Bada denbora bat katalanaren normalizazioa lantzen duten eragileek larrialdi linguistikoan direla aldarrikatu zutela. Egunerokoan katalana erdaren gainetik erabiltzen duten hiztunak %32ra, heren eskasera, apaldu izana jarri zuten alerta jotzeko mugarritzat. Aurten egin dute aldarrikapen bera Galizian, besteak beste, aurreneko aldiz Galiziako hizkuntzarik mintzatuena gaztelera dela adierazi dutelako ikerketek. Gainera, transmisioan duten galera aintzat harturik «muturreko larrialdi» izendatu dute euren egoera hizkuntzaren defentsan ari diren eragile galiziarrek. Batean zein bestean, ohartarazpena argi da: egungo egoerara eta egungo mundura egokitutako hizkuntza politika sendoak laster batean abian jarri ezean galtzeko arriskuan dira katalana eta galiziera, bai, behintzat, hizkuntza bizi batek ezinbesteko duen dimentsio sozial osoan.
Euskal Herrira eta euskarara etorrita %17,5ekoa da euskara erdaren pare edo gehiago erabiltzen duten hiztunen kopurua, azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera; hau da, katalanaren zein galizieraren aldeko eragileak larrialdi linguistikoa aldarrikatzera eraman dituen erabilera datuen oso azpitik gaude. Egia da euskarak eta euskaldunon komunitateak ezagutzari dagokionez katalanaren eta galizieraren aldean desabantailaz ekin geniola azken hamarkadetako suspertze bulkadari, eta arlo horretan egin den aurrerapena handia dela. Arestian, aipatutako inkesta horrek berak erakusten du hiztun kopuruaren hazkundea gorantz doala, partizio politikoaren ondorioz Euskal Herria banatzen duten eremu administratibo bakoitzari banaka erreparatuz gero, aldeak handi eta esanguratsuak diren arren.
Baina aurrerapenak oso kontuan izanik ere, asko dira atezuan egoteko seinaleak. Laburbilduz: eremu batzuetan, Iparraldean kasurako, hiztunen kopuru erlatiboa apalduz doa oraindik. Era berean, Euskal Herri osoko joera da euskaldunek gero eta gaitasun txikiagoa dutela euskaraz hitz egiteko; hau da, euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren euskaldunak gero eta gutxiago dira. Leku euskaldunenetan, berriz, atzeraka egiten ari da euskararen erabilera. Funtsean, hizkuntza baten osasunaren adierazgarri behinena den erabilera sozialean herren handia dugu, beste gabezia batzuen ondorio zuzen.
Izan ere, ezagutzan irabazitakoa erabileran ispilatu ezina herritarrei zamatu zaie nagusiki orain arte: motibazio, borondate, kontzientzia... eskasari. Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren doktore tesi mardulak, ordea, ekuazioa beste era batera ikustera eraman gaitu: txikia da euskaraz erdaretan baino errazago egiten duten euskaldunen kopurua, hiztun guztien %8 baino ez. Horri eransten bazaio solaskideak ez dakienez euskaldunari egoera askotan ezinezkoa zaiola euskaraz egitea, %17,5eko erabilera trinkoa oso handia da. Hots, esan daiteke euskaldunek beren aukera eta gaitasunen gainetik egiten dutela euskaraz, biziberritzearen aldeko borondate eta senez.
Horri guztiari eransten bazaio euskara eta euskal hiztun komunitatea minorizatzeko mekanismoek indarrean eta bizi segitzen dutela —oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa goraldi betean da—, eta globalizazioaren egungo aldaera muturrekoak —bizitzaren digitalizazioa eta merkantilizazioa barne— mundu osoko hizkuntza gutxitu eta txikien kontra jokatzen duela erabat, ez da zaila ondorioa: katalana eta galiziera bezala, euskara ere larrialdi linguistikoan da.
Larrialdian, bai. Gogorra egiten da entzutea; are, asaldagarria. Baina galdetu gaixoari zer duen nahiago: momentuko izua eragoztearren diagnostiko mozorrotua jasotzea, ala sendatzeko tratamendura eramango duen azalpen gordina. Larrialdia ez baita inondik heriotzaren iragarpena, baizik onbideratzeko lehen urratsa.
Eta tratamendu zehatz eta xehea oraindik ebatzi gabe dugun arren, oinarri nagusiak badakigu zeintzuk diren: lehenik eta behin larritasuna bera aintzat hartzea, hau da, herritarrek, baina, batik bat, instituzioek eta eragile soziopolitikoek agenda politikoaren ardatzean kokatzea euskararen normalizazioaren auzia. Ondoren, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako eremu erosoen zabalkundea arrazoizko epe batean helburu gauzagarri egingo dituzten politika publiko sendo eta integralak abian jartzea, lekuan lekuko berezitasun eta lurreratzeko moduak ondo pentsatuta, jakina. Finean, larrialdian gaudela adierazten diguten gabezia guztien oinarrian ezagutzaren unibertsalizaziorik eza eta erabilerarako eremu erosoen falta baitaude, bata bestea elikatzen, hautsi ezinezko sorgin gurpil gaiztoan. Era berean, iraganeko ongi edo gaizki eginei buruzko eztabaida antzuetan katramilatzea saihestu beharko da onbideratzean aurrera egiteko: iraganetik ikasi, eta oraina baliatu begirada eta tresna egokiz etorkizuna zizelkatzeari ekiteko. Azken batean, akordio soziopolitiko berri bat aipatutako oinarrien gainean larrialdi linguistikoari aurre egiteko.
Eta ez dezagun ahaztu badela gizartean euskararen normalizazioaren aldeko adostasun sozial zabal bat, behin eta berriro adierazten dena. Horixe dugu indargune handiena. Sakoneko erroetan berdintasunarekin, gizarte kohesioarekin eta justizia sozialarekin lotzen den konpromiso zibikoak aterako baikaitu larrialdi linguistikotik edo klima larrialditik, munduaren egungo martxak sortutako gainerako larrialdietatik bezala. Finean, euskara dugu munduaren alde.