Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, dozenaka lagunek martxa bat egin zuten atzo goizean Zubietako erraustegiraino (Gipuzkoa), Lasarte-Oriatik abiatuta. Donostiako Erraustegiaz…zer ez digute esaten? izan zen leloa. «Informazioa ezkutatzen ari dira. Urte eta erdi da erraustegia martxan dela, eta ez dira hangoen berri ematen ari», adierazi zion Errausketaren Aurkako Mugimenduko kide batek Euskadi Irratiari. Hain zuzen, joan den astean aitortu zuen GHK-k apirilaren 26an matxura bat izan zuela erraustegiak.
EAMko kideek Donostia Bizirik, Eguzki, Greenpeace eta Ekologistak Martxan elkarteek gogor kritikatu zuten matxuraren berri izan ondorengo isiltasuna. Hondakinen politika ere salatu zuten: «Erraustegiak ez du konpondu hondakinen arazoa, eta, kontrara, Zubietan eta inguruetan eguneroko ogia da hondakinen errekuntzak eragiten duen kutsadura».
Lasartetik Zubietaraino, erraustegiaren auzian gardentasuna eskatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu