Lau karabela portuges agertu dira Donostiako Ondarreta hondartzan

Bandera horia jarri dute sorosleek bainua kontrolatzeko. Ziztada bat izan da goizean, baina «ez da larria izan».

Karabela portugesa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Karabela portugesa. ARITZ LOIOLA / FOKU
2024ko uztailaren 17a
15:00
Entzun

Bandera horia jarri dute Donostiako Ondarreta hondartzako sorosleek, marmokak dabiltzala adierazten duen bandera zuriarekin batera, bainua kontrolatzeko. Goizean lau karabela portuges bistaratu ondoren hartu dute neurria. Donostiako Udalak adierazi duenez,aurreko egunetan bildutakoak baino txikiagoak dira.

Azken astean hainbat karabela agertu dira Donostian. Atzo bertan, esaterako, sei aurkitu zituzten Zurriolan, lau Sagues aldean, eta beste bi Kursaaletik gertu. Azken horietako batek ume bat ziztatu zuen, baina ez zen larria izan.

Donostian lehenengo karabelak uztailaren 7an agertu dira aurten, Kontxako hondartzan. Santa Klara inguruan izan zen lehen ziztadetako bat. Orduan bandera horia jarri bazuten ere, segituan kendu zuten, bi egunez eremua berriro garbi zegoela ikusi baitzuten. Gaur berdin gertatu da, baina sorosleek ez dute berehala kendu ez bandera horia, ez zuria.

Iaz ere karabela, marmoka eta salpa mordoa agertu ziren Gipuzkoako hondartzetan, eta hainbat ziztada egin ziztuzten, larriak batzuk. Horri aurre egiteko, segurtasun protokolo bat jarri zuten martxan, eta aurtengo udan hari eustea erabaki du Udalak. Carlos Garcia zinegotziak eta Eduardo Flamarique BPXport enpresako buruak prentsaurreko batean adierazi dutenez, 47 sorosle daude guztira hiriko hondartzetan bainularien zaintza bermatzeko. Haien ardura izango da ziztadak tratatzea, baita bandera zuria eta horia jartzea ere, beharrezkoa denean.

Horrez gain, FCCren itsasontzi bat jarri dute badiara sartutako marmoka laginak uretatik jasotzeko, goizeko zazpietatik arratsaldeko zortzietara arituko dena. Badira hainbat lagingile ere itsasertzean, harean daudenak erretiratzeko. Ez dute jarriko marmokak harrapatzeko sarerik, hori ez baitute konponbide egokitzat. Marmoken presentzia igarri ostean bakarrik hartuko dituzte beharrezko neurriak.

Aurreko urtean 300 bat marmoka jaso zituzten. Donostiako hondartzen garbiketaren arduradun Mikel Egurzak adierazi du portuaren ondoan dauden kontainerretara eramaten dituztela bildutakoak, gero errausteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.