Maddalen Iriarte. EH Bilduko Gipuzkoako ahaldungai nagusia

«Larria da PP ekuazioan sartzea; ez dio mesede egiten herri honi»

EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak asteartean akreditatuko dira. Iriartek dio berari dagokiola gobernua osatzea, baina PPk Mendoza babesten badu, Iriartek uste du EAJk azalpenak eman beharko dituela.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon olano
Donostia
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Inkestek ez zuten sorpasso-a aurreikusi, baina EH Bildu lehen indarra izan zen Gipuzkoan maiatzaren 28ko hauteskundeetan. 120.578 boto, 22 eserleku. «Asko dira», dio Maddalen Iriarte Okiñena EH Bilduko ahaldungai nagusiak (Donostia, 1963).

Irabaztea espero zenuen?

Oso emaitza onak dira, eta oso pozik gaude. Hau inflexio puntu bat da; azken urteetan, EH Bilduk gorantz egin du, eta EH Bilduk herritarrei mahai gainean jartzen dien hori gero eta txertatuago dago herritarrek nahi duten horretan. EH Bildu indarrez doa aurrera.

EH Bilduren 2011ko sabaia hautsi duzu. EH Bilduren meritua izan da, ala EAJrena?

44 udal gobernatu ditugu lau urteotan; politika abangoardistak jarri ditugu martxan, zaintzaren, etxebizitzaren eta energiaren inguruan; hori herritarrek onetsi egin dute. Udalen eta Batzar Nagusien artean orain arte izan dugun ezberdintasuna gainditu dugu. 88 herritatik 70etan lehen indarra izan gara Batzar Nagusietarako. Hori ere seinale ona da. Herritarrek ikusi dute EH Bilduk zer jartzen duen mahai gainean, eta konfiantza ematen diela.

Zer ikasi du EH Bilduk 2015eko porrotetik? EH Bilduren itzulera mamu gisa haizatu dute EAJk eta PSE-EEk...

Batzuek atzera begira egon nahi dute. Guk uste dugu soluzioak jarri behar ditugula gaur egun Gipuzkoak eta Euskal Herriak dituzten erronken aurrean. Soluzio horiek eskatzen dute ez soilik alderdien arteko elkarlana, baizik eta elkarlanean aritzea eragile sozial eta kulturalekin eta herri honen inteligentziarekin. Hirugarren elementu bat oso garrantzitsua da: herritarrak prozesu honen protagonista izatea. Horrek instituzionalizazio berri bat eskatzen du; etorkizunera begiratzea. Atzera begira geratuta, ez dugu egingo datozen urteetarako behar ditugun antizipazio politikek eskatzen dutena.

Antizipazioa, zertan?

Denok genekien klima krisi batean geundela eta erantzunak eman behar zitzaizkiola, eta estrategia argirik gabe iritsi gara momentu honetara. Horrek eskatzen du aurrerantzean egin beharreko aldaketa guztiak martxan egitea, egoera arduratzeko modukoa delako. Erronka demografikoari dagokionez, adibidez, ez gara aurreratu. Zaintzan eman beharreko eraldaketa ez da gertatu. Orain, azkarrago egin beharko dugu. Badira gauzak aurreikus zitezkeenak aspaldi, eta orain arteko gobernuek ez diete tamainan erantzun.

Badirudi, ordea, diputazioan gutxienez EAJ eta PSE-EE egongo direla.

EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak. Herritarrek EH Bilduri emandako konfiantza muturreraino eramango du. Lurraldeak dituen erronkei begiratuko die, gipuzkoar guztien beharrei. EH Bilduk horretarako lan egingo du, hau ez baita aulki joko bat.

Lan egingo du... oposiziotik?

Ez dago dena idatzita; ikusiko dugu. Niri interesatzen zait aipatzea ekuazioan PP sartu dela. Hori, herri honen ikuspegitik, larria da.

Zergatik?

PPk ikuspegi sozialetik murrizketak ekartzen dituelako, herri honen existentzia ukatzen duelako, euskararen aurka dagoelako... PP ekuazioan sartzeak ez dio mesederik egiten herri honi. Bakoitzak eman beharko ditu horren inguruko esplikazioak.

