Koronabirusa

Larritasunak bultzatuta

COVID-19aren hedapena gelditzerik lortu ez dela ikusita, neurri berriak ezartzen ari dira agintariak. Zenbait adituk uste dute arazoari berandu heldu zaiola

Kale huts bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun

Egunez egun argitara ateratako datuek bistan uzten dute izurriaren kontrako neurriak ez direla aski izaten ari birusaren hedapena gelditzeko. Pandemiaren bilakaeraren larritasuna ikusirik, neurri murriztaile gehiago ezartzen ari dira agintariak, eta handia da sortzen ari diren oihartzuna. Iragarri aurretik ere, jendearen ahotan dira datozen egunetan ailega daitezkeen muga berriak, edota indarrean direnen gainean egin daitezkeen gogortzeak. Izatez, gaian ibiliak diren zenbait iritzi kualifikatu ozendu egin dira azken egunetan, neurri zorrotzagoak eskatuz. Askotariko aukerak daude mahaiaren gainean, eta, zalantza zurrunbilo honetan arnasa hartzeko, hiru adituk argibideak eman dituzte, azaltzeko beren ustetan zein diren kutsatzeak geldiarazteko eman beharreko pausoak: Rafael Bengoa, Amaia Bacigalupe eta Miren Basaras.

 

 

RAFAEL BENGOA

Osasun politiketako nazioarteko aditua

 

 

«Etxeko konfinamendua da gelditzen den aukera bakarrenetakoa»

Etxeko konfinamendua ate joka dugula deritzote zenbait adituk, edo, behintzat, batzuek uste dute oraintxe neurri horrek baizik ezin duela gelditu koronabirusaren hedapena. Hain justu, konfinamendua ezartzearen aldekoa da osasun politiketako nazioarteko aditu Rafael Bengoa. «Etxeko konfinamendua da gobernuei egiteko falta zaien bakarra, ez dago beste aukera askorik». Bengoa sinetsia dago beste herrialde batzuek egindako urratsak jarraitzea dela aukerarik hoberena. Europan, Ingalaterrako eta Frantziako gobernuek hartutako bideak izan daitezke eredu, haren ustez: abendura arteko itxialdia ezarri dute bi herrialde horietan.

 

Izan ere, Bengoak argitu du pandemiaren lehenbiziko olatuak munduko herrialde guztiak harrapatu zituela ustekabean, baina, ondotik, denek ez dute berdin kudeatu krisialdia, haren ustez. Gogor kritikatu du Europaren jarduteko era: «Europa ausartu egin zen esatera pandemia kontrolpean zegoela. Kontrara, ekialdeko herrialdeek argi ikusi zuten mehatxua iraunkorra izango zela, eta, guk ez bezala, jakin dute bigarren olatuko agerraldiak kontrolatzeko baldintza egokiak sortzen».

Bengoak irmoki defendatzen du neurri gogorrei heldu beharra. Hala eta guztiz ere, ez du uste etxeko konfinamenduak udaberrikoaren berdina izan behar duenik; martxoan abiatutakoaren aldean, motzagoa eta arinagoa izan behar luke oraingoak, haren iritziz. «Hilabete irautearekin aski liteke. Zorrotza behar du izan, baina, konfinamendu honetan, haurrek aukera izan behar lukete eskolara joateko», adierazi du.

Hala ere, Bengoak adierazi du etxeko konfinamendua ezin dela izan pandemiari kontra egiteko neurri bakarra. Dioenez, politikariek haren alde egin edo oraingo neurriak zorroztea erabaki, bi aukeretan «ezinbestekoa» da bahetze eta ikertze lanak indartzeko baliabideak jartzea. Argitu du hori dela izurritea kontrolatzeko bide egokia. «Neurri zorrotzak ezarrita eta osasun sistema publikoa indartuta erdietsiko dugu birusa kontrolatzea, eta horrek lagunduko digu denbora irabazten, txertoa ailegatu arte».

 

AMAIA BACIGALUPE

Opik ikerketa taldeko kidea

 

 

«Aukera bat litzateke konfinamenduak sektoreka ezartzea»

«Sumoa dut gero eta aukera gutxiago ditugula etxeko konfinamendua saihesteko, baina beti esango dut aurretik denbora sobera izan dugula hori ekiditeko eta ez dugula aprobetxatu», nabarmendu du Amaia Bacigalupe EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Opik ikerketa taldeko kideak. Neurriak zorroztearen aldekoa baino gehiago, neurriak beste era batera ezarri behar direla adierazi du Bacigalupek. Izan ere, dioenez, ikerketek erakutsi dute pandemiak eta hari kontra egiteko neurriek ez dituztela modu berean baldintzatzen herritarren bizitzak; bakoitzaren egoera sozioekonomikoaren arabera, ez du berdin eragiten birusak. «Indarrean dauden neurriak bete ditzatela eskatzen zaie herritarrei, baina badakigu pertsona batzuek zailtasunak eduki ditzaketela neurriak ehuneko ehunean errespetatzeko. Askotan, jasaten duten prekaritatearekin lotua dago kontua». Batik bat horregatik, Bacigalupek uste du gizarte osoan neurri homogeneoak ezartzea ez dela eraginkorra, ez eta biderik egokiena ere. «Zoritxarrez, inork ez du izan ausardia politikorik arazoari behar bezala heltzeko».

 

Bestalde, haren ustez ezarri beharko liratekeen neurriei dagokienez, ikerlariak azaldu du kutsatzen direnen gehiengoak ez duela jakiten non hartu duen birusa zehazki, eta, dioenez, horri buruz informazio gehiago edukitzeak aukera emanen luke neurri eraginkorragoak eta zehatzagoak ezartzeko. «Aukera bat litzateke konfinamenduak zonaka ezartzea, edota sektoreka. Bi aukera horiek hobeak dira herritarrentzat, ez baitira horren traumatikoak». Ordea, Bacigalupe kezkatua dago ez ote den beranduegi dagoeneko.

Halaber, ikerlariak gaineratu du, epe laburrean hartu beharreko neurriak edozein izanik ere, premiazkoa dela politikarien eta zientzialarien arteko harremana estutzea. «Konfiantzan oinarritutako harremana izan behar dute, hartuko diren neurriak horrela bakarrik izango baitira sinesgarriak herritarrentzat».

 

MIREN BASARAS

Mikrobiologiako irakasle titularra EHUn

 

 

«Hobe da neurriak zorroztea epe laburrean, mindura luzatzea baino»

Izurria kontrolatze aldera, pertsonen arteko harremanak nabarmen mugatzean ikusten du irtenbidea Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak. Haren ustez, premiazkoa da neurri zorrotzagoak jartzea indarrean; aisialdia eta lana mugatzeko, bereziki. «Albo batera utzi behar ditugu benetan beharrezkoak ez ditugun gauzak, bai leku itxietan egiten direnak, baita aire zabalean egiten direnak ere», azaldu du. Halaber, beharrezkotzat du harremanak etxe berean bizi direnen pertsonen artera mugatzea. Aisialdiari begira, egoki ikusiko luke tabernen aldi baterako itxiera. «Neurri gogorra da, baina hobe da neurri zorrotzak hartzea epe labur batean, mindura hau luzatuz joatea baino», azaldu du. Lanari dagokionez, uste du telelanaren aldeko apustuak irmoa izan behar duela; «behintzat, ahal den neurrian». Hala, haren ustez, erdietsiko litzateke jende gutxiagorekin izatea kontaktu estuan, eta pertsona gutxiago pilatuko lirateke garraiobideetan.

 

Basarasek ez du uste udaberrian izandakoaren moduko konfinamendua ezarri behar denik, baina, finean, antzekoa behar luke biztanleriari egin beharreko eskaerak: «Gera gaitezen etxean, ahal beste». Haren esanetan, egoera «oso kritikoa» da, eta ohartarazpen bat egin du: «Negua oso gogorra izango da. Espero dezagun udaberrirako gauzek nabarmen egitea hobera, baina ezin gara lasaitu neurriak hartu eta berehala. Huts hori egin genuen uda sasoian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.