Dena prest dute Errenterian (Gipuzkoa) urriaren 1ean Kilometroak jaia ospatzeko. Erriola lelopean hamaika ekitaldi antolatu dituzte urtarriletik hona, eta urtea borobilduko dute Orereta ikastolaren aldeko bestan. Lau gune nagusi atondu dituzte egitarau zabala eskaintzeko, baina, horretaz gainera, hiru azpigune ere izanen dira, jendea sakabanatu ahal izateko. Galletera gunean Willis Drummond eta Dupla ariko dira, besteak beste; Lino gunean, Gozategi, eta Esti eta Mikel Markez; Esmalterian, Janus Lester, aurtengo Kilometroen kantua egin duen taldea; Alhondigan Andoni Ollokiegi izanen da; eta Errioan, Goazen.
Orereta ikastolak 60 urte bete ditu aurten, eta hari dagokio Kilometroak antolatzea. «Euskara eta euskal kultura, eskertza eta komunitatea izan ditugu zutabe urtarriletik hona antolatu ditugun egitasmo guztietan», esan dute gaurko aurkezpenean. Besta 10:00etan abiatuko da, ekitaldi instituzionalarekin. Lekuonako zubian ongietorria eginen diete agintariei, eta, Zumarditik eta Linotik pasata, Zamalbide gunean bukatuko da ekitaldia. Gainerako ekitaldiak 11:00etatik aurrera izanen dira.
Lino gunea Agirre Lehendakariaren plazan egonen da; Esmalteria, Koldo Mitxelena plazan; Galletera, Gernika plazan; eta Errioa, Iztieta pasealekuan. Guneen artean animazioa izanen dela esan dute, eta «galdu ezinezko» hiru azpigune ere prestatu dituzte: Zamalbide, Alhondiga eta Haurren Errioa.
Errenteriara iristeko
Kilometroak egunera garraio publikoan joateko gomendioa egin dute antolatzaileek, Euskotren, Lurraldebus edo Renfe erabilita. Hala ere, autoz joaten direnek bi aparkaleku izanen dituzte: Pasaiako Portuan bat, eta Txirrita-Maleo industrialdean bestea. Ohiko edari eta janari eskaintzarekin batera, eserita menua bazkaltzeko aukera ere eskainiko dute, 13 euroan –haurrentzat, 6 euroan–. Bazkarirako txartelak aldez aurretik erosi behar dira, kilometroak.eus webgunean.