Azaroaren 7an izan zen Informatikari Euskaldunen Biltzarra, Donostian, Carlos Santamaria gunean, eta han, besteak beste, lehian jarri zituzten hainbat hizkuntza eredu. Helburuetako bat zen EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hitz zentroa garatzen ari den Latxa eredu berria «sistema komertzial hoberenen kontra» lehian jartzea, eta horra ondorioetako bat: GPT-4o eredu ezagunaren parean geratu zen ia. Bien aurretik beste bat geratu zen, ordea; lehiaketaren emaitzen arabera, egun euskaraz «hobekien» dabilena Claude Sonnet 3.5 sistema komertziala da. Anthropic enpresarena da eredu hori.
EHUk albistearen berri emateko zabaldu duen oharraren arabera, bigarren GPT-4o sistema geratu zen, eta haren «ia parean» geratu zen Latxa. «Koska bat beherago» geratu zen Gemini Flash 1.5, eta «askoz beherago» Command R+ eta LLama 3.1. Azken hori Latxa berriaren «oinarria» da. Hitz zentroa Latxa hobetzeko lanean ari da, eta, zentroko ikertzaileen arabera, «ezustea» izan da GPT-4o eredutik hain gertu egotea. «Hau Latxa berriaren lehen prototipoa izan da, txikiena, eta asko dugu hobetzeko. Joan den urteko esperimentuetan, Latxa handienak tartea atera zion Latxa txikienari, eta, hortaz, Latxa berri handia ere askoz hobea izatea espero dugu», azaldu du zentroko zuzendari Eneko Agirrek.
Lehiaketa egin zuten sistemak erabili eta horien gaineko botoak zenbatuta. Denera 335 boto jaso zitutzen. Metodoa zein den azaldu dute: «Erabiltzaileak eskaera bat egiten dio sistemari, eta honek bi eredu ezberdinen erantzunak ematen dizkio, bat bestearen ondoan». Bi erantzunak aztertuta, «onena» iruditzen zaiona aukeratu behar izaten du erabiltzaileak. Alborapenik egon ez dadin, botoak «itsuak» izan dira. Hain justu ere, erabiltzaileak ez du jakiten zein bi eredu ari den epaitzen.