Lau guardia zibilek ukatu egin dute Compains torturatu izana

Iaz Konstituzionalak auzia hartzera behartu, eta epaileak deklarazioa hartu die guardia zibilei. Torturaren gaineko ardura hartzeko eskatu die Compainsek PP, PSOE eta EAJri

Eneko Compains, atzo, Iruñeko epaitegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
«Espainiako auzitegietan dudan itxaropena hutsaren hurrena da». Eneko Compains iruindarrak 2010eko irailean torturak jasan zituela salatu ondotik, atzo, azkenik, lau guardia zibili deklarazioa hartu zien Iruñeko 1. Instrukzio Epaitegiko magistratuak. Laurek ukatu zuten Compainsen salaketa, eta «ETAren estrategiaren barruan» kokatu zuten. Epaitegiaren kanpoaldean, egungo «une politiko berezian», Compainsek aldarrikatu zuen torturatuek aitortza jasotzeko eskubidea dutela, eta, horregatik, zuzenean dei egin zien «torturaren gaineko erantzukizuna izan duten hiru alderdiei», hala nola PPri, PSOEri eta EAJri.

Compains 2010eko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak, beste bederatzi lagunekin batera, eta haietako seik torturak salatu zituzten. Hala ere, Sandra Barrenetxearen salaketak baino ez zuen aurrera egin. Aurrekari hori ondo gogoan zuen Compainsek atzo: «Nirekin atxilotu zuten, eta denok entzun genuen haren tortura testigantza latza». Iazko martxoan Bilbon eginiko epaiketan, Barrenetxeak hiru guardia zibil identifikatu arren, epaimahaiak errugabetu egin zituen.

Compainsen salaketa, hasieran, artxibatu egin zuen Iruñeko Epaitegiak, baina iaz Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berriz hartzera behartu zuen, ikerketa «sakon eta eraginkorrik» egon ez zela arrazoituta. Hartara, azken 11 hilabeteetan, deklarazioa hartu die Compainsi berari eta polizia etxean artatu zuen auzitegi medikuari. Atzo, azkenik, atxiloketan parte hartu zuten lau guardia zibilei deklarazioa hartu zien epaile instruktoreak. Ondoren, instrukzioa amaitutzat emango du.

«Epaileak erabakiko du ahozko saioa irekitzen den edo ez. Oraindik ez dago argi». Nahiz eta itxaropen handirik ez izan epaitegietan, Compains ziur dago tortura argitara aterako dela gizartearen eta erakundeen arteko elkarlanaren ondorioz. «Behar-beharrezkoa da hemen bizi dugun gatazka gainditzeko».

Era berean, ETA desegitear den honetan, torturaren auzian ere erantzukizunak hartzeko garaia heldu dela nabarmendu zuen. Bere kasuan, esaterako, salaketa lau guardia zibilen aurkakoa izan arren, argi du ez zutela motu proprio jokatu. «Hemen milaka kasu egon dira, estatu itun bat egon delako hori posible egiteko. Biltzen zituen alderdi nagusiak, epaileak, auzitegi medikuak eta, tamalez, komunikabide asko eta asko ere bai. Isiltasuna inposatu dute». Compainsen ustez, «oso larria» da iaz Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azterketak dioena, eta, horregatik, ezin da haren edukia kutxa batean sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.