Alternatiben Herria. Elkarrizketa. Maitane Unzu eta Iban Perez. Alternatiben Herriaren antolatzaileak

«Larunbatetik aurrera iraunen duen sare bat josi nahi dugu»

Urduritasuna eta presioa, alde batetik. Ilusioa, bestetik. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren plataformako arduradunek ekitaldi historiko baten atarian daudela sentitzen dute.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Azken hilabeteak bileraz bilera eman dituzte Maitane Unzuk (Barañain, Nafarroa, 1982) eta Iban Perezek (Iruñea, 1974), Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren plataformako kide eta Alternatiben Herriko antolatzaileek. Azken prestaketa lanetan dabiltza, larunbateko jaialdia «mugarria» izan dadin.

Zeren alternatiba izan nahi du Alternatiben Herriak?

MAITANE UNZU: Kapitalismoarena, oro har. Alternatibak egon badaude, eta martxan dira horietako asko. Horiek ikusarazi nahi ditugu larunbatean. Nafarroako eragile eta sindikatu asko batu gara horretarako, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunean sinatutako konpromisoak oinarri hartuta.

IBAN PEREZ: Niretzat, Alternatiben Herria hainbat ikuspegi, proiektu eta ideia biltzeko eta partekatzeko tresna da. Horregatik, larunbateko jaialdia sei gune edo auzotan banatu dugu. Bakoitzean, alternatibismoaren alor bat jorratuko dugu, baina burujabetzaren kontzeptuak alderik alde zeharkatuko ditu guztiak. Burujabetza pertsonala, norberak bere bizitzaren inguruko guztia erabaki ahal izateko, baina baita burujabetza soziala, politikoa eta ekonomikoa ere, herri gisa eskubidea dugulako geure etorkizuna erabakitzeko. Hortaz, proiektu alternatibo horiek guztiak landu nahi ditugu, sinergiak bilatzeko. Finean, alternatiba guztiak elkarri lotuta daude, eta elkarlan hori sustatu behar da, sistema aldatzeko.

Baionan antolatu zuten lehen Alternatiben Herria, 2013an, eta Bilbon bigarrena, 2015ean. Jendetza bildu zen bietara. Presioa sentiarazten dizue horrek?

M.U.: Bada, egia esan, bai. Bilbon 8.000 bat lagun elkartu ziren. Izugarria izan zen. Hala ere, Bilbo hiri handia da, eta hori ere aintzat hartu genuen Iruñeko ekinaldia prestatzen hasi ginenean; alegia, Alternatiben Herrira bildutako jendetza horrek, hein batean, hiriaren tamainari ere erantzuten ziola. Hortaz, gure hasierako helburua zen festa xumeago bat antolatzea, Iruñearen neurrira diseinatua. Eta orain ari gara konturatzen ezetz, egitarau handia prestatu dugula, milaka lagun hartzeko moduko azpiegitura bat, eta jende andana ari dela parte hartzen. Guk espero genuena baino neurri handiagoa hartu du honek guztiak. Horregatik, urduritasuna, presioa eta ilusioa, denetik apur bat sentitzen dugu oraintxe bertan.

I.P.: Ez dago jakiterik zenbat jende bilduko den larunbatean, baina oso egitarau erakargarria prestatu dugula uste dut. Duela bi urte, Bilboko Alternatiben Herrira joaterik izan ez zutenek pena hartu zuten, ikusita egun historikoa izan zela, eta mugimendu sozialentzat mugarria. Bada, Iruñekoa ere mugarria izatea espero dugu.

Larunbateko egitasmoaz harago, Eskubide Sozialen Gutunak hainbat urteko ibilbidea egin du. Orain arte lortutakoarekin pozik al zaudete?

M.U.: Gogoeta egin dugu askotan Alternatiben Herria bera lasterketa baten gisakoa ez ote den: aurreko hilabeteetan, eragileek esfortzu itzela egiten dute, egun horretarako soilik. Hala ere, Bilbon lortu dute Alternatiben Herriaren aurretik eginiko lana baliatzea eta fruitu berriak biltzea, eguna pasatu ostean ere: Natura Gure Ardura taldea, adibidez, hainbat elkarte ekologisten elkarlanetik sortu zen; Bilboko Alternatiben Herria hain izan zen indartsua eta bizia, ezen lortu baitzuten elkartasun sare horiek sendotzea eta harreman egonkorrak sortzea. Hori da, hain zuzen, egitasmoaren indarguneetako bat: egun bakarreko egitarauaz harago, eragileen arteko harremanak indartzeko eta sareak ehotzeko balio dezakeela. Indar eta inertzia handiko lana ari gara egiten orain. Alternatiben Herria izanen da lan horren erakusleihorik handiena, baina, horren ostean ere, balioko du Eskubide Sozialen Gutuneko konpromisoak gure eguneroko jardunean gauzatzeko eta harreman berriak sortzeko.

I.P.: Hori da, nire ustez, Alternatiben Herriaren indarguneetako bat. Lehen esan dudan bezala, sinergia berriak bilatzen ditugu, indarra eta ahaleginak ez daitezen barreiatu. Horregatik, asko zaindu dugu prozesu osoa, harreman horizontalak ahalbidetzeko eta ekainaren 2ko festa igaro ostean ere iraunen duen sare bat josteko. Alor guztietako eragileok erabakia hartua dugu, gainera, larunbatetik aurrera ere Alternatiben Herrian hitzartutako konpromisoak betetzeko eta sarea handitzeko.

Azkenaldian, mobilizazio eta aldarrikapen sozialek ezdute etenik izan: pentsiodunak, feministak, Altsasuko gazteen auzia... Seinale ona da kalea borborka egotea?

M.U.: Gizartearen aktibazioa eta mobilizazio sozialak seinale onak dira, eta, alde horretatik, pizgarri izan daitezke alternatibak planteatzen hasteko. Hala ere, kaleak hartzeko moduak aldatzen ari dira pixkanaka, eta Alternatiben Herriak proposizio izaera dauka. Historikoki, gizarte mugimenduen jarduna erresistentzia parametroetara mugatu izan da; gure asmoa da helburuak gauzagarri bihurtzea, proposamen zehatzak egitea eta mobilizazioak iraunkor bihurtzea.

Euskararen kontrako manifestazioa ere antolatua dago Iruñean, larunbaterako. Kontraprogramazioa?

I.P.: Ez digu kezkarik sortzen. Deialdi kontrajarriak dira, baina gurea ez da ezeri emandako erantzuna. Haiena da kontrakotasunean oinarritutako planteamendua: euskararen kontra ari dira. Guk, aldiz, euskararen aldeko proposamenak eskainiko ditugu. Hizkuntzaren afera erabat integratua daukagu Alternatiben Egunaren egitarauan, eta ikuspuntu eraikitzaile batetik abiatzen gara beti. Proposamen plurala, aberasgarria eta koloretsua egiten dugu guk. Ez dugu konfrontazioa bilatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.