Madrilen asteon hasi diren epaiketak salatzea eta epaitutakoei babesa adieraztea. Bi helburu zituen atzo Donostian egindako manifestazioak, eta auzokako zutabeak antolatu zituzten horretarako. Katalunia plazan egin zuten ekitaldi nagusia, eta ehunka pertsona elkartu ziren. Segiren aurkako auzian eta 35-02 sumarioan inputatuta daudenetariko batzuk ere izan ziren bertan, eta Ion Telleriak hartu zuen hitza haien izenean. Epaiketen izaera politikoa salatu zuen, eta mobilizaziorako deia egin. Antolatzaileek hitzordua ere jarri zuten, gainera. Hurrengo larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora animatu zituzten herritarrak; «irtenbide demokratikoen, eskubide zibil eta politikoen eta Euskal Herri libre baten alde» egiteko.
Joseba Permachen ustez, hori da egoera aldatzeko bidea: gizarte mobilizazioa. Herriko tabernen auzian inputatuta dago hura, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean izango da hurrengo egunetan ere. Azaldu zuenez, Madrilek ez du gatazka konpontzeko «inolako borondaterik», eta aste honetan hasitako epaiketak dira horren erakusgarri. Efemeride bat ere izan zuen gogoan bere argudioa indartzeko. Haren iritziz ez baita kasualitatea epaiketek Aieteko Adierazpenaren bigarren urteurrenarekin bat egin izana: «Erabaki politiko bati erantzuten diote».
Iragan zaharkituari loturik
Donostiakoa ez zen epaiketak salatzeko antolaturiko ekitaldi bakarra izan, halere. Karmelo Landak hitzaldia eskaini zuen Bilbo Zaharrean, adibidez. Herriko tabernen auzian inputatuta dago hura ere, eta, azaldu zuenez, Euskal Herria «iraganera lotzea» da epaiketen xedea. «Espainiako Estatua une honetan iragan zaharkituaren eredua da: Borboien monarkia, neofrankisten gobernua... Gain behera doan erregimena da. Eta horren parte da Auzitegi Nazionala izeneko epaitegi berezia. Hor nahi gaituzte lotu. Madrilen astero; kartzeletan gero». Baina baikor bukatu zuen saioa. «Epaiketek ez gaituzte geldituko. Hemen erabakiko da gure etorkizuna».
Patxi Zabaleta Aralar alderdiko koordinatzaile nagusiak ere kritikatu zituen epaiketak atzo, alderdiaren ohiko Hegoaldeko Batzarrean. Asteon hasitako bi epaiketak izan zituen gogoan, eta biak oinarri eta bermerik gabeak direla salatu zuen. «Ez bata ez bestea ez dira homologagarriak egoera juridiko modernoetan». Askatasun politikoaren kontrako eraso gisa definitu zituen.
Ostiralean hasi zen 35-02 auziko epaiketa, eta lau inputatuk deklaratu zuten Auzitegi Nazionalean. Idoia Arbelaitzek, Bixente Enekotegik, Jon Gorrotxategik eta Rufi Etxeberriak. Ukatu egin zuten laurek ETArekin inolako loturarik eduki izana. Asteburuko etenaren ostean, bihar jarraituko du epaiketak.
Larunbatean Bilbora joateko deia egin dute epaituek
Segiren eta 'Herriko tabernen' auzietan inputatutakoei babesa azaldu diete Donostian ehunka pertsonak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu