Memoria inklusiboa eraikitzeko bidean, «berri pozgarria» da EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin Memoria Demokratikorako Legeaz adostutakoa, koalizioaren Espainiako Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak adierazi duenez. Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzea hitzartu zuten bi aldeek, eta, hain justu, La Cumbren egin ditu adierazpenak gaur Aizpuruak. Bertan izan da Asun Lasa eta Miguel Mari Lasa Joxi Lasaren anai-arrebarekin eta Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailearekin batera.
Jauregia Donostiako Udalaren esku geratuko da urtebeteko epean, eta eskualdatzeak «aspaldiko aldarrikapen historikoei» erantzuten diela adierazi du Aizpuruak: «iraganeko gertaerak aitortzea» eta «ahaztutako biktimei erreparazioa bermatzea». Izan ere, Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren egoitza izan zen jauregia, eta han torturatu zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala, kare bizitan lurperatu aurretik.
Lekua berreskuratu izanak duen balio sinbolikotik harago, «ukatutako errealitate isilarazia azaleratzen eta plazaratzen» lagun dezakeela uste du Aizpuruak, eta, zentzu horretan, aurrera begira «itxaropenerako aukera leiho bat» zabaltzen duela. Bide hori «biktimen eskutik» egingo dutela nabarmendu du.
Pili Zabala Joxi Zabalaren arreba ere pozik agertu da Memoriaren Demokratikorako Legean izandako akordioagatik. La Cumbre memoria gune izendatzea «giza eskubideen lorpena» dela esan du, eta Argentinako «atxilotze zentro klandestinoekin» egindakoarekin parekatu du, horietako asko egun memoria gune direla eta. Argentina memoriaren alorrean «eredu» izan daitekeela erantsi du.
EH Bilduk eta PSOEk adostutakoak neurri gehiago ere jasotzen ditu. Esaterako, legearen aplikazioaren denbora muga 1983ko amaierara arte luzatzea. Hori ere txalotu du Zabalak, haren ustez, frankismoa ez baitzen 1975ean amaitu, eta haren estatu aparatuek gerora ere bertan jarraitu baitzuten, «bai trantsizioan eta baita demokraziaren lehen urteetan ere».
Ezkabakoa, «esanguratsua»
Memoria gune izendatuko dute Ezkabako gotorlekua ere. Legea onartu eta urtebeteko tartean egin beharko dute. Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak nabarmendu du gotorlekuak «pisu handia» duela Nafarroako herritarrentzat, eta «esanguratsua» dela faxismoaren kontrako mugimenduarentzat nahiz memoriaren aldekoentzat. Azken horiek gotorlekua Nafarroari emateko hainbatetan eskatu izan dutela gogorarazi du, eta haien eskaria zuzenketa moduan sartzea erabaki zutela.
Nafarroako presidenteorde Javier Remirezek ere aurrerapausotzat jo du espazioa bereganatu izana, baina meritua kendu dio hori lortzeko moduari; EH Bilduren eta PSOEren arteko akordioari, alegia. «Garrantzitsua memoria historikoan aurrera egitea» dela esan du.