Iruñeko Udaltzaingoak adierazi duenez, indarkeria matxistarekin lotuta lau atxiloketa egin zituzten Gabon zahar gauean Iruñean. Lau atxilotuetako hiruri bikotekideei tratu txarrak ematea egozten diete, eta laugarrenari, berriz, emakume bati sexu erasoa egitea. Den-denak epailearen esku utzi dituzte.
Gabon zahar gauean eta Urteberri egunean, hiru gizon atxilotu zituzten eraso matxistekin lotuta Iruñean. Bikotekideei tratu laidogarria ematea, haiek iraintzea eta mehatxatzea leporatzen diete.
Horrez gain, beste gizon bat atxilotu zuten hiriko erdigunean. Emakume batek salatu zuen gizonak ukituak egin zizkiola. Udaltzainek gizona identifikatu zuten, eta atxilo hartu. Sexu erasoa egitea egozten diote.
11 hilabeteko zigorra
Nafarroako Probintzia Auzitegiak berretsi egin du gizon bati emaztea jotzeagatik jarritako zigorra. Gizonari 11 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta bi urtez emakumearengandik urruntzeko agindua.
Erasoa 2022ko abuztuan gertatu zen, iluntzean. Gizona auto bat gidatzen ari zen, eta barruan emaztea eta hamar urteko semea zihoazen. Gizona eta emakumea eztabaidan hasi ziren; orduan, gizonak, autoa gelditu, eta emakumea buruan jotzeari ekin zion. Andrea bultzatzen ere hasi zen, autotik kanporatu nahian. Adingabea autoko atzeko partean zihoan, eta bi gurasoen artean jarri zen, gizonak emakumea jotzeari utz ziezaiola lortu nahian.
Zenbait lekukok ikusi zuten gertatzen ari zena, eta Poliziari deitu zioten. Poliziek, bertaratu, eta gizona atxilo hartu zuten. Emakumeak ez zuen salaketarik jarri nahi izan, baina lekukoen testigantza nahikoa izan zen gizonari auzibidea ireki eta hura epaitzeko.
Aldundiaren gaitzespena
Gipuzkoako Foru Aldundiak, adierazpen baten bidez, gaitzetsi egin ditu herrialdean azken egunotan izandako indarkeria matxistako kasuak. Zehazki, asteartean gizon bat atxilotu zuten Getarian, (Gipuzkoa), herrian izandako sexu erasoaren egilea delakoan, eta Azpeitian ere (Gipuzkoa) beste bi gizonezko atxilotu dituzte, bikotekideei eraso egiteaz akusatuta.
Aldundiak bat egin du Getariako eta Azpeitiko udalek plazaratutako adierazpenekin, eta gogorarazi du horrelako gertaeren jatorria dela «gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta, eta emakumeak menperatu eta kontrolatu nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak».
Aldundiak nabarmendu du gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, duintasuna, sexu askatasuna eta segurtasuna «ezin urratuzko eskubideak» direla: «Emakume guztiek dute aisialdiaz eta harreman sozialez askatasunez disfrutatzeko eskubidea». Indarkeria matxistarik gabeko kale, auzo, herri eta hirien alde egin du aldundiak.