Larrutik: ekonomia feminista eraikitzea helburu duen sarea

Ara!Gorputz, Artaziak, Eihera, Emagin, Farapi, Harago, Irule, Juntura eta Parean eragileek osatu dute taldea. «Interkooperazio feministari» buruzko jardunaldia eginen dute maiatzaren 24an.

Larrutik Interkooperazio Feministarako sarea.
Larrutik «interkooperazio feministarako» sarearen aurkezpena, Hernanin. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko urtarrilaren 19a
15:20
Entzun

«Larrutik gara, egindako lanak laztutako azaletik hitz egiten dugulako. Pilatutako orduek larrua ondu digutelako; bizitakoen orbainek indar eman digutelako; sarri, larrua jokatu dugulako gure bizi proiektuekin eta konturatu garelako larru lagunez biltzea ezinbestekoa dela aurrera egiteko». Hitz horiekin aurkeztu dute gaur hainbat eragile feministak Larrutik «interkooperazio feministarako» sarea, Hernanin (Gipuzkoa). Ekonomia feminista sustatuko duen zirkuitu ekonomiko bat sortzea da haien xedea, «barne eta kanpo mailan» eragin nahi dutelako. Hala, «ekonomia sozial eraldatzaile feministaren markoan» lan egiten duten bederatzi kooperatiba eta elkartek osatzen dute taldea: Ara!Gorputz, Artaziak, Eihera, Emagin, Farapi, Harago, Irule, Juntura eta Parean.

Esparru anitzetan lan egiten duten eragileak dira, betiere ikuspegi feminista dutela gidari. Ara!Gorputz taldeak kultura ziklikoa du aztergai: hilerokoa, ekonomia feminista eta agrofeminismoa. Artaziak kooperatibak, berriz, arte hezkuntzaren arloan egiten du lan. Eihera, Emagin eta Farapi taldeek aholkularitza lanetan eta formakuntzak eskaintzen jarri ohi dute arreta. Haragok garapen organizatiboan egiten du lan, baita ahalduntzean ere. Irulek zerbitzu juridikoak eskaintzen ditu —abokatuak dira—, eta Junturak arkitektura arloan egiten du lan. Parean taldeak, berriz, emakume etorkinak, adinekoak eta memoria historikoa izan ohi ditu aztergai. Formakuntzak ere eskaini ohi dituzte.

Arlo horietatik guztietatik ekonomia feministaranzko bidea egiteko, guztiek bidelagun izan beharreko oinarri batzuk ere ezarri dituzte: ekonomian ikuspegi feministatik jardutea, bizitzak eta zaintza erdigunean jartzea, saretuta egotea, ezagutzak elkarri kontatzea, euskaraz lan egitea, merkatuaren hazkunde etengabearen kontra txikitasunetik abiatzea, eta lan baldintzak eta bizitzak hobetzearen alde borrokatzea.

Oinarri eta helburu horiek guztiak marko teoriko batean kokatzen dira, eta horiek praktikara eramateko «eraldaketa feministak» sustatu nahi dituztela erran dute, eraldaketa kontzeptua bera zentzu zabalean ulertuta: «Intzidentzia politiko kultural zuzenarekin lotuta dauden ekintzak ez ezik, tokiko prozesuak, beste eragile batzuekin ditugun harremanak edota gure arteko saretzea ere baditugu langai». Hala, proposamen batzuk eman dituzte: lanerako bizi beharrean lana bizitzeko egitea, lan baldintzak ikuspegi feministetatik definitzea, merkatuan oinarri feministak ezarri eta berriak sortzea, «interkooperazio feministan» oinarrituko diren harremanak bultzatzea, eta sistema kapitalista heteropatriarkala sustatu ordez eraldaketarako lan egitea.

Eraldaketa horiek guztiak gertatu daitezen, ikuspegi kritikoa ezinbertzekoa zaie, errealitateari eta harreman sozioekonomikoei begiratzeko. «Hausnarketaren eta etengabeko berrazterketaren bidez, gure baitako dinamikak ere arakatu nahi ditugu», borobildu dute. Izan ere, bai sareko kideak eta bai gizarteko bertze eragileak interpelatzea da haien helburua.

Lurraldetasuna

Tokian tokiko ereduan edo zero kilometrokoan sinisten dutela diote. Hortaz, bederatzi eragileek sortu duten eredua «esportatu, errepikatu eta moldatu» daitekeela uste dute, «tokiko behar eta ezaugarrien arabera». «Askotariko Larrutik ezberdinak egon daitezkeela pentsatzen dugu. Horregatik, Euskal Herri osoan koordinatu eta saretzeari garrantzi berezia ematen diogu».

Izan ere, sinesten dute «larruduraz beteriko azal multzoa» direla, eta badakitela «nondik eta nora» hitz egin nahi duten: larrutik. «Larrugorritan utzi nahi gaituen sistema kapitalista honen aurka, gure larruazalak ateratzen ditugu aurrera, nazkatuta gaudelako gure pauso bakoitza larrutik ordainduko dugula entzuteaz», azpimarratu dute.

Sarea bera aurkezteaz gain, «interkooperazio feministari» buruzko jardunaldiaren berri ere eman dute. Datorren maiatzaren 24an eginen dute, Hernanin. Ez dute xehetasunik eman egitarauari edo izen emateei buruz, aurrerago zabalduko baitituzte. Dena den, aurreratu dute ekonomia feminista izanen dutela hizpide eta hausnarketarako gai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.