kutsatuta. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bi kasu baieztatu zituen herenegun, Araban eta Gipuzkoan. Osasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, Araban atzo atzemandako pertsona bezperan positibo eman zuen mediku arabarraren lankide bat da Gasteizko Txagorritxu ospitalean. Nafarroako Osasun Sailak nabarmendu zuenez, bestalde, koronabirusak kutsatutako pertsona Nafarroako Ospitaleko (Iruñea) zainketa intentsiboen unitatean dago, «pneumonia larri batek» jota. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 39 urte ditu, eta duela gutxi itzuli da Belgikatik, han egun batzuk igaro ostean. Espainiako Gobernuaren arabera, herrialde hori ez dago gaitzaz kutsatzeko leku «arriskutsuen» artean. Pertsona horrek herenegun jo zuen ospitalera.

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan adierazi zuenez, Araban eta Gipuzkoan kutsatutakoak beren etxebizitzetan ari dira tratamendua jasotzen, eta jakinarazi zuen, gainera, kutsatutakoekin kontaktua izan duten 110 pertsonaren jarraipena egiten ari direla. Murgak, dena dela, «baretasunerako» deia egin zuen, eta azaldu infekzioa «arrisku gutxikoa» dela.

Osasun Sailak zehaztu zuenez, 110 pertsona horietatik zazpi aurretik zeuden Txagorritxun ospitaleratuta, eta han jarraituko dute: seigarren solairuan bakartu dituzte. Gainontzekoei gomendatu die datozen bi asteetan etxean egoteko, «erne» segitzeko, higiene neurriak zaintzeko, eta, ahal bada, ez bidaiatzeko —horietatik bostek sintomak dituzte—. Osasun agintarien esanetan, beste pertsona batzuk ez kutsatzeko hartu behar diren neurri oinarrizkoak dira eskuak maiz garbitzea, eta eztula eta doministiku egitean ahoa ondo tapatzea, besteak beste.

Positibo eman duten kasuen xehetasunak plazaratu zituen Murgak. Gipuzkoako pertsonaren kasuan, Milanera (Italia) bidaiatu zuen; han egon zen otsailaren 18tik 22ra; 25ean lehendabiziko sintomak nabaritu zituen, eta 26an osasun etxe batera jo zuen.

Herenegun detektatutako beste kasuan, pertsona hori otsailaren 13tik 17ra Andaluzian (Espainia) egon zen. Murgak atzo nabarmendu zuenez, ordea, «ezin da baieztatu kutsatzeko arrazoia hori denik». Hain zuzen, atzo baieztatutako kasua aurrekoaren «kontaktu bat» izango litzateke, biek leku berean lan egiten baitute. «Gaitza duen pertsona bakoitzak bi edo hiru pertsona kutsatzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.