Larrionek onartu du kontu korronte bat ireki zuela kide baten txartelarekin

Ertzaintza Larrion ikertzen ari da. EH Bilduko eledun ohiak «akats bat» egin duela aitortu du, eta adierazi «une pertsonal zail» baten ondorio izan zela

Miren Larrion, EH Bilduk Gasteizko Udalean zuen bozeramaile ohia, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Herenegun onartu zuen Miren Larrionen dimisioa EH Bilduk, eta, albisteak sortutako harrabotsaren ostean, atzo eman zituen azalpenak Gasteizko Udaleko EH Bilduko eledun ohiak. Larrionek sare sozialetan zabaldutako mezu batean onartu zuen banku batean kontu bat zabaldu zuela kide baten txartel bat erabilita. «Akats bat» egin duela aitortu zuen, eta adierazi bizitako momentu zail batek bultzatu zuela «hutsegite» hori egitera. «Une pertsonal zail batean, hasieratik okerra zen irtenbide bat bilatu dut: kontu korronte bat ireki dut kide baten txartelarekin, estualdi bat izanez gero dirua sartzeko».

Alderdikide baten nortasun agiria erabili zuen horretarako, eta jakinarazi zuen asmoa zuela kide horri egindakoaren arrazoiak azaltzeko, hark ulertuko zuelakoan. «Konfiantza horretaz abusatu nuen, eta nire azalpenak ez ziren garaiz iritsi».

Larrionen arabera, berea zen diru kopuru txiki bat sartu zuen kontu korrontera, «kontu pertsonal» baterako, eta zergatiak aurrerantzean garatuko den prozesu judizialean azalduko dituela esan zuen. Azpimarratu zuen zergak «behar bezala» dituela, eta ez diola ezein obligaziori ihes egin. «Zera gertatu da: diru kopuru txiki bat sartu dudala kide baten txartelarekin sortutako kontu batean, egunen batean beharko banu ere».

Bestalde, Larrionek jakinarazi zuen ez duela nahi bere hutsegiteak EH Bilduren proiektu politikoari eragitea, ezta Gasteizko herriari ere: «Nire gain hartzen dut ordezkari publiko gisa dudan erantzukizuna, inolako aitzakiarik gabe». Haren esanetan, jazotakoa «ahalik eta azkarren» argitzea nahi du, eta, beraz, «ikerketaren esanetara» jarriko da.

El Correo egunkariak atzo goizean zabaldu zuen Ertzaintza Larrion ikertzen ari dela hark ustez identitatea ordezteko delitu bat egiteagatik; hain zuzen, banku batean kontu bat zabaldu zuen hurbilekoa ez duen pertsona baten nortasun agiria erabilita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu egin zuen ikerketa martxan dela.

Herenegun goizean bertan aritu zen deklaratzen EH Bilduko eledun ohia Ertzaintzaren komisarian, eta alderdiak arratsaldean eman zuen haren dimisioaren berri. Euskadi Irratiak baieztatu zuenez, dagoeneko jasoa du Larrionek epailearen aurrean azaltzeko zitazioa.

Radio Euskadik xehetasun gehiago eman zituen atzo: iturri horien arabera, Larrionek ustez kontu bat zabaltzeko erabilitako nortasun agiriaren jabeak duela hilabete batzuk salatu zuen diru zorroa galdu zuela.

Alderdi subiranistak, Larrionen dimisioaren berri ematerakoan, zehaztu zuen haren eremu pertsonalari lotuta dauden gertakari batzuengatik aurkeztu zuela dimisioa, eta alderdiak onartu egin ziola. EH Bilduk zabaldu zuenez, gertakari horiek ezkerreko subiranismoaren kargudun publikoek eta organikoek sinatzen duten kode etikoa urratuko lukete. Koalizioko iturriek ez zuten argibide gehiagorik eman nahi izan.

Hautsak harrotu ditu Larrionen dimisioak. Izan ere, EH Bilduko eledun ohia itzal handiko politikaria da Gasteizen. Ingeniaritza Industrialeko eta Ingurumen Ingeniaritzako doktorea da, eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakasten du. 2015ean EH Bilduren zerrendaburua izan zen Gasteizko Udalerako hauteskundeetan, eta botoen %19,6 eta sei eserleku lortu zituen. Emaitza bera lortu zuen 2020ko hauteskundeetan ere, boto are gehiago lortuta. 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Arabako zerrendaburua izan zen.

EAJ azalpen eske

Larrionen inguruko aferak erreakzio soka luzea eragin du politikan. Gasteizko Udaleko EH Bilduko bozeramaile ohiak gertatutakoaren azalpenak argitara eman aurretik, hainbatek azalpenak eskatu zituzten. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea izan zen horietako bat. Ortuzarrek Radio Euskadin adierazi zuen«arraroa» dela Larrionekin gertatu dena: «Harritu egiten gaitu gertatutakoak, eta gaiari buruzko argibiderik eta azalpenik ezak. Ez dut espekulatu nahi. Guk Bilduren erasoak pairatu behar izaten ditugu gure afiliatuekin edo kargudun publikoekin zerbait gertatzen denean». Hala, EH Bilduri exijitu zion bete ditzala gutxienez EAJri eskatu ohi dizkion «irizpideen erdiak».

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, berriz, adierazi zuen ezen, «errugabetasun presuntziotik» abiatuta, abian jarritako ikerketak ondorioztatzen badu Larrionek delitu bat egin duela, hark «justiziaren aurrean erantzun beharko duela». Halere, esan zuen espero duela gertatutakoa ez izatea arazo bat Larrionen bizitzan, eta hori dela bere «benetako nahia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.