Gaindegiaren aurkako ikerketa. Imanol Esnaola. Gaindegiko koordinatzailea

«Larriena da jarduera sozial legitimoak kriminalizatzen direla»

Gaindegiaren diru laguntzen aurkako ekinbide judizialak ez zuen Esnaola ezustean harrapatu, baina bai Poliziaren txostenak: «Hor ikusten duzu noraino heltzen den zentsura politikoa».

jon olano
Andoain
2018ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Imanol Esnaola (Lezo, Gipuzkoa, 1971) tentuz baina irmo mintzo da Gaindegiari emandako diru- laguntzen legezkotasunaren eta Espainiako Gobernuko ordezkariak froga gisa aurkeztu zituen txosten polizialen inguruan. Aldeko epaia badute ere, beharrezkotzat jo du erakundeen babesa, halakorik gerta ez dadin.

Orain eman duzue prozedura judizialaren berri.

Auzia udazkenean amaitu zen. Epaiaren ondoren helegiteak etorri ziren, eta gero, abenduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko ebazpena. Auzia orain amaitu da, eta orain esan dezakegu zertan den jazarpen ekonomikoa. Jazarpen ekonomikoaren erdian zegoen txosten polizialaren gaia.

Beraz, ziurtatu da Gipuzkoako Aldundiak emandako diru laguntzak legezkoak izan zirela.

Hori da: batetik, aldundiak bazuela eskumena hori egiteko, eta egoki egin zuela; bestetik, baliatu dituzten argudioak jazarpen ideologikoari lotuak direla. Hori agerian geratzen da guk geuk jarritako salaketaren epaian.

Epailea gogorra da txosten polizialarekin, esanaz «segurtasun publikorako arrisku erreala» dagoenean baino ezin direla gisa horretako txostenak egin.

Gogorra da, baina Estatuko abokatuak berdin-berdin egin zuen salaketa; hemen badaude batzuk halako joera ideologiko bat dutenak, eta, beraz, auzitan jarri behar zen beste batzuekin egiten zuten lana. Bidezkoa ez den salaketa bat frogatu ahal izateko, bidezkoak ez diren datuak baliatu behar zituzten.

Zein izan zen erreakzioa Poliziaren txostena nondik nora zihoan ikusi zenutenean?

Lehena, elkarteko zuzendaritza organoak informatzea, eta, aurreraxeago, batzar nagusia. Ondoren, auzian aurkeztu ginen gure abokatuekin, gure eskubideak berma zitezen. Sorpresaz jaso genuen, baina, beste alde batetik, ikusten genuenez estatuko ordezkariaren salaketa ildoa, zoritxarrez ez gintuen ustekabean harrapatu. Beste gauza bat dira ikusten duzunean baliatzen diren ustezko frogak, salaketa administratibo bat izanda ez dagozkionak: sindikatu bateko kide izatea, hauteskunde plataforma bateko hautagai edo babesle izatea... Hor ikusten duzu noraino iristen den zentsura politikoa burujabetzaren bueltan dabiltzan sektoreetan.

Afiliazio politikoa, sindikala... sakon zelatatu zaituztete.

Sakon baino gehiago, esango nuke ageri den informazio guztia publikoa dela. Ez dago datu ezezagunik; datu okerrak, bai. Txosten horrek bilatzen du, antza, epailearen aurrean bermatzea Gaindegiak ezker abertzalearen kidego bat duela eta, hala izanda, bere aktibitateari emandako diru laguntzak ez direla zilegi.

Txosten polizialak 2015eko abuztukoak eta irailekoak dira. Berariaz egin ziren Gaindegiaren diru laguntzei lotuta, edo aurretik zuten informazioa?

Txostenak auzi honetarako egin ziren.

Eta zergatik Gaindegia?

Aipatzen diren ekintzak bezala, beste hainbat egin dira, baina nik ez ditut ezagutzen beste auzietako dokumentuak, eta ez dakithalakorik baliatu den. Egia da gure auzian garbi ikusi genuela gure eskubideen bortxaketa bat, eta salatu genuela, oso larria baita estatu administrazioko eremu batek datu pertsonalak argitaratzea eta horren bitartez delitu bat egitea. Hori esanda, pentsatzen dugu beste auzi batzuetan berdin jokatuko zutela, eta berdin baliatuko zutela informazio hori.

Datu pertsonalak zabaltzea delitu izan daitekeenez, baduzue asmorik neurri gehiago hartzeko, edo itxitzat jo nahi duzue gaia?

Txostenak frogatzat ez onartuta, epaileak arrazoia eman zigun. Gaur-gaurkoz ez dugu beste ekintzarik abiatzeko asmorik.

Jazarriak sentitu zarete?

Bai. Euskal Herria aintzat hartuz dinamikak abiatzen dituzunean, bi gauza sentitzen dituzu: alde batetik, zenbaterainokoa izan daitekeen gizarte eragileen autozentsura, zurekin bat egiteko orduan; bestetik, autozentsura horrek benetako jazarpen bati erantzuten dio. Oraingo honetan ez gintuen harritu, zoritxarrez, Egunkaria-ren sententziatik gentozelako, Udalbiltzarenetik... Pentsatzen genuen halakoak egon zitezkeela. Garaiak harritu gintuen. Katalunian gertatzen ari den guztia ikusita, beharbada orain errazago ulertzen da egon zitekeela jazarpen politiko bat burujabetzarekin bat egiten duten sentsibilitateen kontra, baina orain garbiago ulertzen da hori betikoa dela.

Esan duzu Gaindegiaren proiektua zapuzteko ahalegina zegoela atzean.

Dudarik gabe. Hori egunerokoan sartzen da. Udalbiltzari antzeko zerbait gertatu zaio urteotan: zapuztu ez bada ere, indarra kendu eta kriminalizatu. Larriena hori da: legitimoak diren aktibitate sozialak kriminalizatzea, babes soziala uxatzeko. Gizarte libre baten oinarrizko ezaugarria darabil estatuak hankapean.

Babes instituzionalaren beharrik ikusten duzu euskal erakundeen aldetik?

Gaur egungo egoerak, bereziki azken hamarkadetakoak, egungoa baino babes handiagoa eskatzen du. Euskal Herri mailako jarduerak lantzen dituzten kolektiboek ez liokete jazarpenari bakarrik aurre egin behar, egun bezala. Hamabost urte dira Egunkaria itxi zela, eta euskal hedabideek oraindik ez dute estatus berezirik euskal ordenamendu juridikoan. Ezta beste jarduera askok ere; beraz, etengabe gaude gezurrezko salaketa eta kriminalizazio ahaleginen pean. Nahiz eta Euskal Herria kontzeptua erabilera eta aitortza zabalekoa izan testu juridiko nagusietan, horrek ez du garapen juridiko-administratiborik. Hutsune hori nabarmendu behar da: aktibitate zibilak eta sozialak kriminalizatu egin ditzaketela, eta, beraz, indargabetu, indarrean dagoen boterearen apetaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.