Ertzaintza Getxoko (Bizkaia) Europa ikastetxeko ingeleseko irakasle bat ikertzen ari da, zenbait ikasleri sexu abusuak egin ote dizkien jakiteko. Hain zuzen, 4 urteko lau ikasleren —laurak neskak— familiek salaketa jarri diote, beren umeei sexu abusuak egitea egotzita. Vocento taldeak eman du albistea. Hain zuzen, sexu askatasunaren aurkako delituak egin ote dituen ikertzen ari dira. Ikerketa zabalik dago, salaketa gehiago egon daitezkeelakoan.
Komunikabideen arabera, joan den astean hasi zen guztia. Salaketa jarri duten ametako bat Gurutzetako ospitalera joan zen alabarekin, neskak mina zuelako gorputzeko atal intimoetan. Baieztatu zioten sexu erasoen zantzuak zituela. Umeak egunak zeramatzan eskolara joan nahi ez zuela, eta, gainera, bi egunetan barruko arroparik gabe itzuli zen etxera ikastetxetik. Amak eskolari jakinarazi zion, eta Ertzaintzan salaketa bat jarri zuen. Haren atzetik beste hiru salaketa etorri dira.
Ingeleseko irakaslea 30 urte inguruko gizonezko bat da. Hiru ikasturtetan aritu da Europa ikastetxean lanean. Lehenengo bietan kasu jakin batzuetan bakarrik lan egiten zuen, murgiltze programetan aritzen baitzen, baina urritik modu erregularrean aritu da lanean. Orain, baztertu egin dute eskolatik. Europa ikastetxea laikoa eta itunpekoa da.
Ikastetxeak ohar bat bidali die familiei. «Erabateko arduraz» jokatu dutela ziurtatu dute: hezkuntza ikuskariekin eta Poliziarekin koordinatzen aritu dira zantzuen berri izan duten «momentutik bertatik».
Horretaz gainera, familiekin izandako jokabidearen berri ere eman dute. Eskolaren esanetan, «kaltetutako mailako familiak» behar bezala informatu dituzte, eta haien esku jarri dituzte dauzkaten «baliabide guztiak»: «Beharrezkoa balitz, baliabide gehiago jarriko genituzke behar den denborarako». Erantsi dute beren helburua beti izan dela ikasleak eta haien familiak babestea eta irekita dauden legezko prozesuetan ez eragitea.
Bilera gurasoekin
Eskolako zuzendaritzak bilera bat izan du Haur Hezkuntzako ikasleen gurasoekin, azalpenak emateko. 15:30ean hasi da bilera, eta bi ordu inguru iraun du. Gurasoek ez dute adierazpenik egin bilerara sartzerakoan, ezta horren ostean ere; baten batek esan du «lasaiago» gelditu dela zuzendaritzaren azalpenak entzunda, baina, oro har, gurasoek nahiago izan dute kazetariekin berbarik ez egin, eta oso uzkur jokatu dute haiekin.
Eskolara ikasleen bila joan diren gainerako gurasoei dagokienez, zuhurtzia izan da nagusi, eta gehienek ez dute adierazpenik egin: «Ni aitita naiz, eta bilobaren bila etorri naiz; ez dakit ezer horretaz», azaldu du gizonezko batek. «Auziaz zer pentsatzen dudan? Egia baldin bada, plaza erdian eskegi beharko luketela». Guraso batek esan du «harrituta» gelditu dela albistearen berri izan duenean, eta uste du eskolak «zuzen» jokatu duela: «Irakaslea lantokitik baztertu dute, eta informazioa eman dute. Jokabide egokia izan dutela iruditzen zait».
Beste guraso batzuk ez daude hain pozik ikastetxeak izan duen jarrerarekin. EITBri egindako adierazpen batzuetan, guraso batek azaldu du joan den astean irakaslea lanean egon zela, ordurako ikastetxeak lehen salaketaren berri zeukan arren. Salaketa jarri duten gurasoetako batzuk, berriz, salatu dute ikastetxea «gertatutakoa estali nahian» aritu dela eta «eskolatik alde egiteko gonbita» egin ziela, El Correo egunkariari adierazi diotenez.
Ohar baten bidez, Guraso Elkarteak «babesa eta elkartasuna» igorri die salaketa jarri duten gurasoei, eta «errespetua eta zuhurtzia» eskatu du. Nabarmendu du ikerketa zabalik dagoela eta auzia orain Ertzaintzaren eskuetan dagoela. Hedabideei eskatu diete «ez argitaratzeko kontrastatu gabeko informaziorik».