Lasa eta Zabala oraindik ez dituztela «terrorismoaren biktima» gisa aitortu gogoratu dute Alacanten

Laster beteko dira 40 urte bi gazteak bahitu, torturatu eta hil zituztenetik. Busoten oroitu dituzte gaur: lore eskaintza bat egin dute euren gorpuak ezkutatu zituzten tokian.

Lasa eta Zabala oroitzeko senide eta lagunek egindako lore eskaintza, gaur, Alacanten. MANUEL LORENZO / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 7a
18:43
Entzun

Duela 40 urte hil zituen GALek Joxean Lasa Arostegi eta Joxi Zabala Artano. Hain zuzen, Baionan desagerrarazi zituzten 1983ko urriaren 15eko gauean, errefuxiatu batek Arrangoitzeko festetara joateko utzi zien autoa hartzerakoan. Donostian torturatu eta Alacanten (Herrialde Katalanak) hil zituzten, buruan tiroa jota. Bahiketaren urteurrenaren harira, Egiari Zor fundazioak ekitaldi bat antolatu du gaur gorpuak aurkitu zituzten tokian: Busoten. Bertan izan dira Lasa eta Zabalaren senideak eta lagunak, baita ordezkari politikoak ere. Salatu dute, 40 urteren ostean, oraindik ez dituztela «terrorismoaren biktima» gisa aitortu.

Lore eskaintza batekin oroitu dituzte 50 pertsona inguruk bi gazte tolosarrak, eta algarrobo bat landatu dute. Horrez gain, hitza hartu dute Pili Zabalak –Joxi Zabalaren arreba– eta Axun Lasak –Joxean Lasaren arreba–. Zabalak «estatuaren hurbilketa zintzo» bat aldarrikatu du, bertan gertatutakoa aitortzeko eta bere neba eta Lasa «biktimak» direla onartzeko. Azaldu duenez, hilobien ondoan landatutako algarroboarekin «etorkizun baketsu bat» irudikatu nahi izan dute.

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea (Gipuzkoa) ere bertan izan da, eta esan du ezin dela ahaztu 1983an gertatutako «ankerkeria» hura. «Hilabeteetako desoseguaren ondoren, gorpuak agertu zirenean, estatu indarkeriaren gordintasuna parez pare ikusi genuen». Alkateak «biktima guztien erreparazio integrala» exijitu du, eta gogoratu du Espainiak oraindik ez diela biktima izaera aitortu Lasari eta Zabalari: «Senideek ez dute inolako aitortza ofizialik». Sortuko Haimar Altunak, bere aldetik, gogoratu du «gatazka politikoak sufrimendu ugari» eragin duela Euskal Herrian. Eta euskal gizarteak bizikidetzaren eta bakearen alde egindako aurrerapausoak nabarmendu ditu, gaineratuz ahalegin horretan ezker abertzaleak «urrats sendo eta zintzoak» eman dituela «zauri horiek sendatu eta biktima guztien mina aitortzeko».

Era berean, Egiari Zor-ek X sare sozialean salatu du, gaur gaurkoz, Lasa eta Zabala ez dituztela «terrorismoaren biktima» gisa aitortu. Eta Espainiako Gobernuari dei egin dio «Estatu terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketa guztien erantzukizunak» bere gain har ditzan eta «eragindako mina» aitor dezan. Fundazioaren arabera, beharrezkoa da sekretu ofizialen legeak babesten duen dokumentazioa argitara ateratzea: «Giza eskubideen kontrako jarduerak sekretupean mantentzea biktimei eskubideak ukatzea da, inpunitatea iraunkortzea eta estatu bortxa legitimatzea».

Gaurkoa ez da izan Lasa eta Zabala oroitzeko egingo duten jarduera bakarra. Urriaren 10ean, fundazioak Lasa eta Zabala filmaren proiekzioa eskainiko die Tolosako hainbat institututako ikasleei. Ostean, Martxelo Otamendi kazetari eta BERRIAko zuzendari ohiak Axun Lasa eta Pili Zabala senideen arteko solasaldia gidatuko du. Egiari Zor-ek ekitaldiaren «eragin positiboa» azpimarratu du: «Horrelako egitasmoek agerian uzten dute errealitate horren aurrean gizarte gisa blindatu egin behar garela etorkizunean berriz horrelakorik gertatu ez dadin». Urriaren 20an, hirugarren eta azken ekitaldia egingo dute Tolosako Topic Aretoan, 19:30ean.

12 urte ezer jakin gabe

Bi gazte tolosarrak 1983an hil bazituzten ere, euren arrastoak 1985ean topatu zituzten Busoten. Are, ez zuten jakin haiek zirela 1995era arte: Pako Etxeberria antropologo forentseak baieztatu zuen orduan. Gorpuak identifikatu eta lau urtera egin zuten GALen aurkako epaiketa, eta 2000ko apirilean eman zuen auziko epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Legez kanpoko atxilotze eta hilketa delituengatik, bost lagun zigortu zituzten: Angel Vaquero, Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilak, Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibila eta Enrique Rodriguez Galindo komandantea. 67 eta 71 urte arteko zigorrak jarri zizkieten. Alabaina, inork ez zuen zigorra osorik bete: 2005erako, kalera irteteko aukera zuten denek, libre edo hirugarren graduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.