Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hil zituztela berrogei urte bete diren honetan, Joxi Zabalaren arreba Pili Zabalak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak biktima gisa aitortuko duela anaia urriaren 31n, Donostiako Kursaalean egingo duten oroimenerako ekitaldian. Joxean Lasaren sendiak ere txostena aurkeztu du, 2016ko euskal legearen arabera giza eskubideen urraketen biktima gisa aitor dezaten.
Pili Zabalak EITBri egindako adierazpenetan azaldu duenez,amaren izenean espediente bat aurkeztu zion Jaurlaritzari gobernuak Joxi Zabala anaia aitor zezan giza eskubideen urraketa larrien biktima gisa, motibazio politikoko testuinguru batean, 1979 eta 1999 bitartean, eta 12/16 legearen barruan.
Zabalak garrantzitsutzat jo du onarpena, anaiaren «errugabetasun presuntzioa, memoria, giza duintasuna, ohorea eta izen ona» gordetzeko. Zabalak zabaldutako informazioaren ondoren, Jaurlaritzak berretsi egin du Joxi Zabalari dagokion espedientea bukatu duela jadanik, eta biktima gisa aitortua izan dadin Balorazio Batzordearen baiezkoa duela.
Eusko Jaurlaritza bere 12/16 legearen bidez ematekoa den aitortza «oso garrantzitsua» da, Zabalaren arabera, baina ez da azken urratsa anaiaren aldeko aitormen lanean. Izan ere, Espainiako Estatuak ez ditu Lasa eta Zabala biktima gisa aitortu oraindik. Zabalaren arrebak sarritan esan du «injustizia baten biktimak» direla familia biak, eta Espainiako Estatuaren aitortzaren bila jarraituko duela. Zabalak badu «esperantza» bide horretan pauso gehiago emateko; gogoratu du Gogoan elkarteak antolatutako Lasa eta Zabalaren oroimen ekitaldi batean egon zirela Denis Itxaso, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Espainiako Gobernu ordezkaria eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza. PSErekin «harreman on baten bidez» estatuak anaia biktima gisa aitortzea lor daitekeela uste du.
Orain arte ahaztuak
Asun Lasak ere jakinarazi du aurkeztua dutela txostena anaia ere biktima gisa aitor dezaten, eta garrantzitsutzat jo du aitortzarako bidea irekitzea: «Balio dit aurretik Mikel Zabalza egon delako, eta ondoren beste batzuk ere aitortzeko bidea irekitzen duelako. Bakarrik esango balute Joxean Lasa biktima izan zela, horrek ez lidake balioko», adierazi duEITBri egindako adierazpenetan, eta hau gaineratu du: «Jaurlaritzak ez gaitu orain arte kontuan izan, eta, bide horretan pauso horiek ematen hasten bada, guretzat hori arnasgune bat da».
Memoria eta erreparaziorako ekitaldian, Jaurlaritzak beste 66 biktima aitortuko ditu, 49 torturatu gisa. Poliziari eta arrazoi politikoei lotutako indarkeria eta tortura kasuak baloratzeko legebiltzarreko batzordeak Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokien lehen txostena plazaratu zuen 2021ean. Agiri horrek 35 biktimaren berri eman zuen, eta haiei aitortza egin zitzaien Bilboko Euskalduna jauregian. 1.017 eskaera jaso zituen batzorde horrek, nolanahi ere, eta batzordeak 55 aztertu zituen. Horien artean, 35 biktima aitortu zituen; 28 biktimaren estatus horiek egiaztatzen dituzten agiriak jaso zituzten; beste zazpik uko egin zioten agiri hori jasotzeari.
Lasa eta Zabala biktima gisa aitortzear 40 urteren ostean
Joxi Zabala biktima gisa aitortuko duela onartu dio Eusko Jaurlaritzak sendiari; Joxean Lasaren sendiak ere aurkeztua du txostena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu