Hamahiru gizon atxilotu dituzte asteburuan Hego Euskal Herrian, indarkeria matxista egotzita

Besteak beste, Ondarroan, Tuteran, Bilbon, Donostian eta Gasteizen atxilotu dituzte. Osasun zentro batean lankide bati ukituak egitea leporatu diote Bizkaiko atxilotuetako bati.

Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2024ko abuztuaren 19a
14:00
Entzun

Hamahiru gizon atxilotu dituzte asteburuan Hego Euskal Herrian, indarkeria matxista egotzita. Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen atzo goizean Ondarroan (Bizkaia), sexu erasoa egitea egotzita. Zehazki, herriko osasun zentro batean lankide bati ukituak egitea leporatu diote. Atzo 10:30 aldera gertatu zen erasoa, eta biktima komisariara joan zen salaketa jartzera. Polizia osasun etxera agertu zen, gizona atxilotzera, eta polizia etxera eraman zuten gero.

Bilbon hamabost lagun atxilotu dituzte bestetako bigarren egunean, horietako bi indarkeria matxista egotzita. Juan Mari Aburto hiriko alkateak hala baieztatu du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.

Donostian ere 20 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, sexu erasoa egitea egotzita. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, igande goizaldean gertatu zen erasoa, hiriaren erdigunean dagoen diskoteka baten alboan. Biktimak Ertzaintzara deitu zuen, eta momentu horretan atxilotu zuten gizona. Polizia etxera eraman zuten, eta epailearen esku utzi zuten gero. Sexu erasoa egiteaz gain, emakumeari diru zorroa lapurtzea egotzi diote.

Ostiralean, gainera, 31 urteko gizon bat atxilotu zuen Udaltzaingoak Gasteizen, bikotekideari mehatxu eta eraso egitea egotzita. Udalaren arabera, establezimendu publiko batean gertatu zen erasoa, eztabaida baten ostean. Joan den ostegunean beste gizon bat atxilotu zuten Arabako hiriburuan, emakume baten babes agindua urratzeagatik.

Nafarroan zortzi gizon atxilotu dituzte asteburuan, indarkeria matxista egotzita. Horietako sei Burlatan, Santsolen, Sarrigurenen eta Tuteran atxilotu dituzte. Azken herri horretan 30 urteko gizon bat atxilotu du Udaltzaingoak, bikotekidea jo izana eta indarkeria matxista leporatuta. Foruzaingoaren komisariara eraman zuten gizona, eta bertan egonen da epailearen esku geratu arte. Beste hiru pertsona Iruñean atxilotu dituzte; tartean, bikote bat. Gizonari tratu txarrak egitea egotzi diote; emakumeari, berriz, arma zuriz eraso egin izana. Beste gizon bat da hirugarren atxilotua: bikotekide ohiaren etxean sartu, hari eraso egin, eta ume bat eramaten saiatzea egozten diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.