Igandean izango da egun handia Hondarribian (Gipuzkoa), baina, alardea iritsi bitartean, «giroa lokazteko» saiakerak baretzeko deia egin dute Jaizkibel konpainia parekideko kideek: «Berriro ere, elkarguneen, ospakizun bateratuen eta lasaitasunaren aldeko mezua zabaldu nahi dugu». Izan ere, Jaizkibelek konpainia gisa desfilatuko du lehen aldiz, ez manifestazio gisa.
Gutunak bidali dituzte Hondarribiko etxe guztietako buzoietara. Bertan azaldu dute hitz eginez iritsiko dela «konponbidea», eta horixe egin nahi dutela udal gobernuarekin eta bestelako eragileekin. Oroitu dute beren borrokak giza eskubideekin duela zerikusia.
«Oso garrantzitsua» iruditzen zaie Hondarribiko Udalak egindako ebazpena: bertan jasotzen da Jaizkibelek alardean parte hartzeko erabakia. Ebazpena dokumentu bakarrean etorri izana nabarmendu dute, herriko konpainia guztiak batera biltzen dituelako. Halere, esan dute hori errealitate bilakatzeko urratsak egiten jarraitu beharko dela. Adibidez, desfilearen hasiera.
Leku gutxi
Gernikako Arbolatik hasten da urtero alardea, baina Jaizkibelek ez zuen bertatik hasteko baimenik orain arte. Aurten bertan izango dira, lehen aldiz, eta «pozik» daude horregatik. Hori bai, beste konpainiekiko «segurtasun distantzia bat» mantendu beharko dute. Konpainia parekideko kideek adierazi dute beraiek ez dutela horren beharrik: «Gu ez gara gure herrikideen beldur; alboan egon gaitezke».
Ohartarazi dute, era berean, Jaizkibelentzat egokitutako espazioa ez dela konpainiak duen tamainaren proportzionala, eta «denek» —udalak, beste konpainiek, udaltzaingoak…— dakitela ez direla bertan kabituko.
Jaizkibeleko kideek eskertu egin dute udalak ebazpenarekin egin duen lana, baina uste dute beste urrats bat egin behar duela: elkarteek eskaerak egitea baino gehiago, «alkatea erabakiak hartzen hastea, alarde parekide bakarrerantz».