Nazioarteko Osasunaren Egunaren testuingurua baliaturik, larriki gaixo dauden presoen etxeratzea aldarrikatu du Sarek Nafarroako Parlamentu aurrean. Bertan, nabarmendu dute COVID-19aren pandemiaren eraginez «ezohiko egoera» izan dela espetxeetan, eta horrek areagotu egin dio Sareri euskal presoen osasuna «erdigunera» ekartzeko beharra.
Aipatu dutenez, gaur egun hemeretzi presok dute eritasun larria. Espetxe politika aldatzen hasi bada ere, preso askok oraindik salbuespen egoeraren ondorioak pairatzen dituzte. Sareren arabera, urruntzeak dakarren bakardadeak, zigorraren luzapenek edo ia bizi osoko zigorra ezartzeak, hirugarren gradura iristeko edo baimenak lortzeko eragozpenek edo espetxealdiaren zati handia bakartuta egin izanak osasunean zuzenean eragiten du, eta «ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak» eragiten dizkie presoei.
Gaixotasun larria dutenen kasuan, egoera are okerragoa dela salatu dute «gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten baititu eta gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak zuzeneko eragina baitu».
Hala gaineratu dute, espetxeetako osasun baldintzak «kaskarrak» direla, Elkartearen ustez, Espetxe Erakundearen neurrien ondorioz eta espetxeetako baliabide faltak zein «medikuen jarrerak» presoen osasunean «eragin negatiboa» du: «Espetxeek ez dute behar bezalako osasun zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen», gaitzetsi dute.
Sarek azpimarratu du azkenaldian larriki gaixo diren preso batzuekin «pauso garrantzitsuak» eman direla, baina gaineratu du espetxean bizitza galdu dutenen zerrendak gora egin duela azken urteetan. Espetxe politikaren arduradunei «erantzukizunez» jokatzera dei egin die, eta, halaber, salbuespenezko espetxe politika behin betiko amaitzeko eskatu du.