Kalean, beldur handiarekin ibiltzen zara. Edozein gazte baldin badatorkizu, beti duzu zalantza: polizia ote?». Migratzaile askok duten kezka aratz azaldu zuen Cheikhouna Dieng gazteak 2017an BERRIAn egindako elkarrizketa batean. Bizipinetan oinarrituta. Izan ere, Senegalen sortua da, baina Iruñeko Txantrea auzoan bizi da orain hamar urte baino gehiago; 2015ean, Poliziak atxilotu zuen, eta kanporatze agindu bat mehatxu izan du ordutik. Auzoan eta hiri osoan, ordea, ahaleginak egin dira haren egoera konpontzeko, eta atzo haren babes taldeko kideek gutun baten bidez jakinarazi zuten bizileku baimena lortu duela. Lan kontratu bat lortuta, asko errazten da baimen hori eskuratzeko bidea, eta, hain justu, modu horretan lortu du migratzaile gazteak paperak izatea.
Berritu egin beharko du oraindik ere baimen hori datozen urteetan, eta behin betiko konponbidea «iraupen luzeko lasterketa bat» izango dela adierazi dute haren gertukoek. Izan ere, Senegalgo gaztearen egoerak agerian utzi du migrazio politiken ondorioz zer-nolako arazoak izaten dituzten atzerritik etorritako gizon eta emakume askok. Isileko istorioak dira askorentzat, baina Diengek haren inguruan lortu duen errotzeak eta horrek eragindako babes keinuek aparteko oihartzuna eman diote haren kasuari. Txantreako jaietako suziria piztu zuen, Iruñeko herri sanferminei hasiera eman zien iaz, azken Korrikako lekukoa eraman zuen, agerraldi jendetsuak egin zituzten haren egoera ezagutzera emateko eta babesa erakusteko... Nafarroako erakundeek eta Iruñeko Udalak ere egin dituzte keinuak haren alde. Ahalegin horiek guztiak «eskertu» nahi izan dituzte orain migratzaile gaztearen gertukoek.
Onartu dute mobilizazioak alde batera utzita isilean egin dituztela azken hilabeteak, gaztearentzako lan kontratu bat eskuratzeko ahaleginean, bereziki. Auzitarako bidea ere jorratu zuen aurretik Diengek; hirian errotuta zegoela erakutsita, kanporatzeko agindua bertan behera uztea zen asmoa, baina ez zuen aldeko ebazpenik lortu justiziatik.
Lasaiago ibiliko da orain Cheikhouna Dieng
Fruitua eman dute Iruñeko Txantrea auzoan bizi den migratzaile gaztearen alde egindako keinu eta ahaleginek: haren babes taldeko kideek jakinarazi dute paperak lortu dituela, lan kontratu bat tarteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu