Lau andre erredakziora begira

'BERRIA Komunikazio eskola' deituriko ikastaroa egin dute EHUren Udako Ikastaroetan, BERRIA Taldeko ordezkariek gidatuta. Andreek erredakzioetan duten lekuaz aritu dira

June Fernadez, Kattalin Miner —moderatzailea—, Elixabete Garmendia, Maialen Berasategi eta Maite Asensio. J.C.R / FOKU.
arantxa iraola
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Elixabete Garmendia Lasa: «Ni naiz emakume kazetariak exotikoak ginen garaikoa». June Fernandez Casete: «Ni 22 urte nituela hasi nintzen El Pais egunkariko erredakzioan. Nik gizon haietako bat izan nahi nuen». Maite Asensio Lozano: «Emakumeen kirolaz emakumeek hitz egiten dute, ekonomia feministari buruz emakumeek hitz egiten dute... Emakumeen gaiak dira, eta emakumeen gain geratzen da akuilu lana egitea ere. Neuk sentitu dut maiz polizia lanak egitea egokitu zaidala». Maialen Berasategi Catalan: «Lanean agertzen diren ezin konponduetan, generoaren aldagaia bete-betean agertzen da». Atzo, BERRIA Taldeak BERRIA komunikazio eskola izeneko ikastaroa eskaini zuen EHU Euskal Herriko Udako ikastaroen barruan, eta arratsaldean mahai baten inguruan elkartu zituen lau andre horiek, Komunikazioa eta emakumeak: hegemonia kontuak erredakzioetan goiburupean. Egun osoko jardun baten amaiera izan zen. Goizeko saioetan, hedabideko arduradunek eta profesionalek hartu zuten hitza.

Kattalin Miner Perez idazleak jardun zuen moderatzaile. Lau emakumeak makina bat ordu sartuak dira erredakzioetan, hamaikatxo bat albiste, elkarrizketa edo erreportaje idatzi, antolatu edo zuzendutakoak; talaia horrexetatik solastatu ziren, andre begiekin. Garmendia Lasa Zeruko Argia zenean hasi zen, eta ETBn osatu zuen lan ibilbidea. Berasategi Catalan BERRIA Taldeko Euskara Taldeko zuzentzailea da egun. Fernandez Casetek El Pais egunkarian hasi zuen bidea, hainbat jardunbidetan jardun zuen ondoren, eta, feminismora hurbilduta, Pikara aldizkaria sortu zuen; hantxe dihardu egun. Maite Asensio Lozano BERRIAko Gizartea saileko koordinatzailea da egun, eta erreferente garrantzitsua genero ikuspegia aintzat hartzen duen kazetaritzan.

Ez zituzten ezkutatu itzalak. Erredakzioan andreak «exotikoak» ziren sasoian hasitakoa da Garmendia; egun usu «soberakinak» diren susmoa du. Zalantza handiak eragin dizkion prozesu bat ikusi du: «Kazetaritza feminizatu denean, balioa gutxitu egin zaio; bide batez, prekarizatu ere egin da». Hedabideetako edukietan emakumeei ematen zaien lekuari dagokionez hobera egin bada ere, oraindik zeregina franko dago, Asensiok oroitarazi zuenez. Sarri oraindik «amaierako eranskina» izaten dira andreak; gai baten inguruan oparo mintzatzen diren hainbat gizonen ondoan, azken aipamen bat, bete beharreko kuota bat. «Halakoak gertatzen diren heinean, sendotu egiten da gizonen errealitatea unibertsala dela eta emakumeena partikularra dela dioen ideia».

Egiteko beste era batzuk

June Fernandezek ikasketa prozesu bat deskribatu zuen; feminismoan sartzeak gauzak ikusteko eta ulertzeko beste era bat ekarri zion. Egiteko beste era baten bila ere badabiltza orain, eta Pikara aldizkariko lantaldean, esaterako, saiatzen dira mundua ikusteko era horren arabera jarduten. Argi dute: «Etxean bertan hasi behar dute lanek». Hierarkiak apurtzera egin dute. «Lantaldean, egitura horizontal baten aldeko hautua egin dugu; egun, denok ditugu estatus bera eta soldata bera». Etengabeko gogoeta eskatzen du. Izan ere, «gizartearen isla» dira erredakzioak ere. Berasategik esplikatu zuen, adibidez, BERRIA Taldeko Euskara Taldean —ustez «sortzailea» den lan horretatik at dihardute— ia denak direla emakumeak: «Kasualitateak zer diren, erredakziotik kanpoko lanak oso feminizatuta daude». Ez da detaile ezdeusa: «Gure taldean denak andreak izateak eragina du egunerokoan, dinamiketan eta harremanetan».

Onartu zuten feminismoaren indarra, martxoaren 8ko lorratza; baina ezin da lo hartu. Asensio: «Nola blindatuko ditugu gai hauek? Zeren eta onartuta dago genero ikuspegia txertatzea gure egunerokoan, gure gaitegian. Baina zenbaitetan egiten da ahal denean, eta zenbaitetan beste aldagai batzuk ere sartzen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.