PSEk ateak itxi dizkio ezkerreko hiruko bati; EAJk EH Bildu kenduko du ahal duen udaletan; eta Elkarrekin Podemos beherantz doa. Baduzue kezka, emaitzez harago, ezin gobernatzeaz?

Aliantza eredu horietan, larria da PP ekuazioan sartzea, EAJk sartu duen bezala. Guk, une oro, edukiak jarri ditugu mahai gainean, eta Elkarrekin Podemosekin edukiak lantzen ari gara. Eskaintza bera egin nien EAJri, PSE-EEri eta EPri. Eduki horiek lantzen ari gara. Horrek bere fruituak emango ditu, eta politika era batera egiteko aukera emango du. Bestalde, hamabost egun barru, alderdi batzuk ikusiko ditugu PPren kontra egiten, «PP-Vox» esaten. Ez ditzagun herritarrak tontotzat hartu. Politikan, hitzekoa izatea oso garrantzitsua da: ezin da gaur gauza bat esan eta hamabost egun barru beste bat. Gero asko kezkatzen gaitu desafekzioak.

«Gobernabiderako akordio bat» proposatu duzue. Kontzentrazio gobernu bat?

PPri ez beste alderdiei proposatu diegu edukietan gutxieneko oinarri batzuk jostea, ditugun erronka kolosalei erantzuteko. Kalean milaka auto ikusten ditugu, baina jendeari ezin zaio eskatu ahal duena egiteko; politika publikoekin sustatu behar da. Nola egingo du Gipuzkoako industriak nahitaez egin behar duen transformazioa, politika publikoetatik laguntzen ez bazaie? Nola egingo dugu zaintzen eraldaketa? Badugu eredu bat, prozesu parte hartzaile batekin hasi zena, ondoren sektorearekin landutakoa, eta sigla ezberdinen pean zeuden instituzioekin martxan jarritakoa.

Beraz?

Horrek ez du esan nahi kontzentrazio gobernu bat; esan nahi du: adostu ditzagun oinarri batzuk dauzkagun erronken aurrean.

Adibideak jartzerik?

Zer zerga politika jarriko dugu martxan? Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuan egin zen azken erreforma PPrekin egin zen. Guk dioguna da: zabal dezagun eztabaida bat, ez petatxoz osatutako zerga politika bat. Eztabaida hori Europan egiten ari dira; egin dezagun guk ere. Orain, zuk PP-Vox sartzen baduzu ekuazioan, emaitza ez da izango fiskalitate justu eta progresibo bat, baizik Carlos Iturgaizek zioena: «Patriotismoagatik». Espainiar patriotismoagatik eta eliteengatik. Bakoitzak erantzun beharko du hartzen dituen erabakiek zer ondorio dauzkaten.

Izan duzue kontakturik egunotan EAJrekin eta PSE-EErekin?

EAJ eta PSE-EE bezala, ez. Beste saihesbide batzuk aurkitu nahi izan dira, baina saihesbideak dira. Nik eskua luzatuta daukat adostasun horiek lantzen hasteko. Aulki banaketarako, ez. Ze, aulki banaketarako, gipuzkoarrek argi esan dute zein hautatu duten Gipuzkoa gidatzeko.

Zabaldu da Batzar Nagusietako Mahaiko lehendakaritza eskaini dizuetela.

Batzar Nagusietako lehendakaritza ezin dute eskaini; EH Bilduri dagokio. Beste gauza bat da beste batzuek beren akordioak egin nahi izatea akordio horretan PP sartzeko, eta gero aurpegia garbitu nahi izatea. Batzar Nagusietako presidentetza, botoen arabera, EH Bilduri dagokio.

Zer iruditzen zaizu Edu Barinagak Bastidako zerrendari uko egin izana, PPri bide emateko aginduarekin ados ez egoteagatik?

Zintzotasun ariketa bat da. Nik uste dut EAJko jende abertzale batek ezin duela ulertu PPrekin akordioa egitea. Euskararen eta herri honen kontrako alderdi bat da. EAJren oinarri edo boto emaile abertzaleek ezin dute hori normaltzat hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.