Lau guardia zibil epaituko dituzte martxoan, torturak leporatuta

Sandra Barrenetxearen salaketen epaiketa egingo dute Bilboko Epaitegian. Duela sei urte atxilotu zuten, Ekinekoa zelakoan, eta iazko epaiak ez zuen espetxeratu. Martxoaren 11n, manifestazioa

Compains eta Barrenetxea Intxaurrondon, atzo, tortura salatu duten beste hainbat lagunekin. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena Enekoitz Esnaola
Donostia
2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuak jarrera aldatu ezean, baliteke martxoaren 14-16 artean Bilboko Epaitegian izango den epaiketa izatea torturaren aurkako azkena. Hala esan du Sortuk. Sandra Barrenetxea (Bilbo, 1975) ezker abertzaleko kidearen tortura salaketei buruzko epaiketa izango da. Lau guardia zibil daude auzipetuta.

Torturak salatutako hainbat pertsonak eman dute berria, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean. 2010eko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak Barrenetxea, beste zortzi lagunekin batera, eta baldintzarik gabe espetxeratu zuen Fernando Grande-Marlaska epaileak. Besteak beste, kolpeak, biluzteak, eraso sexistak, bortxaketa mehatxuak eta poltsa salatu zituen —Berria.eus-en dago testigantza irakurgai—. 2012ko otsailean baldintzapean aske geratu zen. Iaz epaitu zuten; beste kideen gisan, fiskaltzarekin akordioa lortu, eta ez zuten kartzelatu.

«Gureak ez dira kasu bakanak izan», oroitarazi dute agerraldian Eneko Compainsek eta Barrenetxeak. Atzean zuten gutxienez 5.657 torturatu izan direla zioen afixa —Euskal Memoriak berretsitako kopurua da—. Hainbat alderdi eta hedabideren «isiltasuna» salatu dute: «Tortura ez litzateke posible izango segurtasun indarren arduradun politikoek oniritzia eman izan ez baliote».

Nafarroako erakundeei deia

Pixkanaka, ordea, «isiltasun» hori gainditzen ari dela adierazi dute agerraldian parte hartu dutenek; Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ikerketa aipatu dute, eta Nafarroako erakundeei ere bide beretik jotzeko eskatu diete.

Martxoaren 11n Bilbon manifestazio bat izango da: aitortza, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak eskatuko dituzte. Gaur Zizurkilen, berriz, Joxe Arregiren omenaldia, eta Sortuk mobilizazio batzuk egingo ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.