Lasterbidean ekinaldiaren azkeneko aldia Abadiñon eginen dute

Ekainaren 15ean izanen da preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkartasun lasterketa. Bezperan jaialdia eginen dute, Anje Duhalderi esker ona adierazteko.

Lasterbidean ekimenaren azken edizioa izanen da aurten. LASTERBIDEAN
Lasterbidean ekimenaren azken edizioa izanen da aurten. LASTERBIDEAN
Isabel Jaurena.
2024ko maiatzaren 22a
19:00
Entzun

Ekainaren 14an eta 15ean eginen da Lasterbidean egitasmoaren azkeneko aldia, Abadiñon (Bizkaia). Hala iragarri dute gaur arratsaldean antolatzaileek: «Agian aurrerago beste bat etorriko den itxaropenarekin, herri honetan preso eta iheslarien aldeko elkartasunak ez duelako etenik izango». Euskal presoen eskubideen aldeko lasterketaren hamargarren aldia izanen da aurtengoa, zeinak, lasterketaz gain, martxa ere izanen duen lehenbiziko aldiz.

«Preso eta iheslari denak etxeratuko ditugun segurtasunaz heldu da azken Lasterbidean Abadiñora», azaldu dute. Hortaz, eskerrak eman dizkiete ekinaldiaren aldi guztietan ondoan izan dituzten guztiei, milaka kilometroko bidaiak egin dituzten senideei, Mirentxineko boluntario guztiei, eta kartzeletan egon diren eta oraindik bertan dauden euskal presoei. «Denon artean sakabanaketa gainditzeko gai izan gara, eta etxerako bidea egiteko gai izango gara», borobildu dute.

Bi eguneko egitaraua izanen dute: ekainaren 14an, ostiralean, 18:00etan hasiko dute eguna, dortsal banaketarekin. 20:30etatik aurrera, jaialdia izanen dute, Anje Duhalderi esker ona adierazteko; Duhaldez gain, bertze hainbat lagun ere izanen dira oholtza gainean. Biharamunean izanen da lasterketa: luzea 11:00etan abiatuko da, eta motza 12:30ean. Oinezko martxa, berriz, 09:30ean. Ekainaren 13a bitarte egonen da zabalik izena emateko epea, hemen. Herri bazkaria ere eginen dute; hamabost euroren truke erosi ahalko dira txartelak.

Ekitaldi nagusia iritsi artean, ekintza ugari antolatu dituzte bai Abadiñon, baita Durangaldean ere. Adibidez, datorren igandean, maiatzaren 26an, mendi martxa eginen dute Atxondon (Bizkaia), eta hilaren 31n pilota desafioa Abadiñon.

Elkartasuna kirolean

Lasterbidean ekinaldia 2013an egin zuten lehenbiziko aldiz, Oiartzunen (Gipuzkoa), eta ordutik bertze bederatzi aldi egin dituzte. Euskal preso eta iheslariei elkartasuna adierazteko saio bat egitea izan zen sortzaileen helburu nagusia, haiek gizarte arlo guztietan egon zitezen presente.

Kirolarekin lotutako zerbait izanen zela argi zuten antolatzaileek, eta mendi martxa bat zuen buruan hasieran. Ordea, parte hartzea handiagoa izanen zelakoan, lasterketa mendian beharrean, kalean egitea erabaki zuten. Lehenbiziko erabakia hartuta, preso eta iheslariengana eta beren familiengana jo zuten, eta haien onespenarekin abiatu zuten egitasmoaren antolaketa. Parte hartzea ziurtatzeko, eta pertsona horiek ordezkatuta egoteko, preso bakoitzari eskatu zioten bi pertsona lortzeko, eta iheslarien kasuan 1.500 lagunetan jarri zuten muga. Lekua eta parte hartzaileak lotuta abiatu zuten lehenbiziko saioa, eta 11 urte eta hamar aldiren ondoren emanen diote bukaera azkenari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.