Negu gorria izan arren, Bilboko Arriaga plazaren zoruan biluzik etzan ziren atzo eguerdian pare bat dozena gizon eta emakume. Piztiak konpartsak —Bilboko jaien antolatzaileetako batek— deitutako protesta bat zen: gezurrezko odolez estalita, jantzigintzarako erabiltzen diren animalien egoeraz sentsibilizatu nahi izan zuten publikoa. Bost minutuz egon ziren horrela, plazan etzanda; bitartean, konpartsako beste kide batzuek Larrua erailketa da leloa osatu zuten atzealdean, hizki handi batzuekin. Amaieran, antolatzaileek ekarritako termoekin berotu ziren protestariak.
Konpartsako arduradunek geroago ohar bidez jakinarazi zutenez, larruen industriak «ikaragarrizko sufrimendua» eragiten die animaliei; haiek «ito, jipoitu, elektrokutatu» edo «zuzenean larrutzen» dituzte maiz, berokiak eta antzerakoak ekoizteko. Industriako arduradunei ez ezik, jantziok erosten dituzten herritar arruntei ere eskatu zieten «esplotazio» horretan ez parte hartzeko: «Kontsumitzaile gisa hartzen ditugun erabakiek animalia babesgabe horiek salbatu edo kondenatu ditzakete».
Larrua, larruen aurka
Jantzigintzan animalien larrua erabiltzearen aurkako protesta egin zuen atzo Piztiak konpartsa animalistak Bilboko Arriaga plazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu