«Madrilgo eta Parisko gobernuek ezin dute beste aldera begiratu», ohartarazi du Egin Dezagun Bidea taldeak, larunbateko mobilizazioaren balorazioa egin duenean. 110.000 herritar baino gehiago bildu ziren Bilbon, antolatzaileen esanetan, euskal presoen eskubideen alde egindako manifestazio «erraldoian». Euskal gizarteak «hitz egin» duela diote antolatzaileek, eta badela garaia bi gobernuek «beren ohiko itxikeria jarrera» alboratzeko. «Preso politikoen aferari serio heltzeko garaia da», adierazi dute Beñat Zarrabeitiak eta Nagore Garciak sustatzaileen ordezkari gisa. «Espetxe politika konponbidearen gakoetan ezartzeko garaia da».
2012. urteak «giza eskubideen errespetutik abiatu, eta gatazka politikoaren konponbidearen logikan, preso eta iheslarien etxeratzean aurrera urratsak egiteko urtea» izan behar duela uste dute. «Sufrimenduaren eta gatazkaren orria pasa behar du herri honek. Eta horrek, halabeharrez, preso eta iheslarien gaia konponbidearen agendan egotea eskatzen du».
Bide hori ez dela «xamurra» izango ohartarazi dute Zarrabeitiak eta Garciak, baina, larunbateko manifestazioarekin, «urrats handia» egin dela. Edozein kasutan, urrats horrek «konpromiso berriak abiarazteko» baliagarria izan behar duela diote. «Ezin gara larunbateko argazkian iltzatuta gelditu». Hortaz, ekimen, mobilizazio eta babes gehiago antolatzen jarraitu behar dela azaldu dute, «konpromiso kolektibo eraginkorra» erdiesteko. Egin Dezagun Bidearen helburua horixe dela azaldu dute, eta, horretarako, ekimen gehiago proposatuko dituztela datozen asteetan.
Herritarrak ondo ari direla iruditzen zaie ekimenaren sustatzaileei. Esker ona adierazi diete larunbatekoa «posible egin duten herritar guztiei», «manifestazio kolosala milaka herritarren borondatezko lanaren eta konpromisoaren emaitza» izan delako.
Hala ere, izan dira mobilizazioaren aurka aritu direnak ere. Azken asteetan «manifestazioa bera baldintzatzen saiatu diren indar politikoak eta komunikabideak» aipatu dituzte antolatzaileek. «Ika-mika antzuetan erortzeko tentaziorik» ez dutela esan, eta «arduraz jokatzeko deia» egin diete horiei. «Bizi dugun momentuak heldutasuna eskatzen du, eta heldutasunez jokatzeko gonbidapena zabaldu nahi dugu», azaldu dute.
Legea bete eta aldatu
Presoen egoerari buruz hitz egiterakoan legea «aitzakiatzat» erabiltzen denez, horixe hartu du hizpide Egin Dezagun Bideak. Euskal preso politikoen eskubideen urraketa nagusietako batzuk legea betez egun batetik bestera konpon daitezkeela ohartarazi du. Sakabanaketa, eta gaixo dauden presoen egoera jarri ditu adibide. Beste urraketa batzuk, «lege bidez» gainditu daitezkeela azaldu du. «Bizi osorako espetxe zigorra ezartzea», esaterako, «lege bidez» ezarri zela gogoratu du, eta beraz, erabaki hori bertan behera uztea ere «lege bidez» egin daitekeela. 197/2006 doktrina, Auzitegi Konstituzionalak hartu beharreko erabakiaren bidez alda daitekeela. «Hortik aurrera, bestelako kasu batzuetan aise egin duten bezala, presoen eta iheslarien etxeratzea errazteko mekanismo berriak abian jar ditzakete estatuek».
Beraz, «arazoa» ez dela legea nabarmendu du; «arazoa horretarako borondatea izatea da». Legeak «egin eta aldatu» egiten direla gogoratu, eta gakoa horien norabidean dagoela azaldu du. Gauzak horrela, bai legeak eta bai espetxe politika konponbideari begira egin eta ezar daitezela eskatu du.
Euskal presoak. Manifestazio ondokoak
Larunbatekoa konpromiso gehiago lortzeko baliatu nahi du Egin Dezagun Bideak
«Ezin gara larunbateko argazkian iltzatuta gelditu» ohartarazi, eta ekimen gehiago egingo dituztela iragarri dute antolatzaileekErantzukizunez aritu eta urratsak egiteko eskatu diete protesta babestu ez zutenei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu