Lau egunetan greba egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako irakasleek

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek grebara deitu dituzte irakasleak urtarrilaren 22rako eta 23rako eta otsailaren 26rako eta 27rako. Haurreskolak partzuergoko langileek ere lau greba egun egingo dituzte, baita sukaldariek eta garbitzaileek ere.

Sindikatuen ordezkariak, gaur, Bilbon. LAB
Sindikatuen ordezkariak, gaur, Bilbon. LAB
Irati Urdalleta Lete.
2024ko abenduaren 16a
11:00
Entzun

Grebara joko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan. LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek agerraldia egin dute gaur goizean, eta hala iragarri dute: sare publikoko irakasleak grebara deitu dituzte urtarrilaren 22rako eta 23rako eta otsailaren 26rako eta 27rako. Ez dira lanuzteak egingo dituzten bakarrak izango: Haurreskolak partzuergoko langileek urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an egingo dute greba; sukaldariek eta garbitzaileek, berriz, urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 19an eta 20an. Horrela, protestarako deia egin dute, kaleak betetzekoa: «Hezkuntza publikorako diru inbertsioa handitzeko garaia da, eta langileon eskubideen urraketa geldiaraztekoa».

Uste dute badagoela greba egiteko arrazoirik. Azaldu dutenez, sindikatuek bat egin dute hainbat motiboren bueltan: hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak hobetzea, babestu behar den hezkuntza publikoaren aldeko apustua egitea eta eskola publikoa erdigunean jartzea. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila berria den arren, azken urteotako jokamolde berbera du, sindikatuen irudiko: «Hezkuntzako langileon lan baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak alde bakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak etengabe luzatzen dituztelako eduki esanguratsurik gabe».

Horiek horrela, iruditzen zaie ez zaiela geratu grebara jotzea beste aukerarik. Azaldu dutenez, grebara deitu dituzten talde guztietako lan hitzarmenak iraungita daude, eta negoziatzeko garaia da orain: irakasleen hitzarmena 2010etik berritu gabe dago, eta sukaldeetakoa, garbiketakoa eta Haurreskolak partzuergokoa 2009tik. «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sail honek ere aurrerapausorik ez du ematen hitzarmenak berritzeko beharrezko edukiak proposatzeari dagokionez».

Zazpi eskaera

Sektore bakoitzerako beren-beregi ondutako eskaerak badituzte ere, zazpi eskaera nagusi dituzte guztientzat: lan zama geroz eta handiagoak arintzeko neurri zehatzak adostea; erretiroa aurreratzeko lanpostuen gaztetze plana garatzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; lanpostu publikoak egonkortzea; eta lanpostuak bermatzea eta egonkortzea, «jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz» ikastetxe publikoak bateratzea eta ixtea erabakitzen ari diren honetan. Horietaz gainera, zera eskatu dute: hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea; azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea, langileen lan osasuna zaintzeko eta bermatzeko; eta baliabideak jartzea, «kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak» garatu ahal izateko. Oraindik ez dute zehaztu greba egunetan zein mobilizazio egingo dituzten.

eskaera zehatzak

  1. Lan zamak arintzea.

  2. Gaztetze planak egitea.

  3. Erosahalmena berreskuratzea.

  4. Lanpostuak egonkortzea eta bermatzea.

  5. Ordezkoen lan baldintzak hobetzea.

  6. Baimenak hobetzea.

  7. Lan osasun, berdintasun eta euskara planak garatzea.

irakasleak kalera, nafarroan ere

Nafarroan, dagoeneko, bi greba egun egin dituzte sare publikoko irakasleek, eta urtarrilean eginen dute hirugarrena. Lau eskaera zehatz egin dizkiote Hezkuntza Departamentuari: ratioak jaistea, soldatak igotzea, lan gainkarga arintzea eta kontratuak egonkortzea. Orain arteko bi lanuzteen ostean, Afapna, Anpe eta UGT sindikatuek hitzarmena sinatu zuten departamentuarekin iragan azaroaren 27an, baina gehiengo sindikalak —LAB, Steilas, ELA eta CCOO— iragarri du mobilizazioei eutsiko diela. Hilaren 19an dute lehen hitzordua: Nafarroako Parlamentuaren aurrean protesta eginen dute, bertan aurrekontuak eztabaidatuko dituztela baliatuta. Urtarrilaren 30ean, berriz, grebara deituak daude irakasleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